Bainatzeko guneak irekitzen hasi dira apurka Euskal Herrian

Bizkaian eta Donostian hasia da bainu sasoia. Lapurdiko hondartza batzuk apiriletik eta maiatzetik daude sorosle zerbitzuarekin

Asteon hasi dute bainu sasoia Bizkaiko eta Donostiako hondartzetan. Irudian, Ereagako hondartza, herenegun. M. V. / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Ez dago bainu sasoi bateraturik Euskal Herrian. Bizkaiko eta Donostiako hondartzetan asteon hasi dute denboraldia, sorosle eta dutxa zerbitzuekin. Gipuzkoako gainerako hondartzetan ekainaren 15etik eskainiko dituzte, eta irailaren 30era arte egongo dira. Aurten ez dute jende kopurua mugatuko, eta maskara janztea ere ez da nahitaezkoa izango.

Lapurdin, herri bakoitzak hondartza egutegi bat dauka. Donibane Lohizuneko Hondartza Handian (Lapurdi) apirilaren 30ean hasi zuten sasoia. Maiatzean asteburuz bakarrik izan zuten zerbitzua, eta bihartik aurrera egunero edukiko dute, irailaren 18ra arte. Herriko Erromardia, Lafitenia, Maiarkobaita eta Senix hondartzetan uztailaren 2tik abuztuaren 31ra arte izango da bainu garaia.

Antzekoa da Miarritzeko egutegia eta testuingurua. Hondartza Handia maiatzaren lehenetik dago zabalik, baina Portu Zaharrak, Miramarrek, Euskaldunen Kostak, Marbellak eta Miladyk asteon ekin diote denboraldiari.

Beste horrenbeste Angelun. Urrezko hondartza apirilaren 16an hasi zen zerbitzuarekin. Mariñela, Madraga eta Zaldunen hondartzak, berriz, datorren zapatuan hasiko dira. Les Corsaires eta Itsasokoa ekainaren 25ean hasiko dira, eta Barrakoa, uztailean.

Kerik gabeko hondartzak

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak martitzenean iragarri zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamasei hondartza «tabakoa ez erretzeko gune» bihurtuko dituztela. Ez da debekua, gomendioa baizik. Iaz zazpi hondartzatan probatu zuten, eta saioaren «esperientzia positiboak» bultzatuta zabaldu dute orain gune gehiagotara. Bizkaian daude gehienak. Ibarrangeluko Laga eta Laida, Lekeitioko Isuntza eta Sopelako Arrietara-Atxabiribil dira, besteak beste. Horiez gain, Arabako Garaio eta Landa sartu dituzte zerrendan, eta baita Gipuzkoako Malkorbe, Gaztetape, Itzurun, Santiago eta Hondarribiko hondartzak ere.

Beste alde batetik, Osasun Sailak jakinarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 38 bainu gunetako ura bikaina dela, eta bostetakoa, berriz, ona. Sailaren menpe dagoen bainu gune baten datuak oraindik argitaratzeke daude, baina ez dute zehaztu zeinenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.