Kamioi baten atoian 39 gorpu aurkitu dituzte Londrestik gertu

Edukiontzia Belgikan itsasoratu zuten, baina ez dute argitu hildakoen jatorria. Beste kamioi batean bederatzi pertsona bizirik aurkitu dituzte ordu batzuk geroago, lehenengotik 60 kilometrora

Essexko Polizia kamioia agertu zen industrialdean, atzo. VICKIE FLORES / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun

Brexit-arekin buru-belarri dabiltzan arren, Essexko Grays herrian azaldutako kamioi batek ireki zituen Erresuma Batuko albistegi guztiak atzo. 00:40an egin zuten kamioiaz ohartarazi zuen deia, eta lehenik iritsi zen anbulantziako langileek azaldu zioten Poliziari bertan aurkitu zutena: 39 pertsonaren gorpuak zeuden kamioiaren edukiontzian, 38 heldu eta nerabe bat. Gidaria 25 urteko irlandar bat zen, eta goizalderako atxilotu zuten hilketa delitua leporatuta. Oraindik ez dute argitu hildakoen jatorria, baina ezbeharrak pertsonen trafikoarekin lotura izan dezake. Beste kamioi bat aurkitu zuten ordu batzuk geroago Kenten, Graystik 60 kilometrora; barruan bederatzi pertsona zituen, bizirik.

Atzo, hainbat hipotesi zabaldu ziren kamioiaren jatorriari eta ibilbideari buruz. Nagusia, kamioia Galestik sartu zela Ingalaterrara, Irlandatik doazenek erabiltzen duten ohiko bidetik. Erresuma Batuko Poliziak zabaldutako azken informazioen arabera, ordea, edukiontzia Belgikako Zeebrugge hiriko portutik iritsi zen Purfleeteko portura, 23:30 aldera, eta kamioiak Ipar Irlandan du «jatorria». Purfleet Londrestik 25 kilometro ekialdera dago, eta kamioia aurkitu zuten lekutik bi kilometro eskasera. Edukiontzia 00:05ean irten zen portutik, atxilotuaren kamioiari lotuta. 35 minutu geroago jaso zuen Essexeko Poliziak anbulantziaren abisua.

Kamioia Bulgariatik zetorrela zabaldu zen hasiera batean, matrikula hangoa zuela eta. Dena den, Bojko Borisov Bulgariako lehen ministroak atzo arratsaldean azaldu zuen kamioia Bulgariakoa dela, baina ez dela herrialdean sartu 2017ko ekainaren 20tik. Aurreko egunean erregistratu zuen, Varnan (Bulgaria), Irlandako herritar batek, baina hurrengo egunetik ez da itzuli bertara. «Bulgariak ez du matrikula ez den inolako harremanik kamioiarekin, baina Erresuma Batuko segurtasun zerbitzuekin elkarlana mantenduko dugu», amaitu zuen Borisovek.

Ordu batzuk geroago, atzoko 15:40an, Kenteko Poliziak abisu bat jaso zuen, beste kamioi baten atzealdean migratzaileak egon zitezkeela esanez. M-20 errepidean atzeman zuten kamioia, eta, Poliziako bozeramailearen arabera, «bederatzi pertsonak artatu eta egoera kontrolatu» zuen anbulantzia zerbitzuak, Barne Ministerioko immigrazio arduradunei pasatu aurretik.

Migrazio politika

Hainbat politikari eta eragileren erreakzioak eragin zituen gertakariak. «Gizakien salerosketan dabiltzan gaizkile horiei guztiei jazarri, eta justiziaren aurrera eraman behar ditugu», adierazi zuen Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Twitter bidez, eta hildakoen familiei doluminak bidali zizkien. Iheslarien aferan lanean dabiltzan gizarte eragileek, berriz, Johnsonen immigrazio politikak gaitzetsi zituzten. Refugee Action erakundeko Stephen Halek, adibidez, Erresuma Batuko Gobernuak «bide seguru eta legalak» sortzeko beharraz jardun zuen: «Itxaropenik gabeko pertsona horiek behartuta daude euren biziak kontrabandisten eskuetan uztera». Are eta gogorrago mintzatu zitzaion gobernuari Satbir Singh Immigranteen Ongizaterako Batzordeko kidea: «Inork ez luke zalantzan jarri beharko gobernua hildako hauen erantzule zuzena dela, berak itxi baitizkie Erresuma Batura etortzeko bideak».

Bestalde, Belgikako Auzitegi Federalak ikerketa bat hasi zuen kasuaren inguruan. Auzitegiak azaldu zuenez, erabaki hori hartu zuten edukiontzia Belgikatik igaro zela baieztatu zutelako.

Aurrekariak

Pertsonen trafikoarekin lotutako azken kasuak izan dira horiek. Erresuma Batuan bertan, Doverko portuan, 58 txinatar hilda aurkitu zituzten 2000. urteko ekainaren 20an. Kasu hartan ere Zeebruggeko portutik abiatu zen kamioia, eta Doverko kontrolean atzeman zuten. Guztira 60 kide zituen Txinatik ihesean zebilen taldeak, eta, bizirik iraun zuten biek kontatu zutenez, hemezortzi ordu baino gehiago eman zituzten edukiontzian harrapatuta. Itota hil ziren. Kamioiaren gidaria, Perry Wacker herbeheretarra, hamalau urteko espetxe zigorrera kondenatu zuten, 58 hilketen erantzule izateagatik eta etorkinen kontrabandoan jarduteagatik.

Azken kasu entzutetsua, berriz, Austrian aurkitu zuten kamioi batena izan zen, 2015eko abuztuaren 28an. A-4 errepidearen bazterbidean zegoen ibilgailuaren edukiontzian 71 hilotz zeuden: 59 gizon, zortzi emakume eta lau haur. Guztiak iheslariak, Irak, Afganistan eta Siriakoak. Aurkitu zituztenean, bi egun zeramatzaten hilda. Heriotzak Hungariako mugen barruan gertatu zirela ondorioztatu zuen Poliziak eta, beraz, Szegedeko (Hungaria) auzitegiak epaitu zituen kasuarekin lotutako hamalau pertsonak. Trafikatzaile sareko lau buruei bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zien, eta beste hamar lagunei, lau urtekoa gutxienez. Horietatik hamabi Bulgariakoak ziren, eta beste biak, Afganistangoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.