Salatutako eraso matxistak iaz baino %15 gehiago dira

Emakundek 4.591 eraso zenbatu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, irailera arte. Hiru gizon atxilotu dituzte Gipuzkoan, bi erasorengatik

Sexu eraso baten aurkako elkarretaratze bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz - Iosu Alberdi
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Emakundek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bildutako datuen arabera, 4.591 eraso matxista salatu dituzte 2022ko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz baino %14,7 gehiago. 2021eko epe berean, 4.003 eraso erregistratu zituen erakundeak.

Eraso motaren arabera, sexu askatasunaren aurkako erasoek izan dute hazkunderik handiena: 312 zenbatu zituzten iaz, eta 397 aurten; %27,2 gehiago, alegia. Bikotekideak edo bikotekide ohiak eginiko erasoak ere nabarmen ugaritu dira: 2.838tik 3.327, iaz baino %17,2 gehiago. Bi indarkeria mota horiek baino apalago hazi da familia barruko indarkeria —bikotekideak edo bikotekide ohiak eginiko erasoak aintzat hartu gabe—: 867 eraso zenbatu dituzte aurten, iazko kopuruaren pare [853 izan ziren orduan].

Lurraldeka, Gipuzkoan ugaritu dira gehien emakumeen aurkako erasoak: 1.518 salaketa aurkeztu dira han aurtengo urtarriletik urrira bitartean; iaz, 1.255 izan ziren, %21 gutxiago. Araban, berriz, %16 igo dira salaketak urtebetean, 601etik 698ra. Bizkaian, azkenik, %10,6 ugaritu dira salatutako erasoak: aurten, 2.375 izan dira, eta iazko lehen bederatzi hilabeteetan, berriz, 2.147.

Bestalde, azken orduetan hiru lagun atxilotu dituzte Gipuzkoan, eraso matxistak egiteagatik. Adineko gizonezko bat atxilotu zuten herenegun Irunen (Gipuzkoa), bikotekideari haren etxean eraso egiteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez. Ertzaintzak gizona atxilotu zuen.

Donostiako Parte Zaharrean, berriz, Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen atzo goizaldean. Ertzaintzaren arabera, «indarra erabiliz sexu ukituak» egin zizkioten emakume bati. Bi gizonak komisarian izan ostean, Ertzaintzak jakinarazi zuen Donostiako epaitegiaren esku utziko zituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.