Irlandak eta Europak ezezkoa erantzun diote Erresuma Batuari

Dublinek eta Bruselak Londresi ohartarazi diote ez dagoela 'backstop'-aren alternatibarik. Barnierrek uste du itunik gabeko 'brexit'-erako aukerak handitu direla. May Corbynekin batzartu da

Coveney Irlandako presidenteordea, eta Barnier EBren negoziatzaile burua, artxiboko irudi batean. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
ander perez zala
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Irlandako mugarako protokoloaren auzian, eta oro har brexit-aren prozesuan, Europako Batasuna (EB) Irlandako Errepublikaren aldean dago, estatu kide izaten jarraituko duenaren aldean. Babes horretaz jakitun, ahoan bilorik gabe mintzatu zen atzo Simon Coveney errepublikako lehen ministrordea, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak jasotako aginduaz: «Ez gaituzte mehatxatuko».

Komunen Ganberak herenegun gauean bozkatu zuen Graham Brady diputatu kontserbadorearen zuzenketaren alde (317-310), eta, beraz, lehen ministroari eskatu zioten backstop-a —Irlandan muga gogorra eragozteko hitzarmena— «beste adostasun batekin» ordezkatzeko. Oraingoz, ez dago batere argi zein den proposamen hori, baina Coveneyk atzo gogorarazi zuen Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioetan «beste aukerak» kontuan hartu zituztela, eta ondorioztatu zutela ez zutela funtzionatuko.Orain, Mayk Bruselara itzuli nahi du EBrekin adostua zuen eta berez itxia behar duen protokoloa aldatzeko. «Akordio bat daukagu, eta horren parte izan zen Erresuma Batuko Gobernua. Badirudi [Mayk] dioela 'eman nahi dudana edo leihotik botako dut neure burua'. Irlandako herritarrei zor diegu, iparraldekoei eta hegoaldekoei. Ezin dugu negoziatu mehatxua bada oinarria», argudiatu zuen Coveneyk.

Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroak ideia hori helarazi zion atzo Erresuma Batuko lehen ministroari, eta ohartarazi zion muga eragozteko konpromisoa hartua duela; zeregin horretan, EBren babesa izateaz gain, errepublikako oposizioko alderdien babesa ere badu.

Etxera begira, May oso larri dago. Hiru promesa egin ditu prozesuan, hirurak bateragarriak ez direnak: hasteko, Erresuma Batua aduana batasunetik eta merkatu bakarretik aterako dela; gero, Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean ez dela mugarik egongo; eta, azkenik, Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean ez dela mugarik egongo. Baina hiru horiek errespetatzea ezinezkoa izango du, eta soilik bi promesa betetzeko aukera du. Baita Komunen Ganberak ere.

Honako hauek dira balizko testuinguruak: Erresuma Batua aduana batasunetik eta merkatu bakarretik ateratzea, eta, horrekin batera, Irlandan muga gogorra eragoztea; horrek eragingo luke muga gogorra Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean egotea. Eta, beraz, haren gobernua sostengatzen duen DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren haserrea eragingo luke, unionistek uste dutelako backstop-a kentzea «errealista» dela; testuinguru horrek, epe luzera begira, Irlandako irlaren batasuna susta lezake.

Bigarren aukera litzateke Erresuma Batuak aduana batasuna eta merkatu bakarra uztea, eta muga gogorrik ez izatea Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean; horrek eragingo luke Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean muga gogorra itzultzea, hain justu, bi aldeek eragotzi nahi duten testuingurua —horretarako da backstop-a—.

Hirugarren aukera litzateke Irlandan muga gogorra eragoztea eta Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean mugarik ez izatea; brexit leuna litzateke hori, Erresuma Batuak aduana batasunean eta merkatu bakarrean jarraituko lukeelako. Kasu horretan, lehen ministroak alderdikide euroeszeptikoen haserrea eragingo luke, eta litekeena da horiek May tory-en buruzagitzatik botatzea. Beraz, gakoa izango da lehen ministroak eta diputatuek zer lehenetsiko duten.

Horixe bera ohartarazi zion atzo Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak Erresuma Batuko lehen ministroari: «Irteerarako Akordioa ez dugu berriz negoziatuko. Ez dakigu Erresuma Batuak zer nahi duen», jakinarazi zuen Twitter sare sozialean.

Michel Barnier EBren negoziatzaile burua, berriz, akordiorik gabeko brexit-az aritu zen europarlamentuan, eta ohartarazi zuen testuinguru horretarako aukerak handitu direla, nahiz eta Komunen Ganbera herenegun horren aurka agertu zen.

Laboristekin hizketan

Bien bitartean, Erresuma Batuan brexit-az eztabaidatzeko lehenengoz batzartu ziren May eta Jeremy Corbyn laboristen buruzagia. Bileraren ostean, bi aldeek positibotzat jo zuten bilera, baina edukiaz ikuspuntu eta interpretazio ezberdinak izan zituzten.

Corbynen bozeramaileak adierazi zuen «baliagarria» izan zela, eta lehen ministroa «engaiatuta» ikusi zutela. «Gure planaren aldeko argudioak eman genituen. Hartu-eman zehatzak izan ditugu aduana batasun baten eta merkatu bakarraren inguruan. Ikuspuntua aldatzeko prest sumatu dugu». Gobernuak, ordea, gerora adierazi zuen aduana batasunaz duen iritzia ez dela aldatuko. Gaineratu zuen May eta Corbyn berriz elkartuko direla datozen egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.