Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Funtzionarioei soldata %1 igotzea «adarjotzea da», ELAk dioenez

Publizitatea

Ekonomia

Funtzionarioei soldata %1 igotzea «adarjotzea da», ELAk dioenez

 

2017-09-14 / Iker Aranburu

Sindikatuen arabera, eskasa da Eusko Jaurlaritzak bere langileei ezarri dien %1eko soldata igoera, erosteko ahalmenaren galera ekarriko duelako. «Adarjotzea da», ELAren arabera. «Azken zazpi urteetan gertatu den bezala, herri administrazioan beste murrizketa bat ezartzea esan nahi du», ziurtatu du EAEko administrazio publikoko sindikatu nagusiak, agiri baten bitartez.

Asteartean jakinarazi zuen Josu Erkoreka bozeramaileak Jaurlaritzak %1 igoko ziela soldata administrazio publikoko langileei eta haren menpeko enpresetakoei. Atzerako eragina izango du erabakiak, hau da, urtarrilaren 1etik aurrerako soldata guztiak igoko dira, eta abuztura arte jaso ez dutena aurrerantzean ordainduko zaie langileei.

Bere erabakiaz «harro» agertu izana kritikatu dio ELAk Jaurlaritzari. «Espainiako Gobernuak estatuko aurrekontu orokorretan ezarritakoari men egin dio, besterik ez». Gainera, gogorarazi du Jaurlaritza izan dela azken administrazioa bere langileei soldatak igotzen.

ELAk nabarmendu du erosteko ahalmena galdu dutela Jaurlaritzaren menpeko langileek, iaz inflazioa %1,5ekoa izan zelako. Aurreko urteetako askotan soldatak izoztua izan dituztenez, krisia hasi zenetik %15eko galera izan dute soldata publikoek, sindikatu horrek kalkulatu duenez. 2012an kendutako aparteko soldata baten erdia pagatzeke duela, eta azken sei urteetan Itzarri pentsio osagarriari ez diola ekarpenik egin ere aurpegiratu dio Jaurlaritzari.

«Irrigarria»

Beste sindikatu batzuek ere begi txarrez hartu dute %1eko igoera. «Irrigarria», «lotsagarria» eta «pobrea» da, Esan sindikatuaren iritziz. Gutxienez %3 igo beharko lukeela dio ertzainen talde horrek.

UGTk, bestalde, azaldu du igoera ez dela nahikoa, eta ezin dela erreferentzia gisa baliatu sektore pribatuko hitzarmenetarako.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Aranburu Iker Aranburu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak