Frantziako Tourra. Ion Izagirre. Bahrain-Merida taldekoa.

«Hasieratik izan dut argi Nibali laguntzera etorri naizela»

Domekan denbora galduagatik, Izagirrek onik igaro du Tourreko lehen astea. Gaur hasiko da mendia, Alpeetan, eta zalaparta espero du txirrindulariak: «Faboritoak mugitu egingo dira»
ALENTIN FLAURAUDT / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 17
Gustura hartu du lehen atseden eguna Ion Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Herenegun, Roubaixera bidean, ez zuen zorterik izan, baina gorputzak ez du gehiegi nozitu. Masajea hartzen zuen bitartean erantzun ditu galderak. Alpeak ditu buruan.

Roubaixeko etapan 5.47 galdu zenuen, eta anaiak hamasei minutu. Zer pasatu zitzaizuen?

Gurpila zulatu zitzaigun bioi. Anaiari laugarren harbide tartean, eta nola edo hala pasatu zuen, baina ordurako aurrekoak joanak ziren. Nik seigarren tartean, erdira iritsi aurretik, helmugatik 35 kilometrora. Mavic motoak aldatu zidan gurpila, baina gaizki, ertzekin jo egiten zuen. Tartea bukatu, eta gurpila aldatu nuen berriz, baina arazoak nituen aldagailuarekin. Azkenean, bizikleta aldatu behar izan nuen. Zorte txarra izan genuen biok, ondo gindoazen, kontzentratuta, Nibaliren alboan... Eguna ondo amaitu genezakeela zirudien, baina halakoetan edozer pasa daiteke.

Halako egoeratan, zaila izango da ez ernegatzea?

Bai, liderra bazara; Bardet, esaterako, edo Landa. Taldea gelditu egiten da, eta hark sartzen zaitu. Baina gu ez gara liderrak, eta multzo bat harrapatu behar duzu, eta harekin jarraitu. Gero, harbide tartearen amaieran zulatzen bazaizu, jarraitu dezakezu, baina hasieran zulatzen bazaizu, gurpileko karbonoa txikitu egiten da.

Beldur handia zenioten lehen asteari, eta ia mundu guztiari gertatu zaio zerbait.

Bai, Tourrean batez ere, tentsio egunak izaten dira. Egunero dago arriskuren bat: errepide estuak, haizea, erorketak... Tourra hasi da, ikusi dugu, urrunago joan gabe Richie Porte etxean da, eta hainbat erori dira.

Tourrarekin zorte txikia duzu azkenaldian.

Nik? Iazkoarekin ezin da alderatu ere egin! Igandekoa zulatu bat izan zen, une txar bat, iazko istripua askoz gogorragoa izan zen. Igandekoa zorte txarra izan zen. Langilea bazara, zeuk atera behar dituzu babak eltzetik, eta gu ez gatoz sailkapen nagusian lehiatzera. Denbora galtzea ez da gozoa, baina ez da jomuga nagusia.

Oso garbi duzu zure rola Vincenzo Nibaliri laguntzea dela.

Bai, hasieratik oso garbi genuen zertara gentozen. Lider bat dagoenean, komeni da guztiek garbi edukitzea. Langile bat bere buruan pentsatzen baldin badator, indarrak gorde ditzake. Eta ez, gure lana liderra babestea da.

Nork bere burua ezin luzitu, orduan?

Ez, oraintxe bertan, ez dut horrelako askatasunik. Agian, etaparen batean, taldeari mesede egin diezaioke ihesaldian sartzeak, eta hortik zerbait lortzen saia gaitezke, baina ez da lehen helburua.

Gaur hasten da mendia, Alpeetan. Ibilbidea alda zedin desiratzen egongo zinen?

Bai, bagenuen gogoa tentsio etapa horiek kentzeko. Etxean ondo egin dugu lan, orain ondo egoteko; hau da gure lurraldea.

Nolakoa da aste hau? Nolakoak dira Alpeetako hiru etapak? La Rosiere, Alpe D'huez...

Oso gogorrak, gaurtik hasita. Lauzpabost mendate ditu, eta aldapa beherako amaiera. Jaitsierak mugimendua eragin dezake. Biharkoa Dauphinen egin zen etapa bera da, motza. Azkarra da, hiru ordu eskas. Eta ostegunean: Alpe d'Huez, desnibel aldetik Tourreko etaparik gogorrena da. Hor oilarrak mugituko dira.

Susmoa duzu Alpeetan zalaparta egongo dela?

Bai, egongo da. Faborito denak oso tarte txikian daude. Azken astera arte itxarotea ez da beti ona izaten.

Zer moduz Nibalirekin?

Ondo dago. Segurtasuna igortzen du. Dauphinen ez nuen bere onenean ikusi, eta zalantzak sortzen zituen. Baina ondo iritsi da, ezagutzen du bere burua, badaki hiru asteko itzuli bat nola prestatu. Iaz hirugarren izan zen Giroan, eta bigarren, Vueltan. Konfiantzaz dago, eta garaipen gosez.

Faboritoei buruz hitz egitean, badirudi Nibali bigarren koska batean dagoela.

Jendearen gauzak dira. Baina batzuetan, agian, hobeto horrela. Pisua beste batzuen gainean jarri, Sky eta Movistarri, eta hobe da atzetik isil-isilik joatea.

Eta liderrei aurpegira begiratuta, bateren bat nabarmenduko zenuke?

Aurpegia begiratzearekin aski balitz! Egia esan, ez; goizegi da.

Nibali eta Ion Izagirre aldapa behera elkarrekin ikusteak ikusgarria izan behar du...

Besteak ere ez dira hankamotzak. Agian, jaitsieraren bat oso teknikoa bada, bihurgune itxiekin, edo lurra bustita badago... Saiatu gaitezke, baina ikusi behar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna