Departamendua akuilatzeko, bide seinaleak kendu ditu Herribiltzak

Seinaletikan «lehenik eta nagusiki» euskara agertzeko galdea egin du taldeak. Donibane Garaziko panel batzuk kendu dituzte protestan

Herribiltzak atzo egindako ekintza Donibane Garazin. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Donibane Garazin bildu zen atzo Herribiltza kolektiboa. Departamenduak kudeatzen dituen bideetako frantsesezko bide seinaleak kenduko dituztela iragarri zuten, eta hala egin dute, eskari argi batekin. «Pirinio Atlantikoetako departamenduak Euskal Herriko bide departamentaletako seinaletikan lehentasuna eta nagusitasuna euskarari eman arte, auzolanean segitu dugu euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzen duten bide-seinale taulak kentzeko, euskarak ezin duelako itxaron», adierazi zuten.

Bere burua Euskal Herri osoko erakunde gisa, instituzio politiko burujabe gisa, eta, Frantziako eta Espainiako estatuetatik independente gisa aurkezten du Herribiltza kolektiboak. Eta ez da lehen aldia gisa horretako ekintza bat egiten duela. Izan ere, urrian, departamenduko Baionako egoitzaren aitzinean utzi zuten frantsesezko bide seinale bat, eta, horrekin batera, gutun bat helarazi zioten Jean-Jacques Lasserre departamenduko lehendakariari. Azken horrek «mehatxuz» erantzun zien, kolektiboaren arabera. Lasserrek zehaztu zien euskarazko seinaletikarentzat «tolerantzia» baldin bada ere ez dutela «araudiaren araberako baliorik». Hala, erran zien panelak kentzeagatik edo andeatzeagatik salaketa jar zezakeela.

Herribiltzaren ustez, ordea, euskararen egoera larriaren aitzinean, «ezinbestekoa da karrikako presentzia» indartzea. «Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukera ukan nahi dugu; hau da, gure eguneroko jarduera guziak euskaraz egiteko aukera ukan nahi dugu». Horiek horrela, euskararen erabileraren etorkizuna bermatzeko, «urrats berriak» egingo ditu Herribiltzak, adierazi zutenez.

Eskakizun zehatzak

Egoera aitzinarazteko asmoz, hiru eskakizun argi egin ditu taldeak. Batetik, herrien euskal izena ofizialtzeko galdea egin dezatela eskatu diete Ipar Euskal Herriko herriko etxeei. Horretarako, prozedura egiteko webgunea zabaldu diete. Bestetik, Ipar Euskal Herriko bideetan, eta herrien sarreretan, herrien izenaren ahoskera euskaraz eta frantsesez bera edo berdintsua delarik, «bakarrik euskarazko idazkeraren taula» uztea nahi dute, eta ahoskera edo izena ezberdinak direlarik, «frantsesezkoa atxiki nahi baldin bada, gainean euskarazkoa eta azpian frantsesezkoa ezartzea» galdetu dute. Azkenik, herrien izena ahozkoan erabiltzean «lehenik eta nagusiki» euskarazko izena baliatzeko eskatu dute.

Lasserreri igorritako erantzunean, bestalde, bilkura bat eskatu diote ekintzaileek. Gaur-gaurkoz, ez dute horretarako proposamenik ukan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.