CEAR-ek salatu du Madrilek asilo baimenak murriztu dituela

Azken lau urteetan gorakada handia izan da eskaeretan: 2008an baino hamar aldiz gehiago. Lautik hiruri ukatu egin diete baimena

CEAR-ek salatu du Madrilek asilo baimenak murriztu dituela.
jokin sagarzazu
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian 1.920 pertsonak eskatu zuten asiloa iaz, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren arabera: 973k Bizkaian, 385ek Araban, 237k Gipuzkoan eta 325ek Nafarroan. Kopurua «izugarri» handitu da azken lau urteetan: 400dik gora eskaera gehiago jasotzen dira urtetik urtera; eta, duela hamar urteko zifrekin alderatuta, hamar aldiz handiagoa da kopurua. Hala ere, Espainiako Gobernuak murriztu egin ditu asilo baimenak. «Oso urrun gaude harreraren gaian erreferenteak diren Europako beste herrialde batzuen kopuruetatik», azpimarratu du Patricia Barcena Euskadiko CEAR errefuxiatuen laguntzarako batzordeko zuzendariak. Erakunde horretako kideek agerraldia egin zuten atzo, Madrilen.

Espainiako Barne Ministerioan egin behar da asiloa eskaera; hori egin nahi duten gehienek CEAR-era jotzen dute. Barcenak azaldu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaso diren 1.565 eskaeren %61 kudeatu dituzte haiek: 974 pertsonari lagundu diete. Horietatik 478 emakumeak ziren, eta 496 gizonak. Jatorriari dagokionez, Venezuelakoak ziren gehienak (%34); jarraian, Kolonbiakoak (%8) eta Honduraskoak (%4,7).

Barcenak azpimarratu duenez, «hemen geratzeko datozen» migratzaileek eskatzen dute asiloa, eta ezinbestekotzat jo du «harrera duin bat» ematea. «Gurekin biziko dira, gure auzo, herri eta hirietan. Ugaritze hori erronka bat da instituzioentzat eta gizartearentzat, eta elkarrekin eta koordinatuta egin behar diogu aurre».

CEAR kexu da Espainiako Gobernuak inoiz baino asilo eskaera gehiago jaso dituen urtean aldeko ebazpenen portzentajea murriztu duelako, %35etik %24ra: lautik batek baino ez zuen aldekoa jaso iaz. Europako harrera herrialde nagusien onarpen tasa baino «askoz ere apalagoa» da hori. Kopuru hori are txikiagoa izaten da nazioarteko babesa edo errefuxiatu estatusa eskatzen dutenen kasuan; ebatzitako eskaeren %5ek baino gutxiagok lortu zuten hori.

Era berean, CEAR-ek ohartarazi du iaz nabarmen handitu zela ebazteko zeuden espedienteen kopurua ere: egindako eskaeren %60 inguru geratu ziren aztertu gabe. «Bitarteko material eta humano gehiago behar dira azken urteetan pilatzen ari den buxadura konpontzeko eta prozedurarako sarbidea eta ebazpena ziurtatzeko», adierazi du Espainiako CEAR-eko zuzendari Estrella Galanek.

Iaz, Venezuelakoak izan ziren babesa eskatu zuten gehienak, baina, halaber, haiei dagokie ukapenen ehuneko handienetakoa. «Espero dugu arrazoi humanitarioak direla-eta Espainiako Gobernuak iragarritako proposamena aplikatzea herrialde horretako pertsonei; dena den, gure ustez, beste herrialdeetakoei ere aplikatu beharko litzaieke neurria», nabarmendu du Galanek.

Agintariak, entzungor

Palestinarren kasua aipatu du, adibidez. Otsailaren 1etik, poliziek aireportu zirkulazioko bisa eskatzen diete; hori dela eta, ezin dira Espainiako Estatuaren lurraldeetan sartu, ezta asiloa eskatu ere. Aurreko urtean, neurri bera ezarri zieten Gambiako eta Kamerungoei. «Babeslekua nahi dutenen aukerak murrizten dituzte agintariek: trafikatzaileengana jotzera behartzen dituzte, eta bizitza arriskuan jartzen dute», salatu du Galanek.

Horrekin batera, CEAR-eko buruak ohartarazi du besteak beste El Salvador, Honduras eta Guatemalan diharduten mara deituriko taldeen biktimak «babesgabetasun egoera larrian» daudela. Azaldu du Auzitegi Nazionalak «hainbatetan» jo duela «pertsekuziotzat» talde horien jokamoldea, baina agintariek ez dutela aintzat hartzen irizpide hori asiloa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.