Nahia Sololuze. Alberto Sololuzeren alaba

«Telefonoari adi bizi naiz»

Zaldibarko zabortegiko lur-jausiak azpian harrapatu zuen haren aita Alberto Sololuze, orain dela bi hilabete. Desagertutako bi gorpuak aurkituko dituzten bermerik ez du Nahia Sololuzek, baina itxaropena badu.

UZTARRIA.
Azpeitia
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
«Egutegitik ezabatzeko moduko urtea». Aurtengoa hala izaten ari dela azaldu du Nahia Sololuzek (Markina-Xemein, Bizkaia, 1987). Joan zen otsailaren 6an Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling enpresan lanean ari zela, milaka tona hondakinen azpian harrapatuta gelditu zen haren aita Alberto Sololuze, baita Joaquin Beltran ere. Barruan duen nahigabea ezkutatu gabe, gorpua aurkitzearen esperantzari eusten dio.

Bi hilabete pasatu dira zure aita Zaldibarko lur-jausiaren azpian harrapatuta gelditu zenetik. Ezer baino lehen, zer moduz zaudete?

Etsita pixka bat. Bilatze lanetan ari dira, eta esperantza ez da sekula galtzen, baina... Hau oso gogorra da. Oso luze doa. Guk pentsatu genuen berehala aurkituko zituztela; egin beharrekoa egin, eta listo; hala izango zela. Baina uste dut oraindik luzerako izango dela. Ume txiki bat daukagu etxean, eta eskerrak, hark penak pixka bat estaltzen baitizkigu.

Aktualitateari dagokionez, koronabirusaren krisiak bigarren planoan utzi du Zaldibarko gertakaria. Zuek ere konfinamenduan izango zarete. Nola ari zarete bizitzen egoera?

Konfinatuta gaudenez, buruak lehen baino denbora gehiago dauka bueltaka hasteko, pentsatzeko. Lehen, kalera atera eta entretenitzeko aukera genuen, baina orain ez daukagu horretarako aukerarik. Egoera dela eta, komunikabideetan gutxiago hitz egiten dute gertatutakoaz; eguna joan eta eguna etorri, beste konturik ez genuen entzuten lehen. Egia esan, hedabideetan gutxiago hitz egitea baliagarri izan dakiguke zauriak sendatzen hasteko. Uste dut mina denborarekin sendatuz joango dela, baina gorpuak aurkitu arte ez dugu atsedenik hartuko. Lanak ez geratzea axola zait niri. Izan ere, koronabirusaren kontuarekin, lanak geldituko zituzten eta bilaketa etengo zuten beldurra banuen.

Ba al duzue egiten ari diren lanen berririk?

Bai. Eusko Jaurlaritzaren larrialdietako ordezkari batekin etengabeko harremana daukagu. Egunero deitzen digu informazioa emateko, eta bilera deialdiak ere hark egiten dizkigu. Bestalde, zabortegira ere joaten gara, eta egiten ari diren lanen gaineko azalpenak ematen dizkigute langileek. Lehendakariari eskatu nion hara joateko baimena, eta, baiezkoa jasota, astean behin behintzat joaten naiz. Egia esan, oso ondo portatu dira gurekin, nahiz eta zertan ari diren ez jakitea hobe dela ere pentsatzen dudan batzuetan.

Itxaropentsu al zaudete?

Bi gorpuak egon daitezkeen gune posible batzuk identifikatuak dituzte, eta horietara iritsi nahian ari dira. Dena den, lur asko dago gainean, eta ez dute lortu leku horietara iristerik. Aitak baskulan egiten zuen lan, eta uste dute han inguruan dagoela. Duela bi aste, zabortegira joan ginenean, ikusi ahal izan genuen lur asko mugitu eta lanekin dezente aurreratu zutela. Pentsa, nik nabaritzeko... Baskulan baldin badago, ari dira gerturatzen. Ez dakigu zenbat denbora beharko duten leku horretara iristeko; izan ere, eguraldiak eta lurraren egoerak eragina dute lanetan. Gainera, nik ez dut nahi lanean ari den inor arriskuan jartzerik. Espero dut laster aurkituko dituztela, baina, oraingoz, ez dago berririk. 24 ordu zain gaude; telefonoari adi bizi naizela esan dezaket.

Gorpuak aurkitzen badituzte, zer egingo duzue?

Behar bezala agurtuko dugu aita. Baina aurkitzen badituzte egin ahal izango dugu hori. Ez aurkitzeak ematen dit beldurra. Hasieran, larrialdietako ordezkariei-eta esaten nien niri aitaren hezur zatirik ez ekartzeko, baina, denbora pasatu denean, hezur zati horiek behintzat jaso nahi nituzke. Ezin digute bermatu aurkituko dituztela, eta ulertzen dut hori, baina esaten digute esperantza ez galtzeko, eta horri eusten diogu. Hala eta guztiz, zabortegira joan eta aita hainbeste hondakinen artean dagoela pentsatze hutsarekin hautsi egiten naiz. Datorren urtarrilean zen erretiroa hartzekoa, eta begira!

Ondoren, lege ekinbideren bat abiatzeko asmorik ba al duzue?

Bai, abokatua kontratatu dugu. Orain aita aurkitzea nahi dugu, eta gero ikusiko dugu zer etortzen den. Abokatuaren lana da gorpua aurkitu ostekoa.

Bi izan ziren lur azpian harrapatuta gelditu ziren langileak: Joaquin Beltran eta zure aita. Beltranen familiarekin harremanik ba al duzue?

Bai, ondo konpontzen gara. Ezbeharra pasatu aurretik ez genuen ezagutzen elkar, baina orain, bai haiek eta bai guk min bera daukagu barruan. Egoera berean gaude, eta elkar babesten dugu. Haiek ulertuko gaituzte gu ondoen, eta alderantziz.

Bi hilabete atzera eginda... Otsailaren 6ko arratsaldea. Nola oroitzen duzu Zaldibarko zabortegian gertatu zen lur-jausia?

Akademia bat daukat Azpeitian, eta han lanean ari nintzen amak deitu zidanean. 17:30 ingurua zen, saioa bukatzen ari nintzen, eta zera esan nuen boz gora: «Ama, badakizu lanean ari naizela, eta zu deika...». Hartu egin nuen deia, eta, ama hitz egiteko gai ere ez zenez, aldamenean zuen emakume batekin jarri ninduen. Hark azaldu zidan guztia, eta oso gaizki erreakzionatu nuen: hurrengo eskolara sartzeko zain zeuden ikasle denak etxera bidali nituen. Senarrari deitu nion Eibarrera joan behar genuela esateko —amak Eibarren egiten du lan—, baina gidatzeko gai ere ez nintzen, eta akademiako lankideak eraman ninduen autoan. Bidaia beldurgarria izan zen; bi ordu baino gehiago pasatu genituen Azpeititik Eibarrera joaten. Amarekin bere lantokiaren aurrean elkartu ginen. Esperantzarekin joan nintzen Eibarrera, baina 22:00 aldean larrialdietako kide batek esan zidan aita-eta bizirik ez zirela egongo eta itxaropenik ez izateko.

Noiz jakin zenuten aita lur azpian harrapatuta gelditu zela?

Eibarrera abiatzerako banekien. 15:50ean izan zen ezbeharra, eta nik 17:30ean jaso nuen amaren abisua. Amari Eibarren esan zioten lur-jausia Verter zabortegian izan zela. Aitari deika aritu zen, baina hark ez zion telefonoa hartzen. Enpresara ere deitu zuen, baina ez zioten erantzun. Denbora pasatuta, enpresako kide bat joan zen amaren bulegora abisua ematera.

Nolakoak izan ziren hurrengo orduak eta egunak?

Alaba bakarra naiz, eta ama gure etxera, Azpeitira, etorri zen egun hartan bertan. Hurrengo eguna oso-oso gaizki eman nuen. Ama, berriz, duela gutxi hasi da jabetzen gertatzen ari denaz. Halako egoeretan buruak egiten omen du gauzekin ez oroitzeko defentsa mekanismo bat.

Lehen egunak nahasiak izan ziren, bai kudeaketa aldetik, bai informazio aldetik. Zer balorazio egiten duzu?

Hala izan zenik ezin daiteke uka. Kasua mediatikoa izanik, abisatu ziguten gezur asko zabalduko zirela, eta halaxe izan zen. Dena den, neuk nahikoa kaos banuen neure buruarekin, eta gertatu zen guztiarekin ez nintzen askorik jabetu. Egia esan, ez zitzaidan gehiegi axola. Aita aurkitzea besterik ez nuen nahi.

Jaurlaritzak hainbat kritika jaso du lehen egunetan egindako kudeaketaren inguruan, eta zuek ere kritiko agertu zineten. Jarrera aldaketarik izan al da hasiera hartatik hona?

Behin baino gehiagotan egon gara Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. Ostegun batean gertatu zen ezbeharra, eta bi sailbururekin elkartu ginen hurrengo astelehenean. Asteazkenean, berriz, lehendakariarekin bildu ginen, eta, harrezkero, bost bat aldiz egon gara. Halere, bai lehen eta bai orain, aita zabortegitik ateratzea da nire helburua. Politikariek bermatu digute lanean jarraituko dutela, eta hori jakinda nahikoa dut. Gainera, konfinamendu egoeran zabortegira joateko baimena eman dit Jaurlaritzak, eta, alde horretatik, laguntza eman digutela sentitzen dut. Gainean daude.

Herritar ugari batu ziren protestetara. Babesa sentitu al duzue?

Bai, eta asko eskertzen dugu. Ama eta biok Markina-Xemeinera joateko beldurrez geunden, jendeak esango zuenarekin kezkatuta, baina deitu zuten elkarretaratze batera joan ginen, eta sekulako babesa jaso genuen. Ondo etorri zitzaigun. Amak eta biok egun hartako gauean egin genuen lo ondoen. Lasaitu egin ginen. Gu familia txikia gara: aitak arreba bat du,eta ni alaba bakarra naiz. Amona ere bizi da, baina ez diogu ezer esan; izan ere, 92 urte ditu, eta... Familiaren eta lagunen babesa ikaragarria izan da, baita herritarrena ere. Bestalde, Azpeitiko eta Markina-Xemeingo alkateen deiak ere jaso ditugu. Oso eskertuta gaude babesa eman diguten pertsona guzti-guztiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.