Arrauna

Bat izatetik, lehena izatera

Donostiarra doa ETE ligaren buruan, bost estropadatik hiru irabazita, eta iaz jaiotako egitasmoa azkar ari da hazten. Euskotren ligara igo nahi dute Arruti eta Lekubarri arraunlariek.

Nagore Arruti eta Ondiz Lekubarri Donostiarrako arraunlariak, atzo, Donostiako kaian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Justu-justu osatu zuen aurreko urtean emakumezkoen trainerua Donostiarrak. «Maiatzan ez genekien oraindik uretara ateratzeko gai izango ginen», gogoratu du iazkoa Nagore Arruti arraunlariak (Usurbil, Gipuzkoa, 1984). Atseden hartzen zegeoen orduan Ondiz Lekubarri (Santurtzi, Bizkaia, 1993): «Hamar urte nituenetik arraunean ibili eta gero, beste zerbait behar nuelako».

Taldea osatu, eta denboraldia amaitzear zela, hara non albistea: bandera Donostiarrak, Donostian bertan eta Aste Nagusian. Aurreneko urtea uretan, eta bandera. Gipuzkoako ligan eta emakumeen traineru indartsurik gabeko estropadan izan bazen ere. «Gu izan ginen han geundenon artean onenak, ez beste inor», oroitu du Arrutik, eta beste hau ere onartu: «Jakina, ez genuen irabaziko Euskotren ligan zebiltzan San Juan, Orio, Hibaika eta Arraun estropadan izan baziren».

Garaipena garaipen, talde bat gehiago izan zen orduan Borja Menak zuzentzen zuen arraunlari multzoa. Luze iraun nahi duen egitasmoaren aurreneko katebegia. Helburua bete zuen, gainera: uretan izatea, eta aurreneko aurrerapausoa ematea. Orduan izan zirelako da aurten ere Donostiarra. Bigarren urtez segidan uretan da, oraingoan Iñaki Mendizabal entrenatzaile duela. Iaz, traineru bat gehiago zen, eta, aurten, lehena da. ETE ligako aurreneko aldian lehendabiziko lekuan da, bost jardunalditan hiru estropada irabazi baititu.

Ezuste modukoa izan dela aitortu du Arrutik: «Ondo ibiltzea espero genuen, baina hain ondo ez, agian». Lekubarrik ondorengoa gehitu du: «Saria da guretzat. Taldearen erdia iazkoa da, baina beste erdia berria gara. Esperientziadunak bagara, baina gehienek ez daukate». Arrutik eman dio segida: «Ilusioarekin gaude, eta, azkenean, iazkoekin eta berriekin talde ona osatu dugu. Garrantzitsuena da gogo handiarekin gaudela, etaarraunlari guztion artean lortu dugu trainerua azkar joatea».

Azkar doanari abiadura handiagoa ematekotan dira arraunlariak, eta, Euskotren ligaren izen komertzialarekin jolastuz, trenik lasterrenaren parera heldu nahi dute datorren denboraldian:«Jakina, Euskotren ligara igo nahi dugu. Asmoa hor daukagu», esan du Arrutik. Beste buelta bat eman dio Lekubarrik taldekidearen baieztapenari: «Gozatzea da helburu nagusia, eta ahalik eta bandera gehien irabazten saiatzea. Euskotren ligara igotzen bagara, primeran. Ez badugu lortzen, ikasten jarraituko dugu, beti baitago zer ikasia».

Lehia estua dago ETE ligaren buruan. Bi puntuan dira lehen biak. Deustuk 39 puntu dauzka, eta bi gehiago Donostiarrak. Lehia horrek dakarrenari heldu dio Arrutik: «Borroka estua daukagu, eta, horri esker, lanean oraindik eta gogo handiagoa ari gara jartzen. Ligaren hasieratik gaude hor goian, eta leku pribilegiatu horretan segitzeko beste indar bat ematen du». Arraunlari bizkaitarrak kluben eta arraunlarien geroarekin ere lotu du lehiarena: «Goiko lehian ibilita, arraunean jarraitzeko gogoa hazi egiten da. Aldiz, oso atzean dabilen talde bateko arraunlarientzat zailagoa izaten da segitzea».

Onuragarria ikusten dute alde horretatik begiratuta ETE ligaren sorrera; baita beste ikuspegi honetatik ere: «Liga hau aurreko urteetako Gipuzkoako liga bezalakoa izan balitz, ezinezkoa izango zen gu lehenak izatea, eta ez genituen hiru bandera izango irabazita. Euskotren ligakoentzat izango ziren denak, iaz arte gertatzen zen bezala», azaldu Arrutik. Ondorengoa gehitu du: «Pizgarria da guretzat eta beste taldeentzat irailean Euskotren ligara igotzeko kanporaketa jokatzeko aukera izatea». Lekubarrik antzeraheldu dio gaiari: «Liga berriak onura asko ekarri dizkigu talde guztiei».

Kanporaketa buruan dut. Bi ligak oraintxe bukatuko balira, Donostiarrak jokatu egingo luke,baita Euskotreneko Hondarribiak ere. Bada, asteartean, elkarren aurka aritu ziren Euskadiko Txapelketan, eta hondarribiarrek hamaika segundo atera zizkieten donostiarrei. Arrutik ez du uste erreferentzia zehatza izango denik Lekeition izandakoa: «Ideia bat ateratzeko balio du, baina oraindik urrun dago kanporaketa, iraileko hirugarren asteburua izango delako».

Arraunekin, lehia «sanoa»

Kanporaketa baino lehenago, Kontxako Bandera jokatuko da, eta Donostiarrak lekua izango du. Hiriko traineruari dagokion lekua hari ematen dio Donostiako Udalak, nahiz eta Arraun Lagunak ere ari den emakumezkoen lehian. «Lehia edo ezinikusi hori estamentu edota erakundeen kontua da. Bi klub arraunlariak ondo moldatzen gara. Lehia sanoa daukagu», dio Arrutik. Futbolarekin alderatu du Lekubarrik: «Grazia ematen dio arraunari. Realaren eta Athleticen arteko lehia bezalakoa da, eta arraunlarien artean ez daukagu arazorik».

Kontxan izango dira, hortaz, Arruti eta Lekubarri. Badute esperientzia lehendik ere. Bizkaitarrak, esaterako, goia jo zuen 2015ean eta 2016an, San Juanekin: «Lehen aldiz Kontxa irabaztea eta, gainera, arraun eginez bi igandeetan. Sekulakoa izan zen». Hala ere, nahiago du beste lorpen bat nabarmendu: «Aulki mugikorrean, Munduko Txapelketan, bosgarren izan nintzen, eta Kontxakoa baino esperientzia hobea izan zen niretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.