Beñat Rezusta. Aspeko pilotaria

«Eskuko mina txarra da; pilotariok ez diogu inori opa, ezta aurkariari ere»

Eskuko minez dabil azkenaldian, eta udako jarduna gogorra izaten ari da Rezustarentzat. Baina eusten dio, eskarmentua du, eta ia ez du partidarik utzi jokatzeke. Gaur gauean, esaterako, Gasteizko Torneoari ekingo dio.

2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Beñat Rezustak (Bergara, Gipuzkoa, 1993) gaur jokatuko du Gasteizko Torneoko bigarren finalerdia (22:00, ETB1). Irribarria izango du bikotekide, eta Ezkurdia eta Martija aurkari. Azken hori Zabaletaren ordez ariko da. Etxarrikoak eskua probatu zuen atzo, baina oraindik ez zaio sendatu. Finala ostiralean da.

Zuk onartua da eskuko minarekin zabiltzala, zer moduz?

Zalantza dezenterekin. Partidatik partidara probak eginez eta masajeak hartuz. Oraindik ikusi egin behar. Herenegun, Beran [Nafarroa], orain arte baino gusturago bukatu nuen, baina ez du esan nahi eskua ongi dudanik. Takoekin asmatu dudala dirudi, baina partida asko ditut aurretik.

Gasteiz, Sunbilla, Bastida, Mallabia, Azkoitia eta, agian, Gasteizko finala; sei partida zortzi egunetan. Horrelako maratoia ez da onena eskuarentzat...

Sasoiz ondo ikusten dut nire burua; egoera, baina, aldatu egiten da torneoetako finaletara sartzen bazara, partida gehiago baitira. Udak hori du, partida asko jokatu behar dira jarraian. Ongi bazaude ederra da, baina bestela kosta egiten da. Ahal dudan guztia egingo dut eskuak ondo edukitzeko.

Nola moldatzen zara minarekin jokatzeko? Eskarmentuak irakatsi al dizu halako egoerak hobeto kudeatzen?

Neurri batean eutsi diezaioket minari. Baina, benetan eskua izorratuz gero, ez dago miraririk. Halako batean, agian pilota ukitu ere ezin duzu egin, eta hor jada ez dago zereginik. Baina ikasten duzu nola moldatu minarekin jokatzeko. Pilotari altuera gehiago emanez adibidez, edo pilotakaden indarra kontrolatuz. Egoera guztietatik ikasten da, baita txarretatik ere.

Ez al duzu pentsatu eskuin eskua gehiago erabiltzea?

Ez naiz esku txarra gehien erabiltzen duen pilotaria, baina tira, azken partida hauetan gehiago erabili dut. Eskuinarekin, baina, ez dut konfiantza handirik. Beti diot kosta egiten zaidala. Nahigabe ere ezkerra erabiltzeko joera dut. Hala ere, badakit ongi etorriko zaidala eskuina erabiltzea, eta mesede egingo lidakeela ezkerra dosifikatzeak. Batzuetan besteetan baino hobeto ikusten dut nire burua; konfiantzaz banabil gehiago erabiltzen dut eskuina. Udako partida gehienak, baina, torneoak dira; irabazteko gogoa izaten dut, eta automatikoki hasten naiz erabiltzen segurtasun handiagoa ematen didan eskua.

Azkenaldian Aspeko hainbat pilotari zabiltzate minarekin: Zabaleta, Ladis Galarza, Tolosa...

Boladak izaten dira. Binakako txapelketan arazorik gabe ibili ginen ia denok; orain, aldiz, atzelari dezentek arazoak ditugu. Ladisen kasuan ez da eskuko kontua, hankakoa baizik. Zabaletaren arazoa, berriz, eskukoa da, baina tira, esan dizut, boladak dira. Baikon, esaterako, txapelketa garaian hutsune batzuk izan ziren, eta orain hobeto daude. Ez dago jakiterik. Azkenean, urtea luze joaten da, eta normala da lehenago edo beranduago eskuko mina izatea. Txarra da askori batera gertatzea, partidak egokitzeko zailago izaten delako. Baina, lehenago edo geroago, beti izaten da minen bat.

Eta zuen artean hitz egiten al duzue horri buruz?

Bai. Zaintzeko orduan ere bai, ea norberak zer egiten duen. Batzuetan aurkari, besteetan kide, azkenean beti elkarrekin gabiltza. Ongi dakigu eskuko mina edukitzea txarra dela, eta, guretzat nahi ez dugun moduan, besteentzat ere ez dugu nahi. Min hori nolakoa den jakinda, ez diozu inori opa halakorik, ezta aurkariari ere. Horregatik, gure artean saiatzen gara aholkuak ematen: takoak nola jarri, masaje emaile hura edo bestea.... Elkarri laguntzen saiatzen gara beti.

Gaur Irribarriarekin ariko zara, eta Zarautzen ere bai. Gustura?

Bai, noski. Aurretik ere txapelketan jokatu nuen harekin. Garai batean asko jokatzen genuen elkarrekin, orain gutxiago. Beti elkar hartu izan dugu ondo, gehien kostatzen zitzaizkigun gauzetan elkarri lagunduz. Beran ondo moldatu ginen, eta uste dut herenegun elkarrekin ibili izanak mesede egingo digula gaurko.

Zabaletak ez du jokatuko gaur. Martija ariko da haren ordez.

Pena da Jose Javierrena; oso ondo ari zen, ikuskizuna emanez. Ermuan [Bizkaia], beroketan, pilota bat sartu zitzaion eskuan, eta hartaz geroztik arazoekin dabil. Hala ere, partida zaila dugu; Martija ondo jokatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.