Errusiako Munduko Kopa: C multzoa. Peru

Iraganetik orainera

Iraganetik orainera.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Etorri egin da Peruko selekzioa, urte pila batean joanda egon eta gero. Alderrai ibili zen, ispiluaren aurrean pausatu eta bere buruari begiratu gabe. Nortasuna galdu zuen, aurreko mendearen azken laurdenaren hasieran futbol mundua liluratu zuen hura. Amerika Kopa irabazi zuen 1975ean, eta finalerdietan izan zen hurrengo bi txapelketetan. Munduko Kopan, 1978an eta 1982an sailkatu egin zen, eta duela 40 urteko lehiaketan, Argentinan jokatu zen hartan, zortzigarren bukatu zuen. Estilo ezaguna zeukan orduan Peruko selekzioak, eta, artistak funtsezko zirela esanda, garbi asko ulertzen da zer-nolako jokoa egiten zuen. Teofilo Cubillas eta Hugo Sotil ziren, besteak beste, izarrak.

Haien arrastoa, baina, desagertu egin zen urteen joanean, eta baita futbol ikusgarri hura ere. Duela gutxi berreskuratu duen arte, Ricardo Gareca entrenatzaile argentinarrak selekzioaren ardura hartzearekin batera. Hiru urte dira Perun lanean dela, eta 1982tik lortu gabea zena eman dio herrialdeari: selekzioa Munduko Kopan aritzea. Zeelanda Berria gainditu zuen azken kanporaketan, eta horrela lortu zuen aukera Errusian izateko.

Jokalari gazteekin eta beterano onekin osatu du taldea Garecak, eta, guztien gainetik, Paolo Guerrero dago. Lortu du, azkenean, txapelketan izatea, positibo eman bazuen ere dopin kontrol batean iazko urrian, Argentinak eta Peruk sailkatze fasean jokaturiko partidaren ondoren. Perurekin ez du inork hark hainbeste golik sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.