Fernando Velazquezek gidatuko du EOS Zinemaldian

Hamar filmetako soinu bandetako piezekin osatuko dute saioa, Belodromoan, irailaren 22an. Velazquezenak berarenak dira erdiak
Fernando Velazquez musikagilea.
Fernando Velazquez musikagilea. ROMAN RIOS / EFE

Gorka Erostarbe -

2018ko irailak 5
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostiako Zinemaldian. Aurten ere, Zinemaldiko lehen larunbatean (irailak 22), eguerdian irekiko da Belodromoa melomano, zinemazale eta oro har ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako. Sarrera doakoa izango da.

Aurtengoan, Fernando Velazquez musikagile eta orkestra zuzendariak (Getxo, Bizkaia, 1976) gidatuko du saioa. Hain zuzen ere, berari esker itzuli zen EOS Zinemaldiko egitaraura 2011n; osoki estreinatu zen The impossible (Juan Antonio Bayona) filmaren soinu-banda, zuzenean. Pasealdia zineman barrena izenburua izango du aurtengoak, eta hamar bat filmarentzat ondutako musikaren egokitzapenak bilduko ditu. Emango dituen musika piezen erdiak Velazquezek berak konposatu ditu. Bereak dira ondorengo filmen soinu bandak: Gernika (Koldo Serra), Zipi y Zape y la isla del capitán (Oskar Santos), Marrowbone (Sergio G. Sanchez), Contratiempo (Oriol Paulo) —Zahara kantautorearekin batera konposatua— eta A monster calls (J.A. Bayona). Euskadiko Orkestra sinfonikoak grabatu zuen A monster calls filmaren soinu banda.

Beste bost egokitzapen

Errepertorioa beste bost filmetarako musiken egokitzapenarekin osatuko da: Locura de amor (Juan de Orduña), Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas (Enrique Gato eta David Alonso), El elegido (Antonio Chavarrias), Todos los hombres sois iguales (Manuel Gomez Pereira) eta Go!azen (Jabier Elortegi eta Aitor Aranguren).

Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Kup Taldea abesbatza gonbidatu du: haiek arituko dira Zipi y Zape, Gernika eta Contratiempo filmetan. Gainera, Zahara kantautoreak ere Contratiempo-n parte hartuko du, eta Go!Azen pelikulako hiru kantari ere ariko dira (Iholdi Beristain, Ainhoa Larrañaga eta Aritz Mendiola).

Iaz bezala, pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da musika kontzertuan, 400 metro karratuko pantailan; Carlos Rodriguezek egin du muntaketa hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna