KRITIKA. Musika

Anabasa

2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun

'Requiem'



Zuzendariak: Iker Sanchez-Silva (musika), Pablo Ramos eta Carlos Crooke (eszena). Bakarlariak: Ainhoa Garmendia (sopranoa), Lucia Gomez (mezzosopranoa), Aitor Garitano (tenorra), Cesar San Martin (baxua). Abesbatza eta orkestra: Opus Lirica. Krump dantza: Milita Raw. Egitaraua: Wolfang Amadeus Mozarten Requiem KV 626. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Maiatzak 1.

Osasun-egoerak ezarritako murrizketak direla eta, Opus Lirica konpainiak, urteroko opera ekarri ordez, Wolfgang Amadeus Mozarten Requiem entzutetsua eszenaratzea erabaki zuen denboraldi honen hasieran. Jatorriz hildakoen aldeko liturgiarako idatzita, Pablo Ramos eta Carlos Crookeren «proposamen berritzaile eta hausleak —haien hitzetan—» gizadi osoa jarri behar omen zuen Estigia urmaelan, azpimundurako bidaian saria ala zigorra jasotzeko zain, Apokalipsiaren Lau Zaldunak ere bertan zirela. Aldi berean, emanaldiak pandemia garaian zendutakoen aldeko omenaldia izan nahi zuen. Anabasa ederra taulan eta kontzeptuan.

Obra osoan zehar teloiaren gainean proiektatu ziren esaldiak, akats ortografiko eta sintaktiko larriz josita egoteaz gain, autolaguntza gatzgabean zein planteamendu manikeoetan aurkitu daitezkeen topikoak baino ez zituzten zabaldu, kontzeptuan zein interpretazioan Requiem-aren testutik oso urrun. Eskaintza eszenikoa Militia Raw Krump dantza taldeak osatzen zuen. Dantza hori ezaugarritzen duten mugimendu bortitzak oso aproposak izan zitezkeen hainbat pasarteren indarrean sakontzeko. Aitzitik, dantzariek lurrean eta airean ematen zituzten kolpeak ez zetozen erritmoarekin bat, Hostias zatian gogaikarri.

Eszenografiaren eta kontzeptuaren izaera bera nahasia izanik, bidea musikan topatzea zen aukera bakarra. Zeregin latza, kontuan izanda mugimendua traba bihurtu zela momentu askotan. Orkestra zuzen aritu zen, tarteka doitasun eta leuntasun faltan. Abesbatzak lan itzela egin zuen baita korrika ere tempoa mantentzen saiatzen eta lortzen, Dies irae-an kasu batera. Hala ere, orekatuagoak eta koloretsuagoak suertatu ziren estatismoa nagusi zenean. Bakarlarien laukoteak, bere aldetik, eszenaren eskakizunen kalteak jasan zituen ia une oro: erraldoi desitxuratuen egiturak soingainetik kentzean soilik agertu zen distira ahotsetan.

Denera, berritzailea suntsitzaile, eta hauslea hauskor bihurtzeko arriskua nola burutu daitekeen ikusteko eredua izan zen Requiem hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.