Historia sinfoniko bat iruditan

'Donostiako soinua. 80. Musika Hamabostaldia' erakusketa hartu du San Telmo museoak, jaialdiaren 80. urteurrenean. Festibalaren bilakaera eta mugarri nagusiak aztertzen ditu

Erakusketaren sarreran, Musika Hamabostaldiak urtez urte atera dituen kartelak daude ikusgai. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Europako musika jaialdirik zaharrenetakoa da Donostiako Musika Hamabostaldia. 80 urte beteko ditu aurten, eta bere historia luzean gorabehera ugari bizi izan ditu. Bilakaera argia izan du urteotan, hastapenetako jaialdi elitista hartatik gaur egun den horretara iristeko. Eta bilakaera hori irudienzein soinuen bidez aurkezten du Donostiako soinua. 80. Musika Hamabostaldia erakusketak. Jaialdiaren urteurrena ospatzeko, Hamabostaldiak eta Donostiako San Telmo museoak elkarlanean antolatu dute erakusketa, eta gaurtik irailaren 1era egongo da ikusgai, museoko Laborategian.

Aretora sartu eta berehala, urtez urte jaialdiak atera izan dituen kartelak ikusiko ditu bisitariak. Horma oso bat hartzen dute guztira, 1939. urteko lehen ediziotik gaur artera bitartekoak jaso baitituzte. Xumeak eta tamaina txikikoak dira lehen hamarkadetakoak, estetika soilekoak; eta koloretsuagoak eta handiagoak, berriz, azken urteetakoak. Hainbat testu dituzte aldamenean, jaialdiaren mugarri nagusiak azaltzen dituztenak. Hamabostaldiak izan duen bilakaera ikus daiteke horien bidez, eta, hain zuzen, garapen hori egin izana da jaialdiaren arrakastaren arrazoi nagusietako bat, Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziaren ustez: «Izaeraz eta jaiotzez akaso elitistagoa zen, baina urteetan jakin du eboluzionatzen, eta, gaur egun, donostiar, gipuzkoar eta euskaldun guztiok oso propio sentitzen dugu». Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariaren hitzetan, berriz, «gizartearen eta garai bakoitzaren gorabeherak» ere erakusten dituzte afixek. Izan ere, testuinguru politiko, sozial eta ekonomikoak eragin nabarmena izan dute jaialdiaren historia osoan.

1936ko gerra amaitu eta hilabete gutxira jaio zen festibala. Lehen urteetan, lotura estua izan zuen faxismoarekin, Benito Mussoliniren erregimena izan baitzuen babesle ekonomiko nagusia. Italiako operak eta Berlingo orkestrak pisu handia izan zuten orduko programetan. Garaiko gorabeheren erakusgarri da, esaterako, 1944. urtean ofizialki Hamabostaldirik egin ez izana —haren ordez, opera italiarraren ziklo bat egin zen—. Horregatik uste du Alfayak, 80 urte ez, jaialdiak 79+1 betetzen dituela esan beharko litzatekeela. Nolanahi ere —eta testuinguru politikoaren eraginaren beste adibide garbi bat dena—, 1964. urtekoa, 23. aldia izan beharrean, 25. edizio gisa izendatu zuten, zenbakia frankismoaren 25 años de paz (25 bake urte) kanpainarekin bat etor zedin.

Ondorengo urteetan ere jaialdiak ez zituen gorabehera gutxiago bizi izan. 1979. urtea du beste mugarrietako bat. Bere izaera elitistagatik eta euskal kultura aintzat ez hartzeagatik, Hamabostaldiaren aurkako kritika ugari izan ziren urte hartan Donostian, eta orduko zuzendariak dimititu egin behar izan zuen. Hala, udan antolatu beharrean, Gabonetan antolatu zuten Hamabostaldia, bere iraupena ziurtatzeko helburuarekin eta beste zuzendari baten gidaritzapean —Jose Antonio Etxenikek hartu zuen ardura, 2009ra bitarte bete zuena—. 1980ko urteetan, eta herritarren kritikei erantzuteko, jaialdiak «irekiera» garai bati eman zion hasiera: publiko guztietara iristeko ahalegina egin zuen, baita Donostiatik kanpo ere, eta euskal sortzaile eta musikariei leku egiten hasi zen, besteak beste. Orain dela 20 urte Kursaaleko eraikin berria inauguratzea beste mugarri bat izan zen jaialdiarentzat. Baina gehiago ere izan ziren, eta horien guztien aztarnak daude karteletan.

Azken edizioetakoek ere leku nabarmena dute erakusketan. 1990eko hamarkadatik aurrera, kartela egiteko ardura euskal sortzaile bati eman izan dio jaialdiak urtero. Bost pantaila jarri dituzte sarrerako aretoan, eta azken urteotako afixak sortu dituzten bost artistak ageri dira haietan, ikus-entzunezko lan labur banatan. Aretoan aurrera eginda, garai bateko Kursaal eraikina zenaren maketa bat ere jarri dute ikusgai.

Horma nagusiaren beste aldean jarraitzen du erakusketak, espazio zabal batean. Lau ataletan banatu dituzte hormetan ageri diren argazki, testu eta bideo irudiak, jaialdiaren lau ardatz nagusiak direnak: opera, ahots musika, dantza eta musika instrumentala.

Areto horren erdian, Mikel Artze soinu artista eta EHUko Arte Ederretako irakasleak erakusketarako prestatu dituen bi instalazioetako bat dago, A Schaefferian Tree (Arbola schaefferiarra) izenekoa. Adar itxurako hainbat zutoinetatik zintzilik zenbait bozgorailu daude, eta, soinu sistema berezi baten bidez, aretoko gunezehatz batera bideratzen du bakoitzak urteotan jaialdian entzun izan diren doinuak.

Soinua 'ikusgai', uhinetan

Areto horretatik kanpo, Laborategiko patioan, San Telmo Enviromental Transductions: A Real Time Soundscape (San Telmoren inguruneko transdukzioak: soinu-paisaia denbora errealean) obra jarri du artistak. Soinua da protagonista instalazio horretan ere, baina oso bestelako lana da, museoaren ingurua baitu ardatz.

Lurrak, eguzki argiak eta haizeak sortutako dardarak jasotzen dituzte sabaian jarritako hiru sentsorek. Seinale bakoitza soinu kutxa batetik igarotzen da aurrena, eta metalezko xafla banatara heltzen da gero, soinu uhin bihurtuta. Xaflek ura dute gainazalean, eta uhinek sortutako bibrazioak ikus daitezke uretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.