Hamabost kontzertu egingo dituzte Organo Zikloan

Egitarauan leku nabarmena izango dute musika frantsesak eta garaikideak, eta David Briggsek enkarguz sortutako 'Agur Jesusen ama'-ren gaineko fantasia estreinatuko dute

Ana Belen Garcia, François Espinasse eta Patrick Alfaya, atzo, Donostiako San Bizente elizan eman zuten prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Leire Perlines Apalategi.
Donostia
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Atzo hasi zen Donostiako 83. Musika Hamabostaldia, eta Jon Laukvik organo jotzaile eta konpositore norvegiarrak ireki zuen Organo Zikloa. Abuztuaren 15era arte izango da, eta hamabost kontzertu emango dituzte Gipuzkoako hainbat elizatan.

Atzo, Donostiako San Bizente elizan eman zuten prentsaurrekoan, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak esan zuen Organo Zikloa ziklorik ezagunenetariko bat dela, eta, gainera, Gipuzkoa dagoen Cavaille-Coll organo bildumari «distira» ateratzen diola.

Errelebo aldaketa da aurtengo berritasun nagusia: Ana Belen Garcia ariko da zuzendari, hain zuzen, urteetan lan hori egin duen Esteban Elizondo ordezkatzen.

Garciak adierazi du Organo Zikloarekin lotura berezia izan duela urte askoan, eta ilusio handiz hartu duela kargua. «Edizio berri honetan protagonista nagusiak beste behin gure instrumentu bikainak izango dira, eta, horiekin batera, ziklo hau osatzen duten hamalau organista zoragarriak»,esan du. Organistetako batzuk, interpreteak izateaz gain, konpositoreak, editoreak, inprobisatzaileak eta orkestra edo koru zuzendariak ere badira.

Nokturnoa eta garaikidea

Bigarren kontzertua gaur izango da, 20:00etan, Loiolako santutegian (Azpeitia, Gipuzkoa). François Espinasse da organista, eta Gipuzkoako Cavaille-Collekin «liluratuta» dago duela hamar urte inguru etorri zenetik. Bere emanaldian Dupre eta Fureren lanak interpretatuko ditu, besteak beste. «Fureren obra nokturnoa arraroa eta asaldatzailea da, harmonikoki oso egonkorra delako. Lagun baten heriotzaren ondorioz idatzi zuen obra; beraz, obra funebrea da», aipatu du prentsaurrekoan. Abuztuaren 15eko Ama Birjinaren inguruko obrak ere interpretatuko ditu, tematika sakratu batean murgilduz. Horiez gain, Valery Aubertin konpositorearen obra garaikide bat ere joko du. Organista zen Aubertin, baina ez Cavaille-Collena. Pinturatik eta poesiatik asko inspiratzen zen, eta sonataren mugimenduak kontrastatuak direla esan du Espinassek.

Abuztuaren 4an, Karsten Dobers eta Loic Malliek duoak emango du kontzertua Santa Maria elizan (Deba, Gipuzkoa). 5ean, Easo abesbatza, Ana Belen Garcia eta Oscar Candedoren txanda izango da Artzain Onaren katedralean (Donostia). Hurrengo egunean, Esteban Elizondo izango da San Bizente elizan, eta igandean bi kontzertu izango dira: Naji Hakimena San Ignazio elizan (Donostia) eta Brett Leightonena San Martin elizan (Ataun, Gipuzkoa). Astelehenean, Michel Bouvarden txanda izango da San Bizente elizan, eta, leku berean baina hurrengo egunean, David Briggs izango da.

Masaaki Suzuki Iesu elizan (Donostia) izango da 10ean, eta, biharamunean, Gunnar Idenstamek Artzain Onaren katedralean joko du. Egun berean, gainera, Organo Erromantikoaren XXXVIII. Nazioarteko Ikastaroko ikasleak emango dute kontzertua San Bizente elizan. Marie-Bernadette Dufourcet Azkoitian (Gipuzkoa) izango da 13an, eta, 14an, Idenstamen txanda izango da berriro ere, oraingoan Usurbilen (Gipuzkoa). Zikloa Wayne Marshallek itxiko du 15ean, Artzain Onaren katedralean. Zikloko kontzertu guztiak doan izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.