Altsasuko festak

Hastear da bestaren burrunba

Bihar hasiko dira Altsasuko jaiak, suziriekin eta ezkila jotzearekin batera. Goazen Altsasu taldeak Luis Mari Lopez Goikoetxeari eman dio txupinazoa botatzeko aukera
Altsasuko peñak herriko bestetako txupinazoan, artxiboko irudi batean.
Altsasuko peñak herriko bestetako txupinazoan, artxiboko irudi batean. LANDER FDZ. ARROIABE / FOKU

Iker Tubia -

2018ko irailak 12
«Festen eztanda handia». Horrela iragartzen du Altsasuko Udalak (Nafarroa) herriko besten hasierako ekitaldia. Izan ere, suziriarekin ez dute aski, eta ezkila jotzea ere egiten dute urtero. Horri peñak, gaiteroak, erraldoiak eta txarangak batuta, emaitza burrunba handi bat da. Bihar izanen da hori, 12:00etan, eta modu horretan murgilduko da herria bestetan, astelehenera arte.

Luis Mariano Lopez Goikoetxeak botako du aurten txupinazoa. Goazen Altsasu udal taldeari zegokion, baina nahiago izan dute aukera herrikideari eman; «eskuzabaltasunez herria egin duten, egiten eta eraikitzen duten» pertsonei omenaldia egin nahi izan diete modu horretan, Virginia Alonso zinegotziak azaldu duenez. Herri kulturaren sustatzaile da Lopez Goikoetxea: Altsasuko zortzikoa irakasten aritu da lau hamarkadaz, zezensuzkoaren arduradun izan da, eta inauterietan eta Errege eguneko fara jotzean ere buru-belarri aritu da.

Hain zuzen ere, hark hainbeste urtez irakatsitako zortzikoa da bestetan gehien errepikatzen den jarduera. Bihar, 21:40an, herriko txistulariek zortzikoa joko dute Foruen plazan, eta hala eginen dute egun guzietan —astelehenean izan ezik—. Gainera, etzi eguerdian ere dantzatuko dute herriko zortzikoa, ezkila jotzearen ondotik. Bestela, denetariko otorduak, peñen kalejirak eta dantzaldi eta kontzertuak ez dira faltako.

Azken urteetan egitarau ofizialean musikari garrantzi handia eman diotela azaldu du Javier Ollo alkateak. Gatibu eta Huntza taldeak kontratatu zituzten aurreko urteetan, eta Vendetta izanen da aurtengo talde nagusia. Talde horren azkenengo kontzertuetako bat izanen da, gainera. Olloren arabera, «esfortzua» egin du udalak musika eskaintza hobea izan dadin, eta bestetako aurrekontuak %25 egin du gora azken urteetan. Urte berezia da udal gobernuarentzat, hauteskundeen aurreko azkenengo bestak izanen baitira. «Udalean festak modu berezian bizi ditugu», azaldu du alkateak. «Ekitaldiz beteta izaten dugu agenda, egun guztietan. Baina gustu handiz egiten dugu». Onartu du Altsasu herri «festazalea» dela, hilero badutelako ospakizunen bat, baina hau da handiena.

Herri bestak

Gainera, bestek badute funtzio soziala, Olloren aburuz: «Herria egiteko aukera aparta da, elkarbizitza sendotzeko. Hori da aipa dezakegun ezaugarri nagusia». Elkarbizitza eta errespetua bermatzeko bidean, eraso sexisten kontrako kanpaina eta protokoloak prestatu ditu udalak, mugimendu feministarekin batera. «Edozein erasoren aurrean erantzun sendoa emango dugu», ziurtatu du alkateak. Herri mugimendua ere prest dago horrelakoei erantzuteko, eta Eider Leoz herri mugimenduko kideak nabarmendu du aurten protokoloa berritu dutela.

Urtero bezala, herri egitaraua antolatu dute, ofizialaren «gehigarria», baina baita «alternatiboa» ere. Txosnak eta karpa paratu dituzte horretarako, eta bestelako eskaintza prestatu. Azken lanak egiten azaldu ditu Leozek beren proposamenen nondik norakoak: «Dena auzolanean egiten dugu. Igandean 40 lagun elkartu ginen muntatzeko». Bestak antolatzeko hamaika bilera egin dituzte herri mugimenduetako kideek, eta haietako batzuk guziei irekiak: «Herritarren ekarpenak jasotzea gustatzen zaigu». Peñak ere biltzen dira batzarretan, bestak guztien artean egiten baitira.

Bost eguneko jaiak dituzte aurretik altsasuarrek, eta denetariko eskaintza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria