Martxoan abiatuko da 2deo, ikus-entzunezkoen sormen laborategia

Laborategiak Tabakaleran hartuko du egoitza, eta espazioa egokitzeko obrak hasiko dituzte orain. Iban Arantzabalek gidatuko du aurreneko fasea, sektorearekin elkarlanean, orain arte bezala
Ezker-eskuin, Edurne Ormazabal, Markel Olano eta Iban Arantzabal, atzo, Donostian.
Ezker-eskuin, Edurne Ormazabal, Markel Olano eta Iban Arantzabal, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko uztailak 11
Gipuzkoako Foru Aldundiak EHUri eskatutako inkesta baten arabera, lurraldeko gazteek gaztelaniazko ikus-entzunezkoak kontsumitzen dituzte gehien, alde handiz. Ikusten dituzten hamar edukitatik zazpi dira gaztelaniaz, bi euskaraz, eta bat ingelesez. Azterlan berean, baina, gazteek aitortzen zuten euskaraz kontsumituko luketela gehiago egongo balitz. Datuak eskuan, «arazoa eta aukera» antzeman zuen hor sektoreak, eta horri erantzutera dator 2deo, euskarazko ikus-entzunezkoak sortzera bideratuko den laborategia. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu du proiektua, Etorkizuna eraikiz programaren barruan, eta Donostiako Tabakaleraren esku utzi du orain, proiektua martxan jartzeko 980.000 euro eman ostean. «Tresna bera martxan jartzea izan da gure egitekoa. Hemendik aurrera, Tabakalera proiektuaren erdian kokatuko da, eta bizitza propioa edukiko du haren barruan», adierazi zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, atzo, Donostian egindako agerraldian. Bertan izan zen Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusia ere, eta azpimarratu zuen aurrerantzean euren egiteko nagusia zera izango dela, 2deo eta Tabakalera ikus-entzunezko sektorearentzako «erreferente» bihurtzea.

Ikus-entzunezko sektorearekin orpoz orpo egindako gogoeta prozesu baten emaitza izango da 2deo. Amaia Pavon Mondragon Unibertsitateko ikerlariarekin batera, Iban Arantzabal Goiena komunikazio taldeko zuzendaria aritu da urtebetez prozesua gidatzen, eta Arantzabal arduratuko da orain egitasmoaren hasierako fasea koordinatzeaz. Hain justu nabarmendu du prozesu guztian sektoreak zer-nolako pisua izan duen, eta aurrerantzean ere izango duen: «Sektorerik gabe, ez ginateke honaino helduko. Hau izan zitekeen aholkulari talde famatu eta argidun baten ideia berritzaile bat, eta ez da. Ez gara ez famatu eta argidun, eta sektoreak esandakoari jarraikiz egin dugu lan. Horrek esan nahi du sektorearen ahuldadea jaso ostean egin dugula proposamen hau». Sektoreaz aritzean, Arantzabal gidoilariez, ekoizleez, zuzendariez, ETBko profesionalez eta abarrez ari da. 80 elkarrizketa luze baino gehiago egin dituzte haiekin eta unibertsitateko ikerlariekin, eta horien «hustuketatik» eman diote forma proiektuari. Tabakalera izango du egoitza, Gipuzkoan, beraz, baina «harago ailegatzeko» nahia dute, Arantzabalen arabera: «Euskal Herriko proiektu modura ikusten dugu 2deo. Herri proiektu bat da; hizkuntzagatik, sektore indartsu bat daukagulako eta talentu handia dagoelako».

Sortzera bereziki

Sormena izango da 2deoren egitekorik «mimatuena». Horregatik eman diote laborategi forma, eta horregatik ez da arituko merkatuan lehiatuko diren produktu berriak sortzen bakarrik. «Gu esperimentatzera helduko gara, eta merkatuaren aurreko fase horretaraino eramango dugu esperimentazioa». Sormenaz gain, laborategiak beste hiru lan-lerro izango ditu: prototipazioa eta aurreprodukzioa; identifikazioa, jada martxan dauden proiektu interesgarriak atzemateko; eta zabalkundea, bertan sortutako proiektuak noraino heda daitezkeen aztertzeko. Ildo horiek zehaztea izan da orain arteko lana, eta espazioa egokitzeko obrak datoz orain. 500 metro karratu inguruko instalazioak izango ditu denera, eta Tabakalerako aurreneko pisuan egongo dira. Bi edizio gela, coworking gune bat eta aurkezpenetarako areto bat izango ditu, besteak beste. Halere, Arantzabalek zehaztu du espazioa beharren arabera moldatuko dutela, eta Tabakalerak dituen baliabideak ere erabiliko dituztela. «Ikus-entzunezkoen inguruan benetako ekosistema bat dago Tabakaleran», aipatu du.

Martxoan hasiko da laborategia martxan, eta egingo dituzten lehen proiektuen artean Arantzabalek hauek jarri ditu adibidetzat: gidoigintzari eta alde teknikoari eskainitako jardunaldiak, eskuko telefonoaren eragina aztertzeko saioak eta euskarazko telebistari buruzko jardunaldiak. Bi urteko epea aipatu du bidea egiten hasteko. «Sektoreak nahi badu aterako da proiektu hau, eta sektoreak ez badu ikusten, ez da aterako. Saiatuko gara, beraz, diferente sortzen, hala bakarrik izango ditugulako emaitza diferenteak».

«Egon ziren garai hobeak»

Sektorearen gertuan lan egitean, Arantzabalek azaldu du makal topatu dutela. «Sektorea ez dago onenean, estualdiak pasatu ditu. Egon ziren garai hobeak, eta gaur egun ez gaude hor». Hori iraultzeko, «esperimentazioa» izango da bidea harentzat. «Hiruzpalau laguneko enpresa asko dago, hamarretik beherakoak gehienak, eta ez da posible horiek esperimentatzeko gune bat izatea lan lekuan». Hori eskaini nahi du, bada, 2deok. «Handitzea baino, bizitzea da kontua».

Bestalde, Olanok aipatu du arduradun politikoek azpiegituretan jarri ohi dutela ikuspegia, eta iradoki du halako proiektuek balio lezaketela administrazio publikoaren ikuspegian eragina izateko: «Inportantea da baliabide publikoak gero eta gehiago hedatzea porlanetik kultur edukietara, baldin eta kalitatea eta irisgarritasun soziala baldin baditugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna