Durangoko 53. Azoka. Azokako beteranoak. Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editorea eta Anjel Valdes Elkar diskoetxeko arduraduna

«Egunerokoan zailtasun handiak ditugu gure lanak ikusarazteko»

Azoka egunak lan egunak dira Leire Lopez Ziluaga editorearentzat eta Angel Valdes ekoizlearentzat. Sortzaile eta sorkuntzei lotuta bizi dira biak ala biak, eta hala dabiltza egunotan ere, urte osoko uztari lotuta.
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko abenduak 7
Durangoko Azokako beteranoenetako bat da Angel Valdes (Bilbo, 1958), Elkar diskoetxeko arduraduna, 1987. urtetik hona diskoetxeei lotuta egon baita azokan: IZ etxearekin aritu zen lehenik, eta Esan Ozenkirekin geroago. Azken 24 urteak, baina, Elkar diskoetxearen erakusmahaien atzean eman ditu. Horretan dabil aurten ere, nobedade diren diskoen eta klasikoen artean. Valdes musikarekin nola, hala dabil Leire Lopez Ziluaga (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1981) letrekin. Berezia da aurtengoa Lopezentzat, Susa argitaletxeko editore lanetan lehena baitu Durangoko 53. Azokan.

Nola oroitzen duzue azokara etorri zineten lehen aldia?

LEIRE LOPEZ: Umetako oroitzapen lausoak ditut. Gurasoekin etortzen ginen ahizpa eta biok. Aparkatzeko eta erakusmahaiak begiratzeko zailtasunak gogoratzen ditut, txikiak ginelako oraindik. Poza ere gogoan dut, liburu artean egotearen poza.

ANGEL VALDES: 21 urte nituela etorri nintzen lehen aldiz: mendira joan, eta azokara etorri ginen gero. Gogoan dut Itoizek lehen diskoa argitaratu zuela, eta saria ere eman ziotela azokan.

Zer da zuentzat Durangokoa, azoka bat ala elkargunea?

L.L: Niretzat, 20:00etara arte azoka da; hortik aurrera, ea lagun batzuekin elkartzeko aukera dudan.

A.V: Batez ere, lan handiko egunak. Lan fisikoa, batetik, eta bestelakoa, bestetik. Zeregin asko izaten ditut: materiala, dirua, langileen txandak antolatu... Hedabide, artista eta kultur eragile zein elkarteekin elkartu eta egitasmoei buruz aritzeko ere aprobetxatzen dugu.

Aisia ala lana da azoka?

L.L.: Susa argitaletxean lanean hasi naizenetik aurreneko aldia izango dut Durangon, eta lana dut, batez ere, buruan.

A.V.: Zalantzarik gabe, lana. Baina erabat gustura egiten dudana, bestalde. Uste dut azokan gaudenok euskararentzat positiboa den zerbait egiten ari garen sentipenarekin lan egiten dugula. Eta horrek bere alde ona du.

Zein da azokan izan duzun unerik bitxiena?

L.L.: Bitxiena aurtengoa izango da. Azokaren beste aldean izango naiz.

A.V.: Momentu asko dira ezohikoak edo bitxiak. Gogoan dut, lehen urteetako batean, parrandan ibili eta gaupasa eginda nintzela lanera hurrengo egunean. Gogorra izan zen. Arratsaldean, bazkaldu ondoren, diskoak gordetzen diren armairu batean sartu, eta lo kuluxka eder bat egin nuen. Orduz geroztik ez dut halakorik berriz egin. Ikasi nuen irakasgaia.

Azoka aldatu da, zuen ustez?

L.L.: Angeli [Valdesi] utziko diot erantzuten. Agian hamar urte barru erantzun ahal izango dut nik ere, lanean jarraitzen badut.

A.V.: Uste dut azoka moduan asko hobetu dela. Deserosotasunaren barruan, lasai lan egin daiteke, nolabaiteko erosotasunarekin. Lanean hasi nintzenean, Durangoko Merkatu plazan egiten zen, eta hango baldintzak oso kaxkarrak ziren: hotza, euria egiten zuenean itoginak izaten ziren... Gaur egungo egoitza oso egokia da. Kontsumo moduak eta merkatua asko aldatu dira, eta musikari dagokionez, ekoizlea naizen aldetik, iruditzen zait txarrera egin duela. Musika gehiago dagoen arren, gutxiago saltzen da. Azokaren egunetan euskaldunak asko garela dirudien arren, egunerokoan zailtasun handiak ditugu gure lanei ikusgaitasuna emateko.

Euskal kulturak Durangoko Azoka gehiago behar ditu buruestimua hobetzeko?

L.L.: Esango nuke euskal kulturaren buruestimua lan onek hobetzen dutela.

A.V.: Ez da kopuru kontua. Nahikoa da urtean behin halakoak egitea, artegi bat izango litzateke bestela, edo ghetto bat. Euskaldunok gure bizitza arruntean behar dugu estimua: lanean, etxean, aisian... Gure arazoa ikusgaitasunean dago. Gure esku ere badago, euskara erabiliz ematen baitzaio hizkuntzari ikusgaitasunik garrantzitsuena.

Norekin hartuko zenituzke trago batzuk?

L.L.: Garazi Arrula Ruizekin, adibidez. Eta langintza honetan urteak daramatzan edozeinekin. Bereziki, andreekin. Asko ikasten dut hizketaldi bakoitzean.

A.V.: Konfiantza dudan jendearekin hartuko nituzke: nire lankideekin edo urtero bisita egitera etortzen zaizkidan horiekin.

Urteotako guztiotako kantu bat eta liburu bat?

L.L: Abestia aukeratu beharrean, diskoa aukeratuko dut: Mursegoren Hiru edo Akauzazteren azkena. Liburua, Mari Luz Estebanen edozein. Eta Xabier Gantzarainen Zuloa irakurtzen hasi naiz, eta oso gustura nabil.

A.V.: Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua [Elkar] aukeratuko nuke. Eta, kantuen artean, Ruper Ordorikaren Lurrean etzanda.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna