Narrazioa

Lezioak

Lekeition (Bizkaia) jaioa, 1962an. Poesia, haur eta gazte literatura, eta narrazioa landu ditu Iraila (Sustraia, 1984) poesia bilduma —lehen liburua— argitaratu zuenetik. Ibilbide horretan, sari ugari irabazi izan ditu. Itzultzailea ere bada.

MARTINTXO.
Miren Agur Meabe.
2018ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Itsasontzi batean sartzearen antzekoa zen, sudurzuloak bat-batean alga xehetuen lurrinez beteko balira bezala: harategian itsas usaina egoten zen.

Goizero esaten nion egun on harakinari eskolaratzean. Berak nire diosalari erantzuten zion xerrak zatitzeko aiztotzarra altxatuta. Ez zen egunik espaloian geldiunerik egingo ez nuenik. Horrexegatik, inoiz berak agurrik bueltatzen ez bazidan, adigaldurik zegoelako edo lanpeturik, zapuztu egiten nintzen. Nire goxotasunaren ordainetan, irribarreak, karameluak eta laudorioak jasotzen nituen. Truke-joko erraza zen.

Egun euritsuetan, ugazabandreak atzealdera sartzen eta txorizoginean laguntzen uzten zidan. Gorrituta izaten zituen eskuak, xeheturiko okelarekin nahastekoa zen pipergorriak tindatuta. Latorrizko azpil batetik trokoak hartu eta metalezko inbutu batean ipintzen zituen apurka-apurka, hodiaren muturrean heste gardena ahokatu eta gero. Nik biraderari eragiten nion, eta bueltak eman ahala lehengai gordina txorizo bilakatzen ikustea atsegina zitzaidan, oso. «Garbitu eskuak lehenengo. Zatitu kordela honenbeste. Neuk egingo dut morapiloa. Morapilo bikoitza. Ez ukitu hainbeste». Ondoren, bodegan esekitzen genituen kordak, freskotan, eta euliak uxatzen hestebeteetan arrautzarik errun ez zezaten. Nirekin gogaitzen zenean, andreak irratia pizten zuen nobela entzuteko eta senarrarengana bidaltzen ninduen mostradorera.

Mostradore atzeko aulkian jesartzen nintzen batzuetan, harakinaren altzoan, kontuak esateko. Aurpegi morexka zeukan, urdai gaziaren zainen kolorekoa. Ona al da zure maistra? Bueno. Ikasi al duzu zure izena eskribitzen? Bai. Zelan dabil zure neba fraideen eskolan? Ez dakit. Noiz dator aita? Amak daki hori.

Hormetako batean kartel bat egon ohi zen, zeinetan ganadu baten argazkia ageri zen, atalka banatuta, atal bakoitza geziz eta idazkunez seinalatua. Arbel txiki bat ere bazen, okelaren prezioak ortografia dorpez idatzita. Berba haiei begira egoten nintzen, silabaz silaba leitzen, ozen, ume guztiek egiten duten legez irudi bati erreferentzia bat dagokiola konturatzen direnean.

Behin batean, klariona hartu eta letra bat gehitu nuen arbelean, hitz batean falta zena. Bezero bi zeuden dendan. Nire grafia irregularra heldu baten grafian txertaturik ikustean, batak txalotu egin zuen nire behatzeko gaitasuna; besteak korrejidora deitu zidan, sornaz. Batak dohaina ikusi zuen nire ekintzan; besteak, akatsa.

Uste dut keinu hartan bazela letrekin aldez edo moldez izango nuen harremanaren ernamuina. Zuzendu eta zuzendu ibili naiz beti, irakasle, argitaldari edo idazle jardun dudanean. Berezko irrika izan dut zuzentzeko: zuzentzea zerbait osatzea zen. Orain ere badut, obsesioraino: zuzentzea neure burua osatzea da.

Amabitxi gurean bizi zen, eta sarritan egoten zenez gaixorik, praktikantea txitean-pitean etortzen zen gurera. Kutxatila zapal zilarkara batean ekartzen zituen xiringak, amumak ur irakinetan ipintzeko. Gizon hura etortzen zenean berba gutxi egiten zuten etxekoek. Neuri ere zaratarik ez egiteko agintzen zidaten. Orduan, neure pitxiekin ezkaratzeko mahaipean sartu eta amuma antzeratzen nuen nire fantasiaren arabera neure teilatupea zen txoko hartan.

Praktikanteak han erreparatu ninduelarik, galdetu zidan ea zertan nebilen. «Jatekoa egiten, erantzun nion, arroza. Arroza? Nik ez dut, ba, hor ezer ikusten». Hori esan eta batera jatekoa desagertu egin zen nire lapikotxotik.

Nago horixe izan zela, bizitzan zehar izan ditudan guztien artean, nire lehenbiziko errealitate-lezioa, xiringarik gabe eginiko ziztada. Irudikatu eta irudikatu ibili naiz beti, neure oraina mamitu nahian baita neure etorkizunaz pentsatzean ere. Beharrezkoa izan dut imajinatzea: imajinatzea zerbaitetaz jabetzea zen. Orain ere sentitzen dut premia hori; imajinatzea neure buruaz jabetzea da.

Portzelana apurtu nuenean legez neukan ama begira, salako arasan kuxkuxean ibili, kafe-ontzia eskuetatik jausi eta birrin-birrin egin zitzaidanean bezala. Kafe-ontzian bikote rokoko bat ageri zen zuhaitz baten gerizpean. Gizon lebitadun batek, kilimusi eginda, pa ematen zion eskuan dama bati. Damaren tirabuzoiei herriko jaietan kioskeroek saltzen zituzten erroska zurien antza hartzen nien. Ez dakit nora eramaten ninduen eszena hark, malbabisko usaineko testuinguru idiliko batera-edo, askotan hartzen nuen begiratzeko eta.

«Jantzi berokia, kolegiora goaz eta», agindu zidan. Denda itxi zuen ordua baino lehenago eta haren atzetik joan nintzen espaloian, ez eskutik helduta, ohi genuenaren kontrara. Ez nekien epaiketa batera gindoazenik.

Porteriako txirrina jo eta segituan, superiorak ireki, egongela batera gidatu eta itxaroteko eskatu zigun. Marmolezko mahai batean estanpak eta itsulapikoa zeuden. Amak hogerleko bat utzi zuen. Geroxeago, ogi-partitzailea eta alaba etorri ziren. Bekosko zeuden denak. «Orain barka eskatu neskatxo honi denon aurrean», esan zidan superiorak. Okerren bat egin nuela sinistuta, eta noizean behin jakin barikgaiztakeriak egiten genituela eskolan ikasita, barkamean eskatu nion, zergatia jakin ez arren.

Berak lelotu antzean begiratu ninduen betaurreko potoloen atzetik, haren amak aterki bat ateratzen zuen bitartean. Aterkia mokordo eginda zegoen, kirtena hautsita eta hagak okertuta. Begiak busti zitzaizkidan. Ezin nuen ulertu zergatik nengoen prest neuri ez zegokidan erru bat onartzeko, protestatu gabe, defendatu gabe. Eta orduantxe aitortu zuen salatzaileak: «Hau ez da izan guardasola apurtu didana». Etxerako bidean, amak eskutik oratu ninduen eta animatu egin nahi izan ninduen, esanez odolosteak erosiko genituela afaritarako, bion kutixiarik gogokoena.

Hala ere, ikusirik zalantzaren haziak une batean sikiera lur biguna topatua zuela amaren baitan, arrakala bat ireki zen neure buruarekiko konfiantzan. Duda-mudan ibili naiz beti, agian azertuaren eta hutsegitearen arteko tirandura emankorra delako. Neure-neure joera izan dut dudatzea: duda egitea sufritzea zen. Sufritzea gustatu al izan zait? Ez. Ez lehen, ez orain, baina sufritzean neure burua bihurtzen dut protagonista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.