Lau txosna gune alternatibok osatuko dute egitarau ofiziala

Herri Sanferminak plataforma Errekoleten eta O plazan egonen da, eta Nafarroa Oinez, Vistabellan. Antoniuttin gune berria izanen da

Iker Tubia.
Iruñea
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Ez dira nolanahikoak Iruñeko bestak. Parte hartzea eta inprobisazioa izaten dira bereizgarrietako bi. Baina, era berean, jendetza erakartzen duen besta da, kontsumismoari bide ematen diona, eta urtero hainbat gizonek emakumeei eraso egiteko baliatzen dutena. Horren aurrean, bestelako eredu bat eskaini nahi du herri mugimenduak, eta Iruñeko Udalaren egitaraua aberastuko duten hamaika jarduera antolatu dituzte hainbat gunetan.

Horretan da Herri Sanferminak plataforma, Gora Iruñeak zabaldutako bideari jarraitu dion mugimendua. Feminismoan, ekologismoan, parte hartzean, aniztasunean, euskaltzaletasunean eta antikapitalismoan oinarrituriko bestak eskainiko dituzte O eta Errekoleten plazetan. «Plaza txikietan elkartzearen alde egin dugu, uste baitugu plaza txikiak balio horiek lantzeko eta herritarron arteko elkarlanerako espazio aproposak direla», azaldu du Angela Epalzak, plataformaren izenean. Bi plaza horietan kontzertuak, jolasak, dantzak, bazkariak... izanen dira. Bi berritasun nagusi izanen dira aurten: txupinazo alternatiboa eta Okojoko Herrikadak deitutako gazteentzako jolasak.

Txosnak 14:30ean irekiko dituzte, kanporatzeko agindua jaso duen Cheikhouna Dieng gazte txantrearrak suziria botatzearekin batera. «Txupinazo honetan aldarrikatu nahi dugu pertsona guztiak gure hiriaren eta jaien parte direla, haien jatorria kontuan hartu gabe», ohartarazi du Epalzak. Bestalde, O plazan jantoki ekologikoa ere izanen da. Eguerdian, menua 18 euroan; eta gauez, ogitartekoak eta pizzak. Gainera, 6tik 9ra bitartean hamarretakoak emanen dituzte.

Euskara eta aniztasuna

Ohi bezala, Nafarroa Oinez-ek bere txokoa izanen du Vistabella parkean. «Giroa aberastea» dute helburu, eta nagusiki erdaraz den egitarauari euskal hitzak gehituko dizkiote. Gaur, txupinazoa eginen dute eguerdian, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera, eta, ondoko egunetan, kontzertuak, pailazoak eta tailerrak eskainiko dituzte. «Nafarroa Oinez egin aitzinetik laguntza jasotzen segitzeko aparteko laguntza da Oinez Txokoa», azaldu dute. Izan ere, Lesakako (Nafarroa) Tantirumairu ikastolak beste eraikin bat behar du, eta bildutako sosak horretara bideratuko dituzte.

Aurtengo berritasun nagusia Antoniuttin egonen da. Sortu berri diren Txirikorda eta La Trenza plataformek txosnak eta kultura eskaintza eginen dute han. Herri eragileak eta etorkinen elkarteak daude plataforma horietan. Eskaintzari dagokionez, musika taldeak eta Hego Amerikako folklore taldeak arituko dira, nagusiki. Horrekin batera, erakusketak, irakurketak eta debateak izateko aukera eskainiko dute inguru horretan. Antolatzaileek diote gune irekia nahi dutela: «Aniztasuna txirikordatu nahi dugu, aldarrikapen soziala elkargunearekin, kolaborazioarekin eta gozamenarekin uztartuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.