Altsasuko festak

Falta diren gazteak gogoan

Koxka tabernako istiluengatik kartzelan diren gazteak ez dira izanen Altsasuko bestetan, eta zenbait ekitaldirekin gogoratuko dituzte. Bestetako afixan ere aldarrikapena ageri da
<em>Altsasukoak aske</em> aldarria soinean daraman emakume bat, bestetan, buruhandiaren inguruan dantzan.
Altsasukoak aske aldarria soinean daraman emakume bat, bestetan, buruhandiaren inguruan dantzan. IÑIGO URIZ / FOKU

Iker Tubia -

2018ko irailak 15
Bestak ongi pasatzeko eta ospatzeko egunak badira ere, Altsasun (Nafarroa) dena ez da iji eta aja. Koxka tabernako liskarraren ondorioz, urtebete eta bederatzi hilabete daramate kartzelan Adur Ramirez de Aldak, Jokin Unamunok eta Oihan Arnanzek; lau hilabete, berriz, Jon Ander Cobek, Iñaki Abadek, Julen Goikoetxeak eta Aratz Urrizolak. Herria bete-betean jo duen afera da Altsasuko gazte horien epaiketa eta kartzela. Horregatik, bestetako egun gehienetan haien aldeko ekitaldiak izanen dira.

Gaur kantaldia antolatu dute Zubiondo abesbatzak eta Altsasukoak Aske plataformak. 12:00etan hasiko dira, Zumalakarregi plazan, eta ekitaldia eginen dute 13:30ean Foruen plazan. Kantuz oroituko dituzte Zaballako (Araba) eta Iruñeko kartzeletan behin-behinean preso dituzten gazteak. Bel Pozueta Altsasuko Gurasoen bozeramailea ez da harritu:«Hasieratik ikusi dugu jendea gurekin dagoela, eta elkartasuna sekulakoa dela. Oso babestuak eta maitatuak sentitzen gara bai herrikoengatik, baita gizarte osoarengatik ere».

Hala ere, onartu du egoera ez dela batere samurra: «Gogorra da. Festetan seme-alabek gurekin egon beharko lukete, festaz disfrutatzen». Egoera gogor horri aurre egiteko, Pozuetak begi onez ikusi du haien semeen aldeko hainbeste ekitaldi egitea. Baina, horrelakoetan, ezin izaten da balorazio positiborik egin: «Gazi-gozoa da; tristea baita gure semeak horrela gogoratzea».

Ostegunean hasi ziren Altsasuko bestak, eta, ordutik, zenbait ekitaldi egin dituzte kartzelan diren gazteak gogoratzeko. Atzo Elias Taño margolariaren bisita izan zuten. Valentzian bizi da, eta hiru aldiz zentsuratu dituzte hark egindako horma irudiak. Kaleko artearen bidez, besteak beste, Altsasuko gazteen askatasuna eskatu zuen hiru lan horietan. Bada, atzotik, horma irudia Altsasun bertan ikus daiteke. Ekitaldia egin zuten irudia aurkezteko.

Bestalde, oholtza gainetik ere oihukatu dute dagoeneko hainbeste zabaldu den Altsasukoak aske leloa. Tximeleta taldeak prozesu judizial hori salatzeko kanta abestu zuen bestetako lehenbiziko egunean, bildu ziren herritar guzien laguntzarekin. Ez dira bakarrak izanen: Los del Rayo taldekoek ere kantu horren bertsioa prestatu dute, eta bihar arratsaldean joko dute, kontzertuan.

Aldarria nonahi

Bi egun daramate altsasuarrek jaietan, eta kartzelan diren gazteen aldeko aldarrikapenak hartu du besta. Txupinazoaren egunean gazteen askatasuna eskatzen zuten zenbait pankarta atera zituzten, eta jende anitzek soinean darama Altsasukoak aske dioen kamiseta. Aldarria bestak iragartzeko afixara ailegatu da. Andoni Garabietak egin du, eta afixaren izenburuak argi uzten du egilearen asmoa: Aske. «Herri osoak elkartasuna adierazi nahi duela uste dut, eta festetan beti gogoan izan behar ditugu», azaldu du Garabietak.

Afixan bi buruhandi ageri dira, eta Altsasukoak aske kanpainan erabilitako letra mota erabili du, erreferentzia argia eginez. Baina kartzelan diren gazteena ez da lerro artean irakur litekeen aldarrikapen bakarra: «Zortzi buruhandi daude Altsasun, eta bi dira emakumeak. Horiek aukeratu ditut, baita eraso sexisten kontrako eta emakumeak festetan libre izatearen aldeko aldarri gisa ere», azaldu du egileak. Beraz, bi osagai ditu kartelak: besta eta aldarrikapena.

Oraindik bada gozatzeko aukerarik Altsasun, astelehenean bukatuko baitira bestak. Aldarrikapenak jarraituko du gero ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna