Eskozia. Independentzia erreferenduma

Aurreko esperientzia baliatzen Asier Arrate

2014ko erreferendumean giltzarri izandako herri mugimenduen eta eragileen orduko kanpainako esperientzia baliatu nahi dute berriz ere baietzaren aldeko mugimendua berrabiarazteko. Hainbat aditurekin eta mugimendutako kideekin aritu da BERRIA.

Edinburgo Mugimendua nabaritzen da Eskozian, Nicola Sturgeon lehen ministroak erreferendumera deitzeko asmoa agertu zuenetik, martxoaren 13tik. Herri mugimenduetako eta independentziaren aldeko erakundeetako kideak buru-belarri jarri dira lanean, berriz ere, independentziaren aldeko bigarren galdeketaren atarian baleude bezala, eta aurreneko galdeketaren eskarmentuaren esperientzia baliatuz.
2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak hala esan du: «Orain ez da abagunea», baina, presioa sentiarazteko eta giroa berotzeko, hasi beharra dago lanean, garaia iristen denerako. Aditu gehienen ustez, «aukera bat da» Erresuma Batuko Gobernuak baimenik ez ematea, idatzizko konstituziorik ez duelako. Baina, Robin McAlpine Common Spaceko zuzendariaren arabera, «erreferendumerako baimenik ematen ez badu, krisi konstituzional batean murgilduko dira». Sturgeonek brexit-a gertatu aurretik egin nahi du galdeketa, eta bi urte dauzka horretarako. Bien bitartean, gauzak asko alda daitezke, eta, inkesten arabera, gaur egun berdinketa dago baiezkoen eta ezezkoen artean. Halere, McAlpinek ez dio garrantzirik eman datari. Common Spaceko zuzendariaren esanetan, ezetzak erakargarritasun guztia galdu du brexit-arekin. Orain edo geroago egin, garrantzitsua da lasterketarako hobeto kokatuta daudela: «Aurreko kanpainaren hasieran independentziaren aldeko babesa %28 zen; orain, %50».

McAlpinen ustez, aurrekoaren emaitzak ez dira behar bezala aztertu: «Ez zen egin behar bezalako balorazio bat», baina masa kritiko handi bat sortu du, argi daukana zer egin zen gaizki 2014an. Masa kritiko horren erakusle izan zen urtarrilean egindako Independentziaren Aldeko Biltzarra. Kanpaina pizteko eta bigarren erreferenduma irabazteko lan programa osatzeko helburuarekin antolatu zuten. «Ikaragarria izan zen milaka pertsona estatu erakundeen berreraikuntza, makroekonomia eta halako gai ilunen inguruko hitzaldietan ikustea. Horrek erakusten du independentziaren aldeko kanpainaren seriotasuna».

Ekonomiaren garrantzia

Gai «ilunen» artean, ekonomia izan zen independentziaren aldeko kanpainaren hutsuneetako bat. Ezetzaren aldekoek gogor jo zuten SNP, proposamen faltagatik. Eskozia independente baten egitura ekonomikoa, finantzaketa sistema, dibisa eta halako gaiei aurre egiteko aurkeztutako paper zuriak narratiba asko baina erantzun gutxi zituela leporatu zieten. Craid Dalzzel Ekonomiako doktoreari esperientziak erakutsi dio ekonomiarekiko kezkak zerikusi handiagoa duela etorkizunari aurre egiteko plan bat izatearekin ekonomiarekin baino. Eskoziako dibisa eredurako proposamena izan zen horren erakusle 2014an. «Ezetzaren aldeko kanpainak betoa jarri zion, eta, hortik aurrera, eskoziarrek konfiantza osoa galdu zuten gure proposamenekin».

Izan ere, Project Fear (Beldurraren Proiektua) moduan egin zen ezaguna ezetzaren kanpaina. Helburua Eskozia independente baten ziurgabetasun ekonomikoa nabarmentzea izan zen. Ekonomialariaren ustez, «bigarren erreferendumean ere beldurrean oinarrituko da ezetzaren kanpaina, eta, horregatik, kanpaina sendoa egin behar dugu ekonomiaz; beharrezkoa da proiektu ekonomiko sendo bat izatea». Haren ardurapean prestatu dute Paper Zuria izeneko proposamen ekonomikoa. Urtarrilean aurkeztu zuten lehen bertsioa, eta bigarrena abuzturako izatea espero dute.

Bestalde, brexit-aren ondorioz Eskozian bizi diren EBko herritarren etorkizuna nabarmendu du: «Aurrekoan, Europako Batasunean jarraitzea izan zen askok ezetz bozkatzearen arrazoietako bat; oraingoan, haien babesa ezinbestekoa izango dugu».

McAlpinek bat egiten du EBko herritarrak erakartzearen garrantzian, baita Westminsterko austeritate politikek jotako langile klaseak erakartzean ere: «Ezezkoa eman edo bozkatu ez zutenen %10 erakarri behar ditugu, baina argi esan behar dugu erreferendumaren helburua ez dela soilik EBn jarraitzea. Hori eginez gero, irabaziko ditugun adina boto galduko ditugu».

Eskoziatik kanpo erreferenduma SNPrekin lotu bada ere, independentziaren aldeko herri mugimenduak giltzarri izan ziren 2014an herritar askoren babesa lortzeko. Radical Independence Campaign eta Women For Independence-n gisako taldeek lortu zuten independentziaren aldeko babesa handitzea gune laboristetan eta politikatik at zeuden komunitateetan. «Ezetzaren kanpainak hedabide handiak eta enpresa buruak ditu», esan du McAlpinek: «Guk, herri mugimenduak».

«Konektatzeko» ahalmena

Herri mugimenduek herritarrekin «konektatzeko» duten ahalmena nabarmendu du Victoria Heaneyk. Women For Independence taldeko kidea da, eta, oraindik lan programa osatu ez badute ere, adierazi du lanean jarraitu dutela aurreko erreferendumetik. «Datozen asteetan, egoeraren araberako plangintza osatuko dugu, baina, orain, hobekien egiten dugun horretan jarriko dugu arreta: emakumeen ahotsa entzutean». Hori lortzeko asmoz, kontsultak egiten aritu dira. «Zalantzan dauden emakumeei erakutsi nahi diegu independentziak nola eragin dezakeen euren eguneroko bizitzan». Inoiz baino garrantzitsuagoa izango da lan hori; izan ere, emakume gehienek batasunaren alde bozkatu zuten 2014an.

Erreferendumaren balizko dataz ere mintzatu da Heaney. Uste du bi urteko epeak egoera politikoa aztertzeko aukera emango diela, eta soilik horrela eskaini ahalko dutela sinesgarria eta egingarria den baietzaren aldeko argudioa. «Hau ez da gure lehen borroka: asko ikasi dugu 2014tik hona».

Guztiek uste dute ezinbestekoa dela ikusaraztea bilakaera izan duela, ezin dutela errepikatu 2014an egindakoa. «Berrikuntzak eta originaltasunak nagusitu behar dute herri mugimenduetan». Mezua eta hori zabaltzeko modua erabakigarria izango da.

«Boto emaileei azaldu behar zaie erreferenduma ez dela statu quo-aren eta aldaketa erradikalaren arteko aukera bat izango; ez dago statu quo-rik brexit-aren ostean». Hori da zabaldu beharreko mezua, Stewart Kirkpatrick kanpaina digitaleko buruaren aburuz. Nabarmendu duenez, «ezetz bozkatu zutenei azaldu behar zaie galdeketa ez dela 2014ko erreferendumaren errepikapena izango». Independentziaren aldekoek demografiarekin izango duten dilema ere azpimarratu du: «Gazte gehienak independentziaren aldekoak dira, baina gutxiago parte hartzen dute. Helduek, ordea, parte hartze handiagoa dute, baina aurka bozkatzen dute. Horri buelta eman behar zaio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.