'Atutxa auzia'. Europako Giza Eskubideen Auzitegia

Europan agerian, ostera ere

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu du berriro. Atutxari, Knorri eta Bilbaori «epaiketa bidezkorako eskubidea» urratu zietela dio. EAJk harrera beroa egin dio Atutxari
Juan Mari Atutxa, alderdikide eta senideek lagunduta, atzo, Bilbon.
Juan Mari Atutxa, alderdikide eta senideek lagunduta, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2017ko ekainak 14
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi du Espainiak urratu egin ziela Eusko Legebiltzarreko kide izandako Juan Mari Atutxari, Gorka Knorri eta Kontxi Bilbaori «epaiketa bidezkoa izateko eskubidea», 2008an Espainiako Auzitegi Gorenak hirurak kargugabetu zituenean Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa ez desegiteagatik. Epaiak ez du ondorio praktiko handirik izango: bederatzi urte igaro dira zigorrak —urte eta erdiko inhabilitazioa Atutxarentzat, urtebetekoa Knorrentzat eta Bilbaorentzat— ezarri zirenetik, eta Espainiak, gastuez gain, euro banako kalte-ordaina baino ez die eman beharko hiru auzipetuei. Baina garrantzi politiko handia du, berriro ere Europa osoaren aurrean agerian jartzen duelako Espainiako justiziaren jokabidea jatorri politikoko auzibideetan.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ez du auziaren mamia aztertu, eta ez du azaldu kargugabetze zigorrak egokiak izan ziren edo ez, baina argi utzi du Auzitegi Gorenak ez zituela hiru akusatuen arrazoibideak entzun nahi izan auzia epaitu zuenean, eta gogorarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, akusatuen arrazoibideak entzun zituenean, absolbitu egin zituela. Estrasburgoko Auzitegiko 3. aretoko zazpi epaileek aho batez hartu dute erabakia.

Auziak Batasuna eta beste zenbait eragile politiko legez kanporatzeko estrategian du sustraia. Batasuna legez kanpo utzi ondoren, 2003an, Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa desegiteko agindu zioten Eusko Legebiltzarreko Mahaiari. Mahaia osatzen zuten bost kideetatik hiruk —Atutxak, Bilbaok eta Knorrek— erabaki zuten ezin zutela horrelakorik egin, alderdi politikoa eta talde parlamentarioa ez zirelako gauza bera. Hiru mahaikideak birritan auzipetu zituzten EAEko Auzitegi Nagusian, birritan errugabetzat jo zituzten, baina azkenik Gorenak eman zuen epaia 2008an, eta kargugabetu egin zituen.

Atutxak epaiaren balorazioa egin du alderdiaren Bilboko egoitzan, Sabin Etxean, eta EAJk aukera baliatu du Herrizaingo sailburu eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko presidente izandakoari omenaldia egiteko. Buruzagi eta hautetsi jeltzale ugari —tartean, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Bilboko alkate Juan Maria Aburto, EBBren presidente Andoni Ortuzar, BBBko presidente Itxaso Atutxa, eta abar— Sabin Etxearen aurreko lorategian egon dira zain, kazetari multzo handi batek inguratuta, eta Juan Mari Atutxa eta haren emazte Begoña Zalduegi iritsi direnean, txaloka eta besarkada artean hartu dituzte.

Sabin Etxerako bidean, Justizia jauregiaren aurretik igarotzea egokitu zaio Atutxari, eta oso keinu esanguratsua egin du orduan, hatzaz hara seinalatuz. Izan ere, auzibidea indarrean egon zenean behin baino gehiagotan egokitu zitzaien Atutxari, Knorri eta Bilbaori hara joan behar izatea deklaratzera.

Atutxaren «kalbarioa»

Sabin Etxera iritsita, poza agertu du Atutxak epaia dela-eta, eta esan du «hamalau urteko kalbarioa» pairatzea suertatu zaiola «instituzioen duintasuna defendatzeagatik». Esan duenez, «zapalkuntza» sufritu dute, baina horren atzean zegoen asmoa «Eusko Legebiltzarra bosgarren mailako parlamentu gisa uztea» zen. Argi utzi nahi izan du gaur egun berdin jokatuko lukeela antzeko egoeran balego.

Akusazio larriak egin dizkio Atutxak Espainiako justiziari. Esan du «jende askorekin» berba egiteko aukera izan duela, eta horri esker auzi honetan izandako «bidegabekeria» ugariren berri izan duela. «Ondo dakit zer egon den honen atzean, nahiz eta, zoritxarrez, frogarik ezin dudan aurkeztu», erantsi du.

Beste bi auzipetuek ere baloratu dute Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena. Gorka Knorrek Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan esan du «pozik» dagoela «justizia» egin delako. «Berriro ere Europatik etorri behar izan zaio jipoia Espainiako Estatu tranpatiari», erantsi du Knorrek.

Kontxi Bilbaok, berriz, esan du «garai gogorra» izan zela hura, baina Estrasburgotik iritsitako epaiak «hein batean bada ere» konpondu egin duela «orduko injustizia».

Eragile politikoen aldetik erreakzio soka luzea ekarri du ebazpenak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez, esan du Atutxak, Bilbaok eta Knorrek «aitortza» merezi dutela eta euren jokabidea «eredugarria» izan dela. Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak, berriz, esan du epaiak argi uzten duela hiru auzipetuek egindakoa «ariketa demokratikoa» izan zela eta «euskal gizartearen aginduari» erantzun ziotela.

Eusko Alkartasunak ere elkartasun mezua bidali die Gorka Knorri —EAren ordezkari gisa aritu zen Eusko Legebiltzarreko Mahaian— eta gainerako bi mahaikideei. EAren ustez, epaiak berriro erakutsi du Espainiako justizia «erabat politizatuta» dagoela «euskal gatazka politikoarekin zerikusirik duen guztian».

Oso desberdina izan da Espainiako Gobernuak egindako balorazioa. Espainiako Justizia Ministerioak nabarmendu du Estrasburgoko Auzitegiak auzipetuei deklarazioa hartzeko beharraz baino ez duela ebatzi. «Horrek ez du esan nahi ezin zela zigor epaia eman desobedientzia delitu batengatik, edo etorkizunean ezin izango dela zigor hori ezarri», zehaztu du; «soilki adierazten du beharrezkoa zela, eta geroan ere beharrezkoa izango dela, akusatuei deklarazioa hartzea horrelako zigorra ezarri aurretik».

Katalunian ere

Egun, Kataluniako prozesu subiranista dago Espainiako justiziaren jopuntuan; beraz, ez da harritzekoa Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenaren gaineko balora- zio ugari Kataluniatik iristea. Kataluniako Gobernuko bozeramaile Neus Muntek esan du ebazpena «ohartarazpen argia» dela Espainiako Estatuko Fiskaltzari eta hark «kereilak jartzeko duen zaletasunari». Haren ustez, ebazpenak «beste zaplazteko bat» ekarri dio Espainiako justiziari eta «epaitegien erabilera politikoari».

Junts Pel Si koalizioko Roger Torrentek, berriz, antzekotasun handiak topatu ditu Eusko Legebiltzarreko hiru mahaikideen aurkako auziaren eta Kataluniako Parlamentuaren Mahaiaren kontrakoaren artean. «Ebazpen horri esker argi ikusi dugu nolako aldea dagoen justizia sistema demokratiko baten eta Espainiako justizia politizatuaren artean», esan du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna