Memoriaren Eguna. Erakundeetako ekitaldiak. Hernani

«Mugarri bat gure herriaren historian»

Hernanin udaleko alderdi denek egindako ekitaldia, atzo.
Hernanin udaleko alderdi denek egindako ekitaldia, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena -

2015eko azaroak 11
Harri beraren bueltan, memoriarako eskubidea aldarrikatu dute Hernanin (Gipuzkoa), lehen aldiz, udaleko alderdi guztiek batera. «Sinetsita gaude memoriak kolektiboa, plurala eta integratzailea izan behar duela», esan zuten EH Bilduko, EAJko, Orain Hernaniko eta PSE-EEko ordezkariek, atzo Ave Maria parkean egindako ekitaldian. Ordezkari politikoen inguruan, ehundik gora herritar. Nabari zen zerbait berria zela ikusten ari zirena. Ekitaldia amaituta, batek ingurukoei esandakoa lekuko: «Honek trago bat merezi du, ez?».

Txalapartaren ondoren, Luis Intxauspe alkateak (EH Bildu) eta Andoni Amonarraiz (EAJ), Jaione Aristegi (Orain Hernani) eta Ricardo Crespo (PSE-EE) zinegotziek batera irakurri zuten adostutako testua. Ondoan zuten ekitaldirako propio jarritako harria. «Gure herriaren historian mugarri izatea nahi genukeen harria, bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna islatuko duen harria». Azken urteetan haien arteko harremana «pitzatuta» egon dela azaldu zuten, eta «elkarrenganako errespetuan eta aitortzan sustraitutako elkarbizitza» lantzeko konpromisoa agertu. Ekitaldia bera jarri zuten konpromiso horren adierazgarri.

Indarkeria politikoak arrastoak utzi ditu Hernanin. Eusko Jaurlaritzaren udal erretratuen mapan, esaterako, hamasei lagun hil dituztela ageri da. Gertatuaren memoria islatu nahi izan dute «alde eta ertz ugariko» harriarekin. Haren gainean, bi bertso, plaka batean idatzita —laster, azalpen bat ere erantsiko diote ondoan—. Maialen Lujanbiok egin ditu, eta berak kantatu zituen atzo herritarren aurrean. «Zaurgarri diren ertzak leundu, leundu kamustu gabe; gu ez baikara elkarren berdin, baina bai elkarren pare».

Aurrerantzean, Ave Maria parkeko leku hori «elkargune» izatea nahi dutela azaldu zuten ordezkari politikoek, «jendarte inklusibo eta parte hartzailearen zutabeak zizelkatu eta lantzeko elkargune». Lehenengo topaketa bilkurara bildutako ehundik gora herritarrek gauzatu zuten, ekitaldi ofiziala bukatuta, Txoriak txori kantari hasita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna