Euskarabidea: «D ereduaren kanpaina ez da atera kudeaketa arazoengatik»

Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Iragan asteazkenean, LAB sindikatuak kritika egin zien Nafarroako Gobernuari eta Euskarabideari, ez dutelako aurrematrikulazio epean D eredua sustatzeko kanpainarik egin. Sindikatuarentzat, gertaera «larria» da, Euskarabideak «beti egin baititu matrikulazioa D ereduan egiteko kanpainak, udalekin elkarlanean».

BERRIAk erabaki horri buruz galdetu dio Euskarabideko zuzendari Mikel Arregiri. Erakunde publikoko arduradunak onartu du aurten ez dutela ohiko kanpaina egiterik izan, baina «kudeaketa arazo baten ondorio» izan dela argudiatu du. Zehazki, kanpaina finantzatzeko sistema berri bat planteatu zuen Euskarabideak: udalek dirua aurreratzea, eta gero gobernuak inbertsio hori itzultzea, laguntza deialdi baten bidez. «Udalek ezezkoa eman zuten, aukera horrek ordainketa handiegia egitea ekarriko liekeelako». Puntu horretan ados jarri ezinik, bertan behera gelditu da kanpaina.

Aurrera begirako urratsak

Arregiren esanetan, baina, aurtengo kanpaina bertan behera geratu izanak ez du esan nahi aurrerantzean eginen ez dituztenik: «Komunikazio estrategia orokorrago bat lantzeko prozesu betean gaude, baina ez diogu utziko euskararen irakaskuntza sustatzeari. Helduen euskalduntzeari buruzko kanpaina, adibidez, oraintxe ari gara prestatzen, udalekin eta tokiko administrazioekin elkarlanean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.