Jaurlaritzak 7,9 milioi euro aurreikusi ditu indarkeria matxistaren biktimentzat

Segurtasun Sailaren 2022ko aurrekontua 725,1 milioi eurokoa izatea proposatu du gobernuak; aurtengoa baino 33,2 milioi handiagoa

Iosu Alberdi.
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkorekak 2022ko aurrekontu proposamenean bere sailari esleitutakoen nondik norakoen berri eman du. Segurtasun Sailak 725,1 milioi euroko aurrekontua izango luke datorren urtean, eta horietatik 7,9 milioi genero indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren biktimak babestera bideratuko lituzke.

Segurtasun Sailaren «berdintasunaren ardatz estrategikoaren» barruan, «indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak babestera bideratutako» lau programa aurkeztu ditu Erkorekak. Haren esanetan, 5.038 emakumek —urte hasieran baino 257 gehiagok— jasotzen dute Ertzaintzaren nolabaiteko laguntzaren bat, indarkeria matxistagatik salaketa bat jarri ostean, eta laguntza horiek indartzeko erabiliko dute 7,9 milioi euroen zati handiena. Bortxa aplikazioa mantentzearen alde ere egin du sailburuak: egun, 248 emakumek erabiltzen dute Ertzaintzarekin eta SOS Deiak zerbitzuarekin komunikazioa errazteko tresna.

Beste bi proposamenek indar polizialen arteko koordinazioa dute helburu. Sailak urtea amaitzerako jarri nahi du martxan Emakumeen eta Etxekoen Babesa sistema; besteak beste, emakume bakoitzaren arrisku ebaluazioak polizien artean homologatzeko balioko du. Datorren urterako, berriz, koordinazio protokolo «berritzaile» bat eratu nahi du, «Europako Kontseiluaren Istanbulgo Hitzarmenean jasotako emakumearen aurkako indarkeria gertaera guztiak» barne hartuko dituena.

Etxe barrura begira, Ertzaintzan dagoen «desoreka argia» konpontzeko —ertzainen %85 gizonak dira—,emakumeen sarrera sustatzeko plan bat iragarri du. Halere, Jaurlaritzaren aurrekontu proposamenak Segurtasun Sailaren diru sarreretan aurreikusten duen 33,2 milioi euroko igoeraren zati handiena beste alor batzuek jango lukete: «inbertsio errealak» gauzatzeko aurrekontua %69,9 haziko da, langile gastuetara zuzendutakoa %2,8, eta Arkautiko akademiara bideratutako finantzazioa %1,7.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.