Legezko bazterketaren errepidean galduta

D eredua herrialde osora zabalduta, Nafarroako Gobernuak aurten jarri ditu indarrean Euskararen Legeari eginiko aldaketak. Eremu ez-euskalduneko familia askorentzat, berandu heldu da aldaketa.

Zonifikazioaren ondorioz, Gares edo Tafallara joan behar izaten dute inguruko herrietako haurrek. IDOIA ZABALETA / ARP.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Goizero-goizero hartzen dute autobusa Haizeak eta Lurrek. Artaxoan bizi dira (Nafarroa), baina Tafallara joaten dira egunero, Garces de los Fayos ikastolan DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egitera. Halabeharrez. Tafallako institutuaren autobusean joateko aukera dute orain —familiak poltsikotik ordainduta—, baina, aurretik, autoz joan behar izaten zuten. Horrela eman zituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako urte guztiak, egunero 22 kilometroko ibilbidea egiten. Zonifikazioaren albo kalteak dira. Euskararen Legeak bazterrean utzitakoak.

«Euskaldun berriak gara bikotekidea eta biok, eta, alaba zaharrena eskolatzeko unea heldu zenean, argi genuen euskarazko eredua nahi genuela», azaldu du Lur eta Haizearen amak, Maite Juriok. Eremu ez-euskaldunean bizi dira, ordea, eta garai hartan, ezin zituzten haurrak D eredu publikoan matrikulatu. Artaxoan ez, behintzat: «Geure kabuz hasi ginen Tafallara autoz joaten. Hamaika kilometro joanean, eta beste horrenbeste itzulian. Aitak eramaten zuen alaba goizez, eta nik jasotzen nuen, arratsaldez. Hasiera gogorra izan zen hura».

Bigarren ikasturtean jada, Artaxoako beste familia batekin partekatu zituzten seme-alabak ikastolara eramateko eta jasotzeko lanak. «Gurasoen arteko elkarlanak erraztu zigun prozesua. Izan ere, haurrak herritik kanpo eskolatzen dituen lehenak izateak buruhauste asko eragin zizkigun, eta ez soilik kilometroena. Faktore asko dira kontuan hartu beharrekoak: ordutegiak, gastuak... Guk, zorionez, oso harreman ona dugu seme-alabak euskaraz matrikulatu dituzten Artaxoako beste familiekin», azaldu du Juriok.

Nafarroako Legebiltzarrak 2014. urtean onartu zuen Euskararen Legearen azken aldaketa, D eredua Nafarroa osora hedatzeko. UPNren gobernuak, ordea, entzungor egin zion lege aldaketa hari, eta gobernua aldatu arte zain egon behar izan dute Nafarroa hegoaldeko gurasoek, seme-alabak euskarazko eredu publikoan matrikulatu ahal izateko. Eta hori ere, zailtasun handiz.

Lodosako Martinez Baigorri ikastetxea da D ereduko lerroa zabaldu berri duten hiru ikastetxeetako bat —Tafallako eta Caparrosoko eskola publikoak dira beste biak—. Kostata lortu zuten hango familiek euskarazko eskaintza bermatzea, ez baitziren gutxieneko ikasle kopurura iristen. «Aspaldiko aldarrikapena zen euskarazko lerroa zabaltzearena, eta azken unera arte ez ziguten ziurtatu», azaldu du Iñigo Campo lodosarrak. «Presio handia egin behar izan genuen, baina, azkenean, Hezkuntza Departamentuak arrazoia eman zigun, eta, borroka horri esker, 3 eta 4 urte bitarteko 11 haurrek osatzen dute euskarazko gela».

Gela horretan dago Afrika, Camporen alaba gazteena. 5 urteko Amaia, berriz, A-PAI ereduan segitzera behartu dute, eta ikasgai gisa soilik ikasten du euskara. Egoera berean dira 4 eta 5 urtetik gorako neska-mutiko asko Erribera osoan. 1986ko legearen ondorioz, belaunaldi asko galdu ditu euskarak Nafarroa hegoaldean.

«Ez dute arriskatu nahi»

Jurioren familiarentzat, berandu heldu dira Euskararen Legeari eginiko aldaketak, Lur eta Haizea alabak DBH egiten ari baitira honezkero. Begirada atzera botata, ordea, «bigarren edo hirugarren mailako herritar» sentitu izan direla nabarmendu du artaxoarrak: «Errepidera atera gabe herrian bertan eskolara joan ahal izatea; besterik ez genuen eskatzen, baina ez digute inongo baliabiderik eskaini. Laguntza falta sumatu dugu urte hauetan guztietan».

Aurten D eredua Nafarroa osora hedatu izana urrats garrantzitsua dela uste du Juriok, baina eremu ez-euskalduneko gurasoei jarritako trabak nabarmendu ditu: «Askorentzat, eskaintza hori ez da erreala. Artaxoan, adibidez, badira haurrak D eredu publikoan aurrematrikulatu zituzten hiru familia, baina ez zekiten euskarazko lerroa zabaltzeko adina haur egonen ziren ala ez, eta, azkenean, Tafallako ikastolara eraman dituzte, plazarik gabe gelditzeko beldurrez». Beldur hori «logikoa» dela uste du: «Nola arriskatuko zara zure haurra D ereduan matrikulatzera, eskaintza bermatua ez badago? Egoera horretan, normala da hainbatek atzera egin izana». Horregatik uste du «behar-beharrezkoa» dela aldaketa partzialak gainditzea eta Euskararen Legea bertan behera uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.