LAB ez da Adegirekin bilduko, Gibelalderen adierazpenak direla eta

Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 6a
00:00
Entzun
LAB eta patronala are gehiago urrundu ditu Pello Gibelalde Adegiko presidenteak joan den ostiralean egindako agerraldiak. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren ustez, «onartezinak» dira gazteen «gose faltaz» esandakoak. Hori dela eta, Gibelalderen dimisioa eskatu du. Halaber, jakinarazi du bertan behera utzi dutela datozen egunetan Adegirekin lan hitzarmenen inguruan egitekoa zuten bilera. «Hitz horiek erakusten dute Gipuzkoako patronalak azken urteen izandako jarrera». Etziko elkarretaratze bat antolatu dute Adegiren egoitzaren aurrean, Ernai gazte antolakundearekin batera.

Confebaski ere bidali dio mezua LABek. Roberto Larrañaga Confebaskeko presidente berria sindikatuekin bilera erronda egiten ari da aste honetan. CCOOrekin bildu zen atzo, ELArekin bilduko da gaur eta LABekin etzi da biltzekoa. Sindikatuak, ordea, patronalari ohartarazi dio Gibelalderen berbak gaitzetsi ezean, ez dela joango etziko bilerara.

Adierazpenok gaitzesteko, EH Bilduk ebazpen proposamen bat aurkeztuko du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Honela dio lehen puntuak: «Gibelalderen hitzak bidegabeak eta iraingarriak dira. Gazteek gure gizarteari egiten dioten ekarpena gutxiesten dute, beraien esfortzua mespretxatzen, eta ez du kontuan hartzen pairatzen duten lan eta ekonomia prekarietatea».

Gibelaldek ekintzailetzaz hitz egiterakoan gazteak kritikatu zituen: «Gure seme-alabak ondoegi bizi dira, ez dute goserik ahalegin handiak egiteko». Gipuzkoan per capita errenta 33.000 euro dela gogoratu ondoren, gazteek esan zuen Txinara edo Indiara ez dutela joan nahi, besteak beste. «Gure enplegua munduan dago. Alemanian egotea ez da etxetik kanpo egotea hegazkinak egonda. Etxean aitatxo eta amatxorekin goxo egotea, ezkontzea eta Donostian etxea erostea ezinezkoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.