Erkin ekin dio

Martxoaren 11n, legebiltzarra berritu, eta maiatzaren 27an presidentea aukeratuko dute Kolonbian. FARC gerrillatik sortutako alderdiak, Herriaren Indar Iraultzaile Alternatiboak, asteburuan hasi du kanpaina, Bogotan.

Imelda Daza FARCeko presidenteordegaia eta gainerako hautagaiak, Bogotan, asteburuan. MAURICIO DUEÑAS / EFE.
Jon Artano Izeta.
Bogota
2018ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
«Plaza pixka bat itxuratu zain daude hasteko», ebatzi du barre txikia eginez perimetroa zaintzen duen polizietako batek. Ingurua hartua dute: helikoptero bat zeruan, frankotiratzaileak teilatuetan, eta 150 bat agente bueltan. Ez dira askoz gehiago fariano-ak. Zerbait bazekiten antolatzaileek, aukeratutako parkinean ez baita milaka lagun kabitzen.

Amodioa eta gorrotoa hatz koskoetan tatuaturik ditu Catalina Morak. Eta mailua eta igitaia bularrezurrean. Zazpigarrena da FARCen Bogotako kongresurako zerrendan. «Ilusioz gainezka nago, nahiz eta kaleko lana ez den samurra, gure kontra eraiki duten giroagatik». Hiriburuan iraultzaileen kanpaina gidatzen ari den unibertsitateko kideen saldokoa da, irakaslea ogibidez.

Iragarritakoa baino ordubete geroago ekin diote bi aurkezlek giroa berotzeari, oihuka: «Non zaudete, Usmekoak!? Cazuca gainekoak!?». Bere historiako lehen kanpaina aurkezteko Ciudad Bolivar aukeratu du FARCek, Bogota hegoaldeko auzo txiroa. Tiradizo txikia izan du deialdiak. Azkenerako, ordea, itxuratu da plaza,eta hasi dira hizketan. Luciano Marin Arango Ivan Marquezek ustelkeria eskandaluak zerrendatzen dihardu.

Arrosa gorria, alderdiaren ikurra, estanpatua duten elastikoak daramatzate entzuleek. Iconozcoko gizarteratze gunetik autobusez etorritako gerrillari ohi batzuk daude, eta unibertsitario dezente. Alisson Bonillak 18 urte ditu, filosofia ikaslea da, eta «duela hiru hilabete» sartu zen FARCen, «fede handia» duelako «herritarren aldaketarako ahalmenean». Bozekiko anbibalente mintzo da: «Esperantza dut. Baina, zintzotasunez, gaudenak gaude... ez gara hainbeste. Aldaketa nahi duten gazte denak ere ez daude hemen, askok Gustavo Petroren alde jo dute». M-19 gerrillako kide ohiak hautagaitza propioa aurkeztu du.

Boto kutxena baino lehenagoko kezkak dituzte, ordea, FARCekoek. «Sufritzen ari garen jazarpena da grabeena; etxekoak kezkatuta dauzkat», azaldu du Bonillak. Astebete eskas da, auzo honetan bertan, subfusilak zeramatzaten hiru kaputxadunek Leydy Poblador militantea bahitu eta jipoitu zutela. Hautagaien aurkako heriotza mehatxuak egin zizkioten,aske utzi aurretik. 37 gerrillari ohi asasinatu dituzte bake akordioa izenpetu zutenetik. Kolonbian inork ez du ahaztu Union Patrioticaren (UP) aurkako genozidioa. Borroka armatuaren alternatiba gisa sortu zuten alderdi hori desmobilizatutako gerrillariek 1985ean. Milaka kide erail zituzten paramilitarrek eta estatuko indarrek. Sergio Velazquezi(58 urte) begiak busti zaizkio, emaztea eta semearekin etxetik alde egin zuen egunsentia oroitzean. «Latza da heriotzari ihes egin beharra desberdin pentsatzeagatik. Berriz gerta daiteke, beldurra sumatzen da, baina segitu beharra dago; nik ez diot sekula utzi militatzeari».

Velazquezek bezala, UPn militatzeagatik alde egin behar izan zuen Imelda Dazak ere; 26 urteko erbestealdia pasatu zuen Suedian. FARCen presidenteordegai moduan ari da oholtzatik: «Halamoduzko demokrazia haize berritzera gatoz, parte hartze politikoa blokeatu duen horma eraistera. Ahotsa izateko, armak beharrezko izan ez daitezen».

Hitzaldiko burrunbarik ez da aditzen kale bat iparralderago. Auzoak ohiko larunbat bateko itxura du. Hori dio mitinera bidean doan Daniel Rodriguezek. «54 urte ditut, eta, hermano, hemengoa badakigu zer den… 200.000 pesotan [58 euro] erosten dituzte botoak. Uribistek, eta santistek, eta alderdi tradizional denek». Diru asko da hori auzoan; «hileko errenta 300.000 edo 350.000 da», zehaztu du Ivan Pinilla mekanikariak. Badaki hemengo berri, «etxadi hau geuk sortu genuen duela 30 urte; orube zikin bat baino ez zen orduan». Ciudad Bolivar (700.000 biztanle), Bogotako gainontzeko aldiriak bezala, esponentzialki hazi da azken hamarkadatan landa eremuetatik etorritako migratzaileekin, asko gerrak desplazatuak. Habanako akordioei ezetz bozkatu zion gehiengoak metropoliaren hegoaldeko auzo pobreetan, baita Ciudad Bolivarren ere. Irabazi, edonola ere, abstentzioak irabazi ohi du hemen. «Nortasun agiria dudanetik, sekula ez dut bozkatu», dio Pinillak, eta «hauek [FARCengatik] ez dira hobeak. Ez ditut ikusi jendearekin hizketan... Lau autotzarretan etorri, auzoko biltokian batzarra egin, eta ospa!».

'Timochenko', oholtzan

Rodrigo Londoño Timochenkok hartu du hitza: «Gaurtik, errepublikako presidente izateko hautagai naiz. Eta trantsizio gobernua gidatuko dut, bakean eta justizia sozialean oinarritutako Kolonbia berri bat sortzeko». Hitzaldia sarritan eten behar izan du atseden premian. Ez da Habanatik itzuli zaharra. Han artatu ohi dute bere osasun arazoez, eta ezagun du ez dagoela sasoirik onenean. Komandante ohia grabatzen ari diren dozenaka kamerarien gibelean txor-txorrean ari dira alderdiaren harreman arloan aritzen diren batzuk. Izenik ez aipatzeko baldintzan onartu du batek «oso jende gutxi» etorri dela. «Auzokoa inortxo ere ez; denak FARCeko kide petoak dira. Bakea sinatu genueneko entusiasmoa lurrundu da askorengan. Ez dugu boto asko lortuko. Baina lortzen duguna, gutxi bada ere, ona izango da. Oinarriak jarri eta haztea da kontua, zortzi-hamar urtera begira».

FARCi bizkar emanda ari dira gainontzeko hautagai eta alderdi ezkertiarrak, herritar askok gerrilla ohiari dion gorrotoaz jakitun. Inkestek ez diote ematen%2tik gorako emaitzarik. Iraultzaileak, ordea, landaguneetan indarra erakutsiko dutela sinetsita daude. Boto kopurua zeinahi dela ere, datozen bi legegintzalditan, gutxienez hamar eserleku izango dituzte; bost senatuan (102tik) eta beste bost ordezkarien ganberan (166tik). Hala baitago jasota bake akordioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.