Baiezkoak bozen %90 lortu ditu Irakeko Kurdistanen

Turkiak eta Irakek maniobrak abiatu dituzte eskualde autonomoaren mugan. Siriako Gobernua hango kurduen autonomia negoziatzeko prest agertu da

Irakeko eta Turkiako militarrak, Irakeko Kurdistango mugan. SEDAT SUNA / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko independentzia erreferendumean erraz nagusitu da baiezkoa, bozen %90etik gora lortuz. Eskualde autonomoan eta pexmergak hedatuta dauden eremuetan herenegun eginiko galdeketak %72ko parte hartzea izan zuen. Irakeko Kurdistango presidente Massud Barzanik, baiezkoa ospatu, eta herritarrek adierazitakoa entzuteko eskatu die Bagdadi eta nazioarteari.

Turkiako eta Irakeko armadek, ordea, maniobra militar bateratuak abiatu dituzte estatuen arteko mugan, independentzia erreferendumari erantzuteko. Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek adierazi du prozesu independentistari aurre egiteko «aukera guztiak» mahai gainean daudela: «Ekonomikoetatik hasi, eta aire eta lurreko neurri militarretara». Turkiako presidentearen esanetan, «bake bidea oztopatzen bada», ez du euren esku dauden neurriak hartzea zalantzan jarriko.

Galdeketa ez da loteslea, bainaBarzanik dio baiezkoak «independetziaranzko negoziazio bide baketsu bat» abiatzeko mandatua eman diela: «Etapa berri bat abiatu dugu». Barzanik negoziazioa abiatzeko eskatu dio Bagdadi, «mehatxuak eta zigorrak albo batera utzita». «Galdeketak ez du Irakeko Kurdistanen mugak ezartzea bultzatu nahi, herriak etorkizuna erabakitzea baizik».

Irakek, ordea, uko egin dio erreferendumaren ostean estatuaren batasuna ezbaian jarriko lukeen negoziaziorik hasteari. «Ez gaude prest erreferendumaren emaitzen inguruko eztabaidarik edukitzeko, konstituzioaren aurkakoa baita», azaldu du Irakeko lehen ministro Haider Al-Abadik. Lehen ministroak gaineratu du eskualde autonomoan lotura duten hegaldiak bertan behera utziko dituela, 72 ordu baino lehen Irakeko Kurdistanek eskualdeko aireportuen kontrola Bagdaden esku uzten ez badu. Eskualde autonomoaren mugen kontrola ere Irakeko Gobernuaren esku uzteko agindu du Al-Abadik. Erabakiok «estatuko konstituzioan oinarrituta» hartu dituztela azaldu du.

Turkia, mugitzeko prest

Irakeko Kurdistanekin muga egiten duten gainontzeko estatuek ere bat egin dute Irakeko Gobernuaren jarrerarekin. Turkiako Atzerri Ministerioak «baliogabetzat» jo du independentzia erreferenduma, nazioarteko zilegitasunik ez duela azpimarratuz.

Bide horretan, Bagdad eta Ankarak elkarlanean abiatutako maniobra militarrak defendatu ditu Erdogan presidenteak, eta mehatxu egin kurduei: «Militarrak ez daude mugan kasualitatez, Irakeko Kurdistanen ager gaitezke bat-batean, gau batean».

Turkiak ez du, ordea, Irakeko Kurdistanen eta euren arteko muga itxi. Ankara Bagdadeko gobernua mugaren kontrola berreskuratzeko egiten ari den lanen emaitzaren zain dago. Iranek bai, itxi ditu Irakeko Kurdistanekin dituen mugak, Bagdadek hala eskatuta.

Barzanik gogoratu die eremuko egonkortasuna mantentzekofaktore garrantzitsu izan direla kurduak, eta etorkizunean ere hala izango direla.

Iraken eta bere aliatuen adierazpenek ez dute bat egin erreferenduma jarraitu duten nazioarteko behatzaileekin. Behatzaileen ustez, boza «askea, irekia eta gardena» izan da, eta negoziazioei hasiera eman behar die.

Bestalde, Kanadako lehen ministro Justin Trudeauk adierazi du kurduek abiatutako prozesua babesten duela. AEBetako hainbat kongresukide ere Irakeko Kurdistanen autodeterminazio eskubidearen alde agertu dira, AEBetako Gobernuak behin eta berriz prozesua atzeratzeko eskatu arren. Horien esanetan, prozesuak ez du AEBen eta kurduen arteko erlazioa eten behar.

Damaskoren keinua

Errealitatea bestelakoa da Sirian. Hango gobernua estatuko kurduekin negoziatzeko prest agertu da. «Betiere, Estatu Islamikoa garaitu ostean», azaldu du Siriako Atzerri ministro Walid Al-Moualemek.

Siriako Kurdistanek bere autonomia propioa ezarri zuen 2011n. Hango kurduek ez dute independentzia erreferendumik egiteko nahia azaldu, baina bai, Siria «deszentralizatu» baten barruan, euren autonomia mantentzearena. Horren baitan, komunetako hauteskundeak egin zituzten aurreko astean, euren menpeko lurraldeetan ezarri duten sistema federalaren barruan.

Siriako Gobernuak euren egoera Irakekotik ezberdindu du: «Siriako kurduek nolabaiteko autonomia nahi dute, baina Siriako mugen barruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.