Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Loezinarenak (I)

2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Luxuzko bazkari batean izan naiz gaur. Edo atzo, zuk hau irakurtzen duzunerako. Elkartu zaizkigu familiako hiru lau ospakizun potolo, bat egin dugu etxeko bostok Euskal Herrian aspaldiko partez, eta lehen aldiz erabaki dugu buruko ehun euro baino gehiago ordaintzen den jatetxe batera joatea. Ospatu ere egin behar omen da taxuz, eta zer demontre, hogeita hamar urtean behin bada ere, merezi dugu hainbeste.

Beti da tranpatia auto-merezimenduaren diskurtsoa, baina zer nahi duzue esatea: bezperako insomnioan ikusitako telebista saioaren ostean, zaila da aldarrikapen adeitsuegi hori ez besarkatzea. Googlek jasotako datuen arabera fidagarria den edo ez zuk zeuk epaitu biztanleriaren %15 loezin kronikoan bizi gara. Eta %25ek noizbehinako insomnioari egin behar dio aurre. Nork bere metodoekin arintzen du gaua, baina ohiko samarra da denbora-pasa ikus-entzunezkoekin betetzea: dela TikTok, dela Instagram, dela Netflix.

Nik, bart gauean, Netfixlen aurkitu nuen aringarria. First Class izena duen reality gisakoari egin nion kosk; eta ezin izan nuen erabat askatu lau edo bost atal irentsi arte. Georginari eskainitako dokumental luzeak arakatu zuen bide berean sakontzen du sailak: dirua nahi beste duten horien bizitza erakusten du, haien kezka azalekoak eta haien jatorkeria jasanezina. Hainbeste non inbidiari amorrua eta higuina gailentzen zaizkion.

Dozena bat lagunekin osatu dute aberaskumeen lagina: badira modaren sektorean lanean ari direnak, bikote aberats baten kontura bizi direnak edo baita nahi duten edozein zereginetan aritzeko beste diru dutenak ere. Haien kezka nagusiak haserre gogoratzeko modukoak dira: ordainduz argaltzeko ahaleginak, munduan arrasto iraunkorra uzteko saiakerak, edo artearen munduan egindako sartu-irtenak. Hori guztia, jantzi, otordu eta hotel garestiez inguratuta.

Ez luke, printzipioz, inori gomendatzeko moduko edukia izan behar, baina loezinean galduta dagoenaren begietan, badu hipnotikoa den zerbait. Gogorra da kontu korrontean bi zero baino gehiago ez izatea; eta zer esanik ez, oherako bidea egitea loa oztopatzen dizuten kezkekin. Baina goizeko ordu txikitan, haserretzekoa bezainbeste da lasaigarria diruz blaitutako horien bizitza azalekoek higuina sortzen dizutela sentitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.