Mikel Orbañanos. Hondarribiako entrenatzailea

«Irabazteko eta lan egiteko era dira gure garaipenik handiena»

San Miguel liga irabazi izanagatik aurten ere, bere-berean segitzen du Hondarribiako entrenatzaileak. Epe luzeko lan ona du oinarrian, eta hori egiteko «klub egokian» dagoela azpimarratu du.

Aitor Manterola Garate.
2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Orion (Gipuzkoa) euri tantak hasi dira Mikel Orbañanos (Orio, 1973) elkarrizketatzen hasi eta segituan. Tantaz tanta. Haren lana ere halakoxea ari da izaten Hondarribiako entrenatzaile 2002. urtean hasi zenetik. Poliki-poliki, gozo eta leun, sekulako emaitzak ari da lortzen Ama Guadalupeko-arekin.

Udaberri amaieran aitortu zenuen zure asmoa zela arraunlari guztiak erabiliz ahalik eta ondoen ibiltzea udan. Bete da zuk nahi zenuena. Pentsatzekoa da esan zenuena esaterako jakingo zenuela hori egiteko gai zela taldea.

Neguko jaitsieretako estropadak eta denboraldi aurrekoak ikusita, bagenekien horretarako taldea genuela, udan lehiakorrak izango ginela. Garrantzi handia ematen nion arraunlari guztiei aukera emateari, eta, gainera, irabazteko gai izango gara. Uste dut garaipenei garrantzi handia ematen diegula, eta beste gauza batzuk ere oso kontuan hartzekoak izaten dira. Hondarribiaren aurtengo garaipenik handiena izan da lan egiteko eta estropadak irabazteko modua.

Beste urte batzuetarako taldea lortu duzu aurten?

Ikusi da horrelako talde handi batean aldaketak eginda ondo joan dela trainerua. Garbi geratu da arraunlari bat bera ere ez dela aldaezina, eta, jakina, ezta entrenatzailea ere. Oreka mantenduko dugu datozen urteetan.

Belaunaldi aldaketa izan da Hondarribiaren banderarik garrantzitsuena?

Hala da. Baina pixkanaka datorren kontua da, ez aurtengoa bakarrik. Horrelako liga batean garaipenak lortzeko, betidanik gustuko izan dut arraunlari gehienek parte hartzea; 2011n ikusi zen oso lan txukunak egiteko gai zela talde hau. 2012an ere urte ona egin genuen, Espainiako Txapelketa irabaziz, 2013an Kontxako Bandera irabazi genuen, eta azken bi urteetan San Miguel liga irabazi dugu. Arraunlari asko erabili ditugu urte hauetan, eta poztekoa da hori.

Aurkariak uste baino apalago ibili dira ligan?

Guk asmatu egin dugu estropada askotan, erabakiak ondo hartu ditugu arraunlariak aukeratzerakoan. Gero, emaitzak hasieran onak izan ziren, eta horrek sekulako konfiantza eman dio taldeari; gainera, aldagelan giro ona bermatzen dizute garaipenek. Estropada bat jokatzen ez zuen arraunlariak bazekien barruan izango zela hurrengo egunean, eta denak egon dira tentsioan, jokatzen ari zirenak eta jokatzen ari ez zirenak.

Erraz hitz egiten da belaunaldi aldaketaz, baina ez du samurra izan behar hor barruan dagoen arraunlari handi batzuei esatea kanpoan geratuko direla estropada batzuetan.

Bai, jakina. Entrenatzaile batentzat horiek dira erabaki zailenak. Urte osoan ondo eraman dugu aldaketena, baina gero, estropada jakin batzuetan, hamahiru arraunlari onenak aukeratu behar izaten dira. Nik badakit ez zegoela alde handirik bat sartu edo bestea joan, baina erabaki bat hartu behar izaten da. Gure esku egon den guztia ondo landu dugu, eta estropadetan gure kezkak beste batzuk izan dira: kaleen arteko aldeak, txanden arteko aldeak eta abar. Eskertuta nago Osertzen [Osertz Aldai] eta kanpoan geratu direnen jarrerarekin. Haien laguntza hori ezinbestekoa izan da emaitza onak lortzeko.

Belaunaldi aldaketarena klubean aspalditik datorren egoera da, ezta?

Hori da. Hondarribia izango da San Miguel ligaren historian estropadaz estropada aldaketa gehien egin eta garaipena lortu duen taldea. Ematen du aurten egin dugula belaunaldi aldaketa, baina atzetik datorren zerbait da. Urte batzuetan fruitu onak ematen ditu, eta aurtengoa izan da hori.

Fruitu on horiek heltzeko ezinbestekoa da klub osoan eta maila guztietan koordinazio betean egitea lana?

Bai. Horretan eredu da Hondarribiako arraun elkartea. Gazte mailan lan ona egiten da, eta gero segida ematen zaio lan horri. Kirol talde gisa eredu gara, lan egiteko eragatik eta garaipenak lortzeko bideagatik, eta zentzu guztietan ari naiz.

Zuzendaritzak eta entrenatzaileak duzuen harremanean ere eredu zarete?

Eredu ez dakit, baina ezberdina dela bai. Oso eroso nago haiekin, eta asko eskertzen diet nirekin duten jarrera. Entrenatzaile eta zuzendaritzakoen ohiko harremana baino bereziagoa da gurea.

Helburua zen liga irabaztea ala estropadaz estropada joatea zen asmoa?

Astez aste joan nahi izan dugu. Estropadak jokatu ahala ikusi dugu aukera genuela irabazteko, eta orduan hasi gara ligan buru-belarri pentsatzen. Helburuak jarri baino lehen ikusi egin behar izaten da guk nolako maila dugun, eta aurkariak nola dabiltzan.

Aldaketak egitearen beste alderdi ona izan da Kontxako Banderara oso ondo iritsi zinetela.

Ligan hain ondo ibiltzeak behartzen zaitu beti maila onena ematera. Kontxara irabazteko aukerekin ari gara heltzen azken urteetan, baina egon dira urteak hala izan ez dena; urte horietankontxako estropadetan aurkariek guk baino maila altuagoa eman dute.

Kontxan Urdaibaik irabazi zizuen. Iruditzen zaizu ligan apalxeago ibili dela gero Donostian denak emateko?

Lehendabizi, Urdaibai zoriondu nahi dut, Kontxako Banderan lortutako garaipen handi horregatik. Ez da ligan apalago ibili. Oso ondo ibili da. Gure gainean izan dugu estropada askotan, ez dugu alde handiz irabazi estropada batzuetan. Kontxako Urdaibai ez da izan ligakoa baino hobea. Pena dut Kontxan ez irabazi izanaz aurtengo Urdaibai ez delako izan beste batzuetan bezain menderaezina.

Kontxan ez irabazteak zuen denboraldi bikaina itsustu dezake?

Ezta pentsatu ere. Arraunlariei hori esan genien Kontxaren atarian, ezin zuela itsustu Kontxako emaitzak gure urte bikaina. Aurreneko igandea eta gero ere bagenekien irabazle bat bakarrik izango zela, eta gu izan gara bigarren. Baina eman diogu buelta, eta oso pozik gaude uda osoan emandako mailaz.

Taldea hain ondo egon eta pentsatu al duzu: «Aurten ez badugu irabazi Kontxa, noiz?».

Pena ematen du hain eskura eduki eta ez irabaztea.

Hurrengo urterako erronka polita geratu zaizu entrenatzaile bezala.

Gu pozik gaude egindakoarekin. Belaunaldi honek handia egin du azken urteetan. Mantentzen badugu laneko giro hau, gu pozik egongo gara. Garaipenak etortzen badira primeran, baina bestela ere bai, lanean horrela segitzen badugu. Guk ez daukagu presiorik ezer irabazteko.

Aldaketak izango dituzu taldean datorren urtean?

Ez dut uste. Ari naiz hizketan arraunlariekin, eta oso gustura daude. Orokorrean denak dira jarraitzekoak. Osertzek ez du jarraituko, eta besteren batek agian ere bai, urtero izaten delako hutsuneren bat.

Osertz Aldai Isuntzan ariko da datorren denboraldian entrenatzaile lanetan. Hondarribia ere hasi da entrenatzaileak hor zehar zabaltzen, Orioren kasuan bezala?

Oso albiste ona da gurekin hainbeste urtez egon den arraunlari batek aukera hori egitea. Esan nahi du asko ikasi duela gurekin, eta baduela orain gogoa hori erakusteko. Entrenatzaile bezala poza ematen dit batetik, baina pena ere bai, bestetik, arraunlari eta pertsona handi bat galduko dugulako taldean. Nire taldeko arraunlariaz gain, Osertz lagun handia dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.