HILBERRIA. Xabier P. Docampo

Haur literaturaren aberrikoa

mikel lizarralde
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
«Idazle egin nintzen nire eta nire ondokoen memoria dudalako, hizkuntza eta haurtzaroa bizi ditudalako, gizakiaren bi aberriak diren neurrian» Hizkuntza eta haurtzaroa. Biak bizi izan zituen Xabier P. Docampok, eta aberri ere bilakatu zituen, hamaika liburutan erakutsi zuenez. Xabier Puente Docampo (Rabade, Lugo, Galizia,1946), galizierazko literaturako ahotsik pertsonalenetakoa, handienetakoa eta sari gehien lortutakoa atzo hil zen, Coruñan. 72 urte zituen, eta zertxobait umezurtz utziko zituen bere liburuekin disfrutatu zuten haur, gazte eta helduak.

Joan den urtearen hondarrean argitaratu zuen Docampok bere azkeneko lana, A nena do abrigo de astracán, 36ko gerraren ondorengo urteetan girotutako istorioa, faxismoaren eskuak eta zangoak nola hedatzen ziren erakusten duena. Helduentzako lana zen, edo, gutxienez, heldueentzako bilduma batean kaleratu zuten liburua, Docamporen literaturak adar asko zituen seinale. Irakaslea, aktorea, gidoilaria, galiziaeraren eta kulturaren sustatzailea, eta ipuin kontalaria. Hori guztia izan zen Docampo, baita idazlea ere. Idazle oparoa, gainera, nahiz eta ez zen argitaratzen hasi 40 urte izan arte.

Irakaskuntza izan zuen alderdi horien guztien nolabaiteko akuilu. 1980ko hamarkadaren hasieran, pedagogia irauli zuten mugimenduei lotu zitzaien, batik bat, Nova Escola Galegari, Francoren diktaduraren ostean irakaskuntza demokratizatzeko eta galegizatzeko sortutako plataformari. Hala, eskolak eman zituen Galizian bertan, baina baita handik kanpo ere, betiere hizkuntza, literatura eta ahozko tradizioa ardatz zituela.

1980ko hamarkadaren erdialdean hasi zen argitaratzen Docampo: O misterio das badaladas (1986), Un ollo aberto e outro sen cerrar (1986), A chave das noces (1988), O pais durminte (1993), eta 1994an iritsi zitzaion erabateko oihartzuna Cando petan na porta pola noite argitaratu zuenean —Koldo Izagirrek itzulia argitaratu zuen Elkarrek euskaraz bi urte geroago: Gauez ate joka datozenean—. Lan hartan, ahozko tradizioaren oihartzunak ageri ziren, beldurrezko lau istorioren bitartez transmitituak. Lan hark Galiziako Kultura Ministerioaren saria eman zion, baita Espainiako Sari Nazionala ere, baina horiek baino inportanteago, Docampo milaka irakurleren etxeetan sartu zen. Eta galizieraz idatzitako literatura zabaldu zuen bere eremu geografikotik kanpo.

Docamporen literaturan gurutzatzen dira misterioa, suspensea, abentura eta emozioa, eta ez dira harritzekoak idazleak berak ikur edo totem gisa aipatu zituen bi idazle: Robert Louis Stevenson eta Alvaro Cunqueiro. Ramon Nicolas kritikariak egin zion galdetegi batean, berriz, bere buruaren erretratu fidela egin zuen. Altxorraren uharte-ko John Silver pirata eta «Sierra Maestrako bizardunak» miresten zituen, eta etorkizunean «bere buruaren jabe izango zen Galizian» bizi nahi zuen.

Euskaratuta daude haren hainbat narrazio: Kanpai hotsen misterioa, Gauez ate joka datozenean, Ibiltzeko era bat asmatu zuen gizona (Elkar, 1996), Balerioren erabakia (Erein, 2005) eta Gaur nire iraganaren sartuko zara (A Fortiori, 2007).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.