Zegama-Aizkorri mendi maratoia

Bonnet eta Nilsson garaile

Nagusitasunez irabazi dute Remi Bonnet suitzarrak eta Ida Nilsson suediarrak Zegama-Aizkorri. Aritz Egea zortzigarren sailkatu da, eta Oihana Azkorbebeitia, seigarren
Remi Bonnet eta Ida Nilsson aurtengo garaileak, Sancti Spiritun gora, Aizkorrirako bidean.
Remi Bonnet eta Ida Nilsson aurtengo garaileak, Sancti Spiritun gora, Aizkorrirako bidean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Unai Ugartemendia -

2018ko maiatzak 29
Ezustekoa bai, baina ez handiegia. Gehienek iazko Zegama-Aizkorriko garaileen —Stian Angermund-Vik norvegiarraren eta Maite Maiora euskal herritarraren— alde egiten bazuten ere, askoren kinieletan zeuden aurtengo garaileak: Remi Bonnet suitzarra eta Ida Nilsson suediarra. Bonnetek sasoiko dagoela erakutsi zuen ostiraleko kilometro bertikalean. Ez zuen aurkaririk izan. Zalantzak zeuden Nilssonen sasoiaren inguruan, orain bi aste La Palmako (Kanaria uharteak, Espainia) Transvulcania ultra (74 kilometro) irabazi eta gero. Ez zuen denbora askorik behar izan herenegun zalantzak uxatzeko.

Giro sargoriak, hezetasunak eta lokatzak bat egin zuten lasterketaren garaian. Irteera eman orduko, beste urte batzuetan ez bezala, Aritz Egeak indarrak gordetzeko hautua egin zuen lehen kilometroetan, eta Otzaurten (7. kilometroa) taldean sartu ziren lehen korrikalariak. Handik aurrera, Bonnet izan zen lasterketan jaun eta jabe. Aratzen bi minututik gorako abantaila ateratzen zien beste guztiei, eta handik helmugaraino, bere tartea kudeatu beharrik ez zuen izan. Atzetik, Angermund-Vik postuetan aurrera egin zuen kilometroak igaro ahala, eta Oltzen (27. kilometroa) bigarren postuan jartzea lortu zuen. Azken hamabost kilometroetan gauzak ez ziren asko aldatu lehen bi postuetan. Ezta helmugan ere. Hirugarren posturako lehia bost kilometro falta zirela erabaki zen, eta askorentzat aurtengo sorpresa izan zitekeen Bartlomiej Przedwojewski poloniarrarentzat izan zen. Sinistu ezinik zeharkatu zuen Zegamako helmuga.

Egea saiatu zen beste behin. Azken egunetan adierazi bezala, inoiz baino lasaiago zegoen aurtengorako. Bere betiko erakustaldiak alde batera utzi, eta indarrak gordetzeko asmoa erakutsi zuen. Hala ere ez zen nahikoa izan lehen bosten artean sartzeko. Arranpekin egin behar izan zituen kilometro asko, eta horrek ez zion bere onena ematen utzi. Bere markatik oso urrun gelditu zen urretxuarra herenegun (4.05.13). Egearena ez ezik, euskal selekzioko Ander Iñarraren lasterketa ere aipatzekoa da: hamazazpigarren postuan helmugaratu zen, 4.14.05eko denborarekin.

Emakumeetan, Maite Maiora iazko irabazleak ez zuen bere egunik onena izan. Orain bi aste ultra distantziako Munduko Txapelketan parte hartu zuen, eta badirudi ez zela berak uste bezain ondo indarberritu. Otzaurtetik nahiko atzean igaro zen mendaroarra, eta handik aurrerako bidea sufrikarioa izan zen, Sancti Spiritun lasterketa bertan behera uztea erabaki zuen arte. Ordurako, argi zegoen azken garaipena Ida Nilssonen, Laura Orgueren, Ruth Croften eta Emelie Forsbergen artean jokatuko zela. Aizkorrira iristerako, lehia Nilssonen eta Orgueren eskuetan gelditu zen. Eguneko azken gailurrak, Andraitzek erabaki zuen garailearen izena. Bertan, Nilssonek minutu eta erdiko abantaila ateratzen zion Orgue kataluniarrari. Handik aurrera, abantaila areagotu besterik ez zuen egin. Croft izan zen hirugarren.

Oihana Azkorbebeitia izan zen Euskal Herriko lehen emakumea (4.57.18). Sasoiko zegoela adierazi zuen bezperan, eta munduko onenekin lehiatu zen. Ohi bezala, oso lasterketa erregularra egin zuen abadiñarrak, eta seigarren postuan amaitu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna