EKOGRAFIAK

Beheko aldeko jendea

Miren Manias -

2019ko martxoak 20
Zutabe honek spoiler-a dauka. Beraz, Narcos: Mexico telesaila ikusten ari bazara, hobe duzu irakurtzen ez jarraitu. Netflix plataformak denboraldi bakarra ekoitzi du oraindik, baina nago ni jarraipen luzea izango duela telesail horrek —bigarren denboraldirako kontratua jada sinatu zuten 2018ko abenduan—. 1980ko hamarkadan Mexikon sortutako droga-trafikatzaile talderik handiena du hizpide: Cartel de Guadalajara, hain zuzen ere. Miguel Angel Felix Gallardo aitabitxia izan zen horren burua. Ibilbide profesionalari polizia moduan ekin bazion ere, laster ohartu zen herrialdeko ustelkeriaren tamaina handiaz. Areago, lanean egindako kontaktuak baliatzea eta ikasitakoa praktikan jartzea erabaki zuen. Zehazki, Mexiko eta AEBak artean marihuana trafikatzen hasi, eta kokainaren negoziora salto egin zuen segidan.

Netflixen telesailak gidoi bikaina dauka, berehala harrapatzen zaituzten horietakoa baita. Drama ugari dago, baina ikusleak badu arnasa hartzeko tarterik ere. Gallardoren negozio ilunez gain, haren familiaren eta gertukoen pasarteak tartekatzen dira. Alegia, droga trafikoaren erritmo bizia eta pertsonaia nagusiaren bizitza pertsonaleko kontakizun lasaiagoak orekatuz. Esango nuke, era berean, atal bat galduz gero erraz jarraitu daitekeela istorioaren haria. Baina detaile txikiek garrantzi handia dute. Adibidez, taldearen informazio konfidentziala zabaltzea traizioa da; halere, epe luzean iraun dezake horrek gordeta. Inork haren kontra egitea erabaki arte, alegia. Horregatik, droga trafikatzaileen arteko harremanek jarraipen zorrotza eska diezaiokete ikusleari.

Narcos: Mexiko-k beste telesail bat ekarri dit gogora. 2000ko hamarkadan HBOk ekoitzitako The Wire (entzuketa). Bien arteko antzekotasunak asko dira. Arreta nagusia droga trafikoan jartzeaz gain, pertsonaien istorio landuek ikusleari ahalbidetzen diote haien jarrerak eta ametsak ulertzea. Ondorio naturala da narkoarekin enpatia izatea. Baina narkotrafikatzaileen munduan dena ez da arrosaren kolorekoa. Hori da haien arteko ezberdintasun nagusia. Izan ere, Netflixeko telesailean ez dago ikuslearen iritzi kritikoa lantzen duen alderdirik. Esate baterako, gutxitan ageri dira narkobandaren behealdeko lagunen arazoak. Agian, bigarren denboraldirako utzi dituzte horiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna