Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ikusteko modukoa

2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Begiekin jaten omen dugu. Gosea begitik sartzen zaigula, hala dio topikoak. Eta egia izango da, kartako plater konbinatuen argazki horituek kontrako efektua lortzen badute ere.

Baina ororen gainetik, bistan da begiekin ikusten dugula (jendea) jaten eta kozinatzen, gero eta telebista formatu bihurrituagoetan ikusi ere. Orain hogei urte sukaldari berritsuen oldeak bete bazituen telebistako parrilak, orain klase guztietako lehiaketak dira pantailari begira jartzen gaituztenak.

MasterChef da, Espainian, aldaera ezagunena; baina EITBk ere dozena erdi bat sukaldaritza saio ditu dagoeneko: Txoriene, Sukalerrian, A Bocados, Juego de Cartas, El Club del Tupper eta RSB. Eta orain beste bat: Jateko modukoa. Klaudio Landak aurkezten du, eta El Club del Tupper saioa First dates-ekin gurutzatzearen emaitza da. Hiru gonbidatuk hiruna plater kozinatu behar dituzte, horiek dastatu eta baloratuko dituen laugarren pertsona batekin zita bat lortzeko asmoz. Bi norabidetakoa da erronka: lehenek ahal bezain txukun kozinatu behar dute aukerarik ez galtzeko. Bigarrenak otorduak epaitu behar ditu, horrek gustuko duen pertsona kanpo uztea ekarriko ote duen jakin gabe.

Hamabi atal izango ditu lehen denboraldiak, eta hor dago saioaren lehen meritua. Behin baino gehiagotan fantaseatu dugu lagun artean euskarazko First dates baten balizko aukerarekin; ezinezkotzat jo izan dugu beti. Jateko modukoa-n, ordea eta beharbada, belaunaldi gazteagoek euren irudia kudeatzeko modu askoz arinagoa dutelako,telebistan euren maite jolasak haizatzeko prest dauden 48 lagun aurkitu dituzte. Saioaren zati gionizatuenak behartu samarrak iruditu bazaizkit ere, lehen atalean behintzat, jokoa ematen duen laukotea osatu dute.

Susmoa dut gaztelaniazko saioei —eta bertako parte hartzaileei— baimentzen dizkiegun joera eta ateraldiak gogorrago epaitzen ditugula euskaraz ari direnean. Bada begirada atzerakoi hori eranzteko garaia. Ez naiz ni saio horren publiko objektiboa. MasterChef-ek asperdura eragiten dit, eta First dates-ek, kontrolatzerik ez dudan auzolotsa. Baina bietako bat gustatzen bazaizu, eta zer esanik ez biak badituzu gustuko, ikusteko modukoa da. Irentsi edo ez irentsi, zita errepikatu edo ez, hori probatu ostean erabaki behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.