Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Kaletik Tiktokera

2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Briefing-ak, sare sozialetarako planak, transmedia proiektuak. Lanbide bakoitzak ditu bere jerga eta zeregin arraro samarrak. Zerrendatutako horiek dira gureak, kontsumo azkarraren garai aldrebes hauetan ikus-entzunezkoak (eta abar) egiten bizi garenonak. Halako hitzak kateatzen ditugun bileretan, bada azken urtean asko errepikatzen den galdera bat —zer esanik ez gazteak erakartzeko misio korapilatsua ezartzen bada—: eta Tiktokekin, zer? Erantzuna, gehientsuenetan, anbiguo samarra da: bai, egin behar genuke zerbait, baina ez da erraza asmatzea.

Litekeena da orain ezezaguna egiten zaiguna gure egunerokoan txertatuta izatea urte gutxi barru; orain ulertezina diruditen kodeak pentsatu gabe errepikatzen topatzea geure burua. Gertatu zaigu aurrez meme-ekin edo Instagrameko storie-kin ere. Baina, gaur-gaurkoz, Euskal Herrian komunikazio alorrean gabiltzan gehienontzat Tiktok arrotza da oraindik; gure gaztetasunaren iraungitze data gaindituta dagoela salatzen duen froga. Pentsa, Gaztea bera ere bertan aritzeko formula fintzeko ahaleginean ari da.

Bien bitartean, dozena bat lagun eta elkarte ari dira Tiktoken euskarazko edukiak sortzen; zenbait, arrakasta handiz, gainera. @elemelons Zumaiako gazteak eta Julen Portillo Zarauzko umoristak 10.000 jarraitzaile inguru pilatu dituzte; eta Jokin Pedrennok (@kafearensemea) 5.000 baino gehiago ditu. Kasu deigarriena Barratik kalera ekimenarena da: itxuraz, ikasle multzo batek martxan jarritako Youtubeko saioa da, tabernako barraren atzean egiten den elkarrizketa oinarri duena. Arrakasta handiz zabaltzen ari direnak, ordea, saioaren osagarri diren kale-elkarrizketa umoretsuek dira. Parranda giroko elkarrizketek FortFast espainiarren edukia gogorarazten dute, baina Tiktokera fin-fin egokituta. Hogei bideo laburrekin, milioi bat ikustaldi baino gehiago pilatu dituzte. Haietako batzuk Twitterren bolo-bolo zabaldu dira, telebistetara eta irratietara ere iristeraino.

Beharbada komunikazioaren eremuan lanean ari garen milennialok gure kabuz ikasiko dugu Tiktok erabiltzen. Baina hala ez balitz ere, zer? Ez gara hain inportanteak. Badugu nori ikasi, nori galdetu, nor kontratatu. Guk ez, beharbada, baina beste batzuek bai, Tiktoken (ere) asmatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.