Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Telebista (1926-...?)

2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Urte berriarekin datoz promesa eta desira berriak. Baita makabro samarra den Twitterreko jolasa ere. Nekroporra esaten zaio, eta izenak iradokitzen du dena. Hasiko den urtean zein pertsona ilustre zenduko den asmatzean datza. Klase guztietako erantzunak ematen ditu jendeak umorez batzuk, benetan asmatzeko grinaz besteak, eta niri ere izen bat edo beste pasa zait burutik. Baina ez dut hemen publikatzeko bezain gustu txarra edo ausardia izango. Beste nekroporra paralelo bat proposatzekoa bai, ordea. Dagoeneko asko dira egongelan telebista klasikorik ez duten etxeak; dagoeneko plataformetan edo Youtuben ikusten ditugunak hizpideago ditugu ETBn, Telecincon edo France3n behatutakoak baino. Datorrenaren zantzuak nabarmenak dira. Galdera ez da gertatuko den edo ez, noiz gertatuko den baizik. Noiz etengo da telebista tradizionalaren seinalea? 2025ean? 2040an? Beranduago?

Lanak errazteko, hona balizko pista batzuk. Netflixeko burua den Reed Hastingsek, adibidez, gehienez ere hamar urteko bizi-itxaropena aitortzen dio telebistari. Baina gauza jakina da streaming edukien jabeek interes partikularrak dituztela auzi honetan. Fidagarriagoa da ohiko telebistaren alorrean lanean ari direnen hitzei erreparatzea. Eta horretan, aitzindaririk bada, BBC telebista publiko britaniarra da hori. Dituzten datuak kontuan hartutaGarazi Goiak kontatu zuen BERRIAn bertan, Britainia Handiko nerabeek gehiago ikusten dutela TikTok BBC baino, erabaki dute aurrea hartzea, balizko heriotza horren zain egon beharrean. Heriotza programatuaren edo eutanasiaren bidea da hartuko dutena.

Tim Davie zuzendariak iragarri du. 2030erako telebista eta irrati seinaleak bertan behera uztea aurreikusten dute. Eta horren partez, plataforma digital bat nahieran ikusi edo entzutekoa, baina baita zuzenean ere izango da sortuko duten eduki guztiaren bilgune nagusia. Galdera gehiago atera daitezke baieztapen horri tiraka: BBCk 2030ean egiten duen hori noiz iritsiko da, adibidez, ETBraino? Primeran plataforma izango da laster euskarazko eduki ia guztiak ikusteko modu bakarra? Eta gehiago ere bai: nola eragingo die horrek edukiei? Iraupenak, formatuak... aldaraziko ditu? Eta publizitateari? Pertsona adinekoenak gai izango dira aldaketa horretara egokitzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.