Sorkuntzarako eremuak

Hendaiako Nekatoenea artisten egoitzak hogei urte bete ditu; Euskal Herriko mota horretako lehenetako bat da. Artistei pausa momentu bat emateaz gain, herri baten errealitatearekin topo egiteko aukera ematen die.

BERRIA.
Hendaia
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Fisikoki mugitu gabe urruti joateko tokiak dira artisten egoitzak. Hutsetik hasi eta tokia egiten diena sorkuntzari, ametsei, zirriborroei eta, zergatik ez, barne gatazkei. Artisten etxe bat Abadian; zergatik ez? Eremua Anton Abadia zientzialariarena zen, eta bera eta gero haren emaztea hil zirenean, ondarea Frantziako Zientzia Akademiaren esku geratu zen. 400 bat hektareako eremua; barnean, besteak beste, 40tik gora baserri, tartean Nekatoenea. Hogei urte bete ditu aurten.

Itsasbazterreko Kontserbatorioak 1979an erosi zuen Nekatoenea baserria, eta garai hartan oraindik ere jendea bizi zen bertan, erretretan zeuden hiru anaia. Azkenak etxea utzi zuenean hasi ziren artisten etxea izango zen ideia gauzatzen. Hendaian bazen elkarte sortu berri bat, zientzialariak, artistak eta pedagogoak batzen zituena: Abbadiako Adixkideak. Ganix Grabieres elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta horrela gogoratzen du Nekatoenearen urteurrenaren haritik egindako liburuan: «Elkarte sortu berri bezain dinamikoa gogoetan ere aritu zen bere kabuz, eta hasia zen natura eta kultura horrenbeste batzen eta elkar elikatzen dituen leku honetan kultura zentro baten sorrera serioski proiektatzen».

Kontserbatorioaren argitalpen baterako eskaera egin zion Marval argitaletxeari, eta ekoizpen bat egin zuen Michel Semeniakok, Nekatoenean aterpetuta egon zen lehen artistak. Esperientzia hori baikorra izan zen, eta bultzada eman zion egoitza artistikoa bihurtzeko.

«Euskal Herrian lehendabizikoetarikoa izan zen, ez bazen lehena. Frantzian 1980ko hamarkadan hasi ziren egonaldien kontzeptuarekin; Hego Euskal Herrian ez zegoen horrelakorik», kontatu du Aintzane Lasartek; Nekatoeneako euskal literatura egonaldiak kudeatzen ditu, bai eta mugaz gaindiko egitasmoak ere.

Hasiera gogoangarria

Etxalde zaharra zen Nekatoenea, eta zaharberritzeari ekin zioten 1996 inguruan. Bi urte geroago, sormen egonaldiak antolatzen hasi ziren. Urte bakoitzean bi egonaldi eskaintzen hasi ziren, baina gerora lau hilabeteko egonaldi bakarra egitea erabaki zuten. Egonaldi horretako lehenean Asier Perez Gonzalez izan zen; ongi gogoan du Lasartek: «Elkarteko bazkide nintzen ni orduan, eta artista horrek egin zuen aurkezpenean egon nintzen. Izugarria izan zen. Merkataritza guneei buruzko fanzine baten modukoa egin zuen. Garai horretan, Txingudi sortu berria zen, eta hemengo hautetsiak zur eta lur geratu ziren». Ordutik, artista plastiko anitz pasatu dira bertatik, baina ez soilik diziplina horretako artistak; dantzariak, idazleak, musikariak, koreografoak eta beste ere izan dira sormen lanetan.

Bi apartamentu daude Nekatoenean, diziplina bereko edo desberdinetako bi artista aterpetzeko. Edo artista bat eta zientzialari bat. Bi etxebizitzak banatzen dituen ate bat dago tartean, gako batekin. Hala azaldu du Grabieresek: «Ostatu hartutako bi protagonisten proiektua komuna bada, haize korronteak saihesteko soilik ixten da atea. Proiektuak eta jardunak zeharo ezberdinak badira, aldiz, gakotu egiten da sarraila. Norberaren gogoaren arabera irekitzen ala ixten da».

Euskarazko gazte literaturaren egonaldiak gerora etorri ziren, 2011n, hain zuzen —tartean EIZIE Ingurumenaren aldeko Ekimen Zentro Iraunkorraren nazio ziurtagiria lortu zuen Nekatoeneak—. Fernando Morillo idazlea izan zen lehenengoa, eta, gerora, sei idazle izan dira, hala nola Yolanda Arrieta, Patxi Zubizarreta eta Amaia Hennebutte.

Aurten euskal idazleen egonaldiaren zortzigarren aldia izango da, azaroaren 5etik aurrera; Iñaki Martiarena Mattin sortzaileak hartuko du aterpe lau astez. Kamishibai ipuin bat idatzi eta marraztea du helburu, eta horretarako Nekatoenea inguruko elementuak erabiliko ditu —itsasoa, kaioak, sagastia...—. Nekatoenearen egonaldiak, baina, ez dira horretara mugatzen. Beste hainbat egiturarekin partaidetzan antolatzen dituzte egonaldiak 2010az geroztik, besteak beste.

Urte horiek guztiek eman duten eskarmentua lagun, aurrera begira jarrita daude. Lasarteren erronka ez da makala: «Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak lortu nahiko nituzke. Sustatu baino gehiago, lortu, zailtasunak baitaude. Kontziente naiz hemen txikiak garela, erakunde batzuentzat ez gaude nahiko urruti Frantzia izateko, baina Hegoaldekoak ere ez gara; beraz, ez gara ez batean ez bestean sartzen. Bi aldeen artean zubi berriak nola sortu ikusi behar da, baina baikor nago; badaude gauzak egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.