Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Historia ukatu

2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Canneseko zinemaldia larunbatean amaitu zen. Denetik eman digu, baina, batez ere, epaimahairen erabakiaren aurkako iritzi asko. Ruben Ostlund zinemagile suediarraren filmak Urrezko Palma irabazi izanak bertan egondako kazetarien haserrea piztu du. Kritikaren eta epaien iritzi desberdintasuna jaialdi askotan gertatu izan ohi da. Donostiako Zinemaldian ere horrelakoak askotan ikusi ditugu.

Filmen inguruko eztabaidez gain, gauza gehiago ekarri ditu Canneseko jaialdiak. Besteak beste, Rodrigo Sorogoyen zuzendariak emandako elkarrizketa batean utzitako testigantza. Sorogoyen bere azken lana aurkeztera joan zen Frantziako jaialdira. As bestas filma lehiaketatik kanpo zegoen eta lan horretarako Isabel Peñarekin batera egin du lan berriro. Aitortu behar dut bikote horrek egiten dituen lan guztiak asko gustatzen zaizkidala. Antidisturbios telesaila egin zutenean telebistarako proiektu gehiago izatea espero nuen.

Beraiek ere hala uste zuten. Movistar Plusekin beste telesail bat egiteko proiektuan hasi ziren eta urte bete erdiko lanaren ostean, kateak lan guztia bertan behera utzi du. Arrazoia politikoa da. Telesailak Espainiako Gerra Zibilaren ingurukoa izan behar zuen eta bat-batean Movistar Plusek ez du Gerra hori erakutsi nahi.

Peñak eta Sorogoyenek argi dute lan horrekin aurrera egingo dutela noizbait, baina harritzekoa da Movistar Plus kateak nolako aldaketa egin duen azken hilabeteetan. Abenduan Buenafuenteren Late Motiv saioa kendu zuten, eta hori baino lehenago, bertako kolaboratzaile batzuek beraien gidoietan zentsura salatu zuten. LateMotiv falta denetik, Movistar Pluseko komediazko saio berriek interes gutxi piztu didate. Broncanoren elkarrizketa txarrak alde batera utzi nituen aspaldi, eta Dani Rovira eta Arturo Gonzalez-Camposen Mi año favorito saioak ez dit atentzioa piztu. Aldaketa horrek ez dakit zein puntutaraino eragin duen audientzian eta harpidetzan.

Historia ukatzea oso zaila da eta Espainiako Gerra Zibilaren inguruko istorio bat isiltzeari nahiko larria deritzot. Peñak eta Sorogoyenek laguntza beharko dute proiektu hori aurrera eramateko, baina beraien jarduera ezagututa, ez dut dudarik lan hori pantaila txikian ikusteko aukera izango dugula. Ni, ikusteko irrikan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.