Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Markagailua agertokian

2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ohiko definizio eta sailkapenen arabera, zinema ez da kirola, kultura baizik, baina kultura kirola bezain neurgarri bihurtzen ari da aspaldidanik; eta arrakastara bideratutako eta, neurri gero eta handiagoan, arrakastak justifikatutako jarduera. Zinemaren eta ikus-entzunezkoen kasuan, Oscar sariak dira horren adierazle gorena, ezinbesteko erreferentzia baitira duten zabalkundearengatik eta eragin ekonomikoarengatik.

Atzoko berripaperetan, Oscar sarien aurtengo emaitzak irakur zitezkeen. Banakakoa honela geratu zen: Nomadland 3, The Father 2, Mank 2, Ma Rainey's Black Bottom 2, Judas and the Black Messiah 2, Soul 2, Sound of Metalk 2, Minari 1. Taldekakoa, berriz, honela: Netflix 7, Disney 5, Warner Bros 3. Faborito nagusiek ondo erantzun omen zuten, ezustekoren bat edo beste gorabehera.

Hurrengo ekitaldiko galan markagailu bat jarri beharko lukete agertokiaren atzealdean, eta akaso ez legoke soberan amaieran podium bat eta domina batzuk banatzea sari gehien eskuratutako plataforma eta ekoiztetxe nagusiei, hainbat kiroletan egiten den bezala. Olinpiar Jokoetan, kirolaren munduko ikuskizun global handienean, hain onarpen handia duen irudiak ez luke zertan harrera txarrik izan kulturaren munduko ikuskizun global handienean. Ezin da ukatu sari banaketako gala garai berrietara egokitu eta berritzeko modu bat izango litzatekeela.

Markagailuaren aipamenak gaztetako oroitzapen bat ekarri dit gogora, kuadrillako lagunak igandeetan, edo igande batzuetan behintzat, zinemara joaten hasi ginenekoa, Azpeitiko Zelaitxo antzokira. Orduan emanaldiek atseden bat izaten zuten, bost minutu ingurukoa, eta tarte horretan ikusleak komunera edo sarrerako hallera joaten ginen, ordu eta erdiz eserita egoteari nekagarri iritzita edo. Igande arratsaldea zenez, hau da, Espainiako futbol ligako partida ia guztien ordua garai hartan, hallean ezarritako arbel batean futbol emaitzak izaten ziren ikusgai, eskuz idatzita. Interes orokorrari erantzuteko modu bat zen.

Gauzak aldatu egin dira, beraz. Lehen kiroletako markagailuak edukitzen zituzten zinema aretoek ikusleak erakartzeko. Gaur egun, aldiz, beren markagailu propioak izan ditzakete zinema aretoek eta telebista plataformek ikusleen interes orokorrari erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.