Mikel Iriondo Orensanz.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Gure espeziearen mugak

2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Orain dela urte gutxi batzuk eboluzioan jarduten zuten zientzialari gehienek oso argi zuten: gure espeziea Afrikan sortu zen orain dela 200.000 urte inguru, eta Afrikatik atera ginenean Eurasian bizi ziren beste giza espezieak desagerrarazi genituen. Garai hartan, Eurasian, neanderthalak eta Homo erectus espezieak genituen beste batzuen artean, eta, zientzialarientzat, oso argi zegoen talde bakoitza, gu barne, espezie desberdinak zirela.

2010. urtean neanderthalen genoma sekuentziatu zutenean eta haiekin gurutzatu ginela frogatu zutenean, iritzia ez zen asko aldatu, genetikoki hurbil dauden espezie askoren artean nahasketa puntual gutxi batzuk eman ohi direlako. Hau da, hibridazioren bat behin gertatzeak ez ditu aldatzen espezieen arteko mugak. Baina azken urte hauetan datuak biltzen jarraitu dugu, eta, poliki-poliki, emaitzek beste egoera bat azaleratu dute. Egun, hamahiru neanderthalen genomak sekuentziatu ditugu, eta neanderthalekin hurbilki erlazionaturik dauden lau denisovarren genomak ere. Ez dira asko, ez, baina bakarrik horiekin dagoeneko frogatu dugu gu eta neanderthalak lau une desberdinetan gurutzatu ginela; gu eta denisovarrak behin gutxienez; gu eta oraindik identifikatu ez ditugun beste giza talde primitiboak birritan, eta neanderthalak denisovarrak birritan ere. Azkena, Slon eta lankideek Nature aldizkarian irailean argitaratu duten lana dugu, non ama neanderthala eta aita denisovarra zuen neskato baten genoma sekuentziatu duten. Ikertzaile horiek zorte ona izan dutela pentsa dezakegu, hedabideetan irakurri ahal izan dugun bezala, bi talde horien arteko alaba hibridoa aurkitu dutelako. Baina aurkitzaileek eduki duten zorte hori beste modu batean ere uler daiteke: horrelako hibridoak hain arraroak ez zirela pentsarazi diezaguke ere. Azken batean, 2010. urtean gure eta neanderthalen arteko lehen hibridazioa detektatu zutenetik, ia sekuentziatzen dugun genoma zahar bakoitzak nahasketa berri baten berri ematen digu eta.

Hori guztia dela eta, eztabaida piztu da. Gure antropozentrismoari jarraikiz, espezie desberdinak ginela pentsatzen jarraituko dugu, edo espezie bakar baten populazio desberdinak garela onartuko dugu? Eurasiako zenbait lekutako neanderthalen genomak sekuentziatu ditugu baina ezagutzen ditugun denisovar guztiak Siberiako kobazulo bakar batetik datoz. Zer ikusiko dugu beste lekuetako denisovarrak aztertzen ditugunean? Zer frogatuko dugu Asiako ekialdeko H. erectus edo H. floresiensis sekuentziatzea lortzen badugu? Hurrengoan, neanderthal baten berreraiketa museoren batean ikusten dugunean, hurbiltasun gehiagorekin begiratu beharko diogulakoan nago.

Filosofoak bi zaldikoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.