Gorka Azkune.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Robot hiltzaileak ala heroi berriak?

2018ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Adimen artifizialari buruz hitzaldi bat ematen dudan bakoitzean, entzuleren batek galdetzen dit robot hiltzaileei buruz, militarrek teknologia horiek nola erabil ditzaketen gizateriarekin amaitzeko ala Google eta Facebookek gu engainatzeko erabiltzen dituzten teknikei buruz. Ez dakit zinemaren eraginez den ala arriskuari diogun beldur naturalaren ondorioa den, baina beti adimen artifizialaren alde txarrari erreparatzen diogu.

Badakit oso zaila dela horrelako galderak egiten dituena kontrakoaz konbentzitzea, jada bere errezeloak oso sakonak baitira. Baina argi daukat zer erantzun behar dudan: adimen artifiziala teknologia oso boteretsua da eta gure esku dago nola erabili nahi dugun erabakitzea. Gaur badaude teknologia horien erabilera txarrak. Adibidez, orain dela gutxi argitaratu da Amazonek adimen artifiziala zerabilela langileak kontratatzeko garaian. Konturatu omen ziren beraien sistemak emakumeen aurkako joerak zituela, eta, beraz, sistema hori erabiltzeari utzi diote. Era horretako arazoak jada present daude gure egunerokoan. Askotan ezjakintasunaren ondorio dira; beste askotan, ordea, helburu zalantzagarriak dituzte.

Hala ere, nire ustez behintzat, askoz aplikazio onuragarri gehiago ditugu txarrak baino. Eta ekimen pilo bat daude martxan adimen artifiziala gizateriaren arazo handiak konpontzeko erabiltzeko. Handia baita haren boterea. Adibide gisa, National Geographic ezagunak jaurti duen ekimena ekar dezaket gaurkoan: AI for Earth (euskaraz: adimen artifiziala Lurrarentzat). Bertan, hainbat ikerketa proiektu jarri dira martxan, denak ere ingurumenaren mesedetan. Ez dezagun ahaztu ingurumenaren onura gizateriaren onura dela. Uste dut merezi duela proiektu horietako batzuen berri ematea.

Alde batetik, nekazaritza hobea eta jasangarriagoa lortzeko proiektu bat dago. Jada Indian eta Ameriketako Estatu Batuetan erabiltzen ari dira, jakiteko noiz den unerik onena produktuak landatzeko, esaterako. Horretarako, Dronen bidez lurren irudiak jasotzen dituzte. Adimen artifiziala oinarritzat duten sistemek, irudi horiek hartuta, lurraren egoera zehaztasun handiz estima dezakete (hezetasuna, elikagaiak eta abarrak). Nekazariek une oro beren lurren egoera ongi ezagutzeko tresnak dituzte, beraien uzta eta lana hobeto kudeatzeko aukera emanez.

Beste proiektuetariko batek desagertzeko arriskuan dauden animaliei laguntzea du helburu. Gaur egun, animalia horiek non dauden eta zer egiten duten jakiteko, zientzialariek satelite bidez hartutako milaka irudi aztertu behar izaten dituzte eskuz. Horretarako denbora piloa behar izaten dute, irudi gehienetan ez baitago behar duten informazioa, eta irudi interesgarrietan oso zaila baita animalia horiek behar bezala bereiztea. Beraz, adimen artifiziala erabiltzen hasi dira animalia horiek automatikoki bereizteko satelite bidezko irudietan. Horrela, askoz denbora gehiago dute zientzialariek animalia horien portaerak eta ohiturak aztertzeko. Modu horretara, animalia horiek babesteko estrategia onenak planifika daitezke. Proiektu honetan garatutako teknologiak legez kanpoko isileko ehiztariak harrapatzeko ere baliatu dituzte, arriskupean dauden animaliak hobeto babestuz.

Bi adibide baino ez dizkizuet ekarri. Milaka gehiago daude gure munduan. Beraz, oraindik fikzioa besterik ez diren robot hiltzaileez kezkatu ordez, pentsa dezagun nola erabil dezakegun hain boteretsua den tresna bat gure bizitza hobetzeko. Azken batean, gizartearen esku dago dena. Zientziak ezagutza eta teknologia dakarzkigu. Botere horiek nola erabili, ordea, geuk erabaki behar dugu. Botere harrigarriz armatutako superheroi berriak izan nahi al dugu? Eman ditzagun, orduan, eman beharreko pausoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.