Zientzia. ARGI ALDIAN

Frankenstein bizirik

Ana Galarraga - Elhuyar Zientzia

2018ko azaroak 23
Victor Frankensteinek bere kreaturarentzat bikotekidea sortu izan balu, 4.000 urteren buruan gizateria osoa galduta legoke. Hori ondorioztatu zuten ikertzaileek, ekologiaren eta eboluzioaren legeak aintzat hartuta.

Izan ere, Mary Shelleyk duela berrehun urte idatzitako liburuan garbi geratzen da munstroa pertsonak baino handiagoa, indartsuagoa, azkarragoa eta sentiberagoa dela. Eta gizakion baliabide berberak behar dituenez elikatzeko zein bizitzeko, bikotekidearekin izandako ondorengoek gu ordezkatzen amaituko lukete, elkarrezintasun lehiakorraren printzipioari jarraituta.

Mary Shelleyk arrisku hori aurreikusi zuen, eta, liburuan, Victor, munstroarentzat bikotekidea osatzen ari dela, damutu eta suntsitu egiten du, bizia eman aurretik. Horrez gain, bere kreaturaren ekintza kriminalak onartezinak zaizkiola eta, helburu bakar bat izango du: hura akabatzea, baita horren ordainetan bizia galdu behar badu ere.

Nobelan, munstroa baino lehen hiltzen da bere sortzailea, baina irakurleak badaki munstroak bere buruaz beste egingo duela, sentitzen dituen erruduntasuna eta bakardadea zama handiegia baitzaizkio.

Errealitatean, ordea, aldian behin berpiztu egiten da zientzialariek etikaren marra gorria zeharkatu ote duten kezka. Azken adibidea laborategian hazitako garun-organoideek eman dute.

Hain zuzen, giza zelula ametatik abiatuta, ehunka garun organoide sortu dituzte Kaliforniako Unibertsitatean. Aurretik ere egin izan dituzte horrelako esperimentuak, eta, iraunarazteko, giza zelulekin egindako garun txiki horiek saguei transplantatzera ere iritsi dira. Oraingoan, hamar hilabetez laborategian hazi ondoren, elektroentzefalogramaren bidez frogatu dute seinale elektrikoak sortzen dituztela; hain justu, giza enbrioien garunek sortzen dituzten seinaleen antzekoak.

Ikertzaileek zehaztu dute hazi dituzten organoideek ez dutela garun oso baten itxurarik, baina egitura konplexuagoak sortzeko asmoa dutela aurreratu dute. Helburua ere argitu dute: giza enbrioiaren garunaren garapena hobeto ezagutzea, eta autismoa, epilepsia eta halako gaitzak ikertzea.

Baina, hala eta guztiz ere, ohar hau egin du Garun Zientzien Allen Institutuko buruak: zenbat eta garun osoagoa egin, orduan eta arrisku handiagoa kontzientzia agertzeko. Eta orduan, zer?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna