Gorka Azkune.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Erromatarrak bezala

2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Orain dela pare bat mila urte Lurrean zen zibilizazio aurreratuena erromatarrena zen, ziur aski. Jaiotzean monarkia bat izan zen, baina laster bilakatu zen errepublika. Senatu bat zuten eta aginte postuak aldatzen joaten ziren denboran zehar. Errepublika ere erori zen, ordea, eta haserakoarekin zerikusi gutxi zuen «monarkia» berri batek ordezkatu zuen: Erromako Inperioa jaio zen. Erromako noblezia osatzen zuten patrizioek ez zuten lanik egiten. Politika eta gerrara bideratzen zuten beren denbora ia guztia. Baina hori posible izan zedin, esklaboak zituzten. Esklaboak izan ziren Erromaren motor garrantzitsuenetako bat, patrizioak eta soldaduak lan egitetik libratuz.

Norbaitek honezkero pentsatu du hilabete honetan nahiko galduta nabilela. Mutil honek ez al du, bada, adimen artifizialari eta teknologiari buruz idazten? Zer dela-eta orain erromatarrak? Bitxia badirudi ere, agian adimen artifizialaren, robotikaren eta automatizazioaren eskutik erromatarren antzeko gizarte batera itzul gaitezke etorkizunean. Zaila da horrelakorik ziurtatzea, noski, aurreikuspenak egitea beti baita oso konplexua, eta oso gutxitan asmatzen dugu. Dena dela, ziur entzun duzuela egunen batean robotek gure lana egingo dutela. Egia ote da hori?

Gaur egun, oraindik, teknologikoki oso urrun gaude guztiz automatizatutako mundu horretatik. Baina egia da, printzipioz, ez dagoela inongo lege fisikorik gizakiok egiten duguna egin dezaketen makinak debekatzen dituenik. Eta azken urteotan aurrerapen itzelak ikusi ditugu adimen artifizialaren eta robotikaren inguruan. Beraz, zergatik ez prestatu balizko mundu horretarako? Jendearen lehen erreakzioa negatiboa izaten da. Nire lana makina batek egiten badu, nola bizi behar naiz ni? Langabeziaren eraginak aski ezagunak ditugu eta logikoa den bezala, inork ez du nahi hori bere azalean pairatu.

Balizko eszenatoki berri honen eskutik, Silicon Valley ospetsuan hainbat adituk esan du jada errenta unibertsal batean pentsatzen hasi beharko garela. Hau da, pertsona izateagatik gure oinarrizko beharrak asebetetzeko dirua ziurtatuta eduki beharko genukeela, lan egin ala ez. Baina nondik atera behar dute dirutza hori? Krisian zehar askotan entzun behar izan dugu ez dagoela dirurik langabetuei ordaintzeko edo hezkuntza, osasuna eta bestelako hainbat zerbitzu mantentzeko. Oraingoan izango al dugu dirurik?

Ideia honen muinean makinen lana dago. Benetan lan guztiak automatizatzeko gai bagara etorkizunean, makinek sortuko dute aberastasuna. Beraiek egingo dute lan industrian, abeltzaintzan, nekazaritzan eta baita zerbitzuetan ere. Sukaldariak, taxi gidariak eta abar robotak izango dira. Baita zientzialariak ere! Zergatik ez? Orduan beraien lanak sortzen duen aberastasun hori guztia erabil daiteke pertsonek bizitza duin bat izan dezagun. Gakoa aberastasunaren birbanaketan egongo da. Baina gaur egun hainbeste kostatzen bazaigu jada dugun aberastasuna birbanatzea, zergatik izango gara ezberdinak etorkizunean? Ez dakit...

Dena dela, etorkizuneko balizko makina horiek orain dela bi mila urteko esklabo erromatarren funtzioa izango zuten. Agian horrela, gizakiok gure denbora beste gauza batzuetara birbideratu ahal izango dugu: literatura, arteak, zientzia, familia, kirola... Aisialdira, azken batean. Politika ere hor izango da aukeren artean, noski. Ezin dizuet esan etorkizunak hemen kontatu dizuedanaren antzik izango duen. Horrelako mundu idealetik urruntzen gaituzten milaka oztopo ikus ditzaket. Eta batez ere oraingo gure gizartetik mundu berri horretarako trantsizioak kezkatzen nau. Ziur aski, hasi gara trantsizio horrekin, askorik konturatu gabe. Nora goazen ongi jakin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.