Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Obuluak du azken hitza

2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Edozein espezietan, ondorengoak modu arrakastatsuan izateko ar eta emeek erakusten duten jarrera oso bestelakoa da. Arrek, zenbat eta eme gehiago estali, orduan eta aukera gehiago dituzte ondorengoak izateko. Emeen kasuan, berriz, arrakastaren gakoa ernalketari eskaini ahal dioten baliabideetan datza. Hori dela eta, oro har, animalien erreinuan, bikotekidea aukeratzeko prozesuan emeen jarrera selektiboagoa da.

Eme batek estaltzeko ar bat onartzeak ez du esan nahi, derrigor, ar hori kumeen aitatzat onartuko duenik. Emea gai da estali duten ar guztien ernaltzeko probabilitatean eragiteko. Adibidez, kalitate baxuko ar batek estaliz gero, emeak segituan eska diezaioke beste ar bati estaltzeko. Mekanismo fisiologiko konplexuak ere ezagutzen dira: ugaztunen kasuan, enbrioiaren ezarpena saihestu daiteke, jasotako esperma kanporatu, ez obulatu, eta abar. Koitoaren ostean emearen ugal aparatuan gauzatzen diren hautespen mekanismo ugari deskribatu dira animalietan; ez, ordea, gizakiotan.

Ikuspuntu tradizionalaren arabera, ugaztunen ernalketa prozesuan obuluek eta espermatozoideek hartzen dute parte; hala ere, partaidetza aktiboa daukaten bakarrak espermatozoideak dira. Horiek dira emeen ugal aparatuan sartu bezain laster ziztu bizian abiatzen direnak. Hain da lasterketa neketsua, ezen milioika espermatozoidetik soilik ehunka gutxi batzuk heltzen diren helmugara.

Dakigunez, guztietan gaituena izaten da obuluan sartu eta bizitzaren sorrera ahalbidetzen duen mekanismoa pizten duena. Beraz, urteetan gorpuzten joan den kontaketak dioenez, obulua, besterik gabe, espermatozoidea noiz helduko zain egoten da. Obulua ernaltzeko edozein espermatozoide baliagarria izango balitz bezala. Bada, Stockholmgo unibertsitatean garatutako ikerketa batek erakutsi berri du gizakiongan hori ez dela horrela.

Giza obuluek folikulu likidoa jariatzen dute, espermatozoideak erakartzen dituen nahasketa kimikoa. Aipatutako ikerlanak erakutsi du jariakin horrek erantzun ezberdinak sorrarazten dituela gizon ezberdinen espermatozoideetan; folikulu likido berak espermatozoide batzuen abiadura emendatu dezake, eta beste batzuena moteldu. Izan ere, giza obuluek kalitate altukoak edo genetikoki bateragarriak diren espermatozoideak erakartzen dituzte. Eta espermatozoide horiek ez dute zertan bikotekidearenak izan.

Badirudi bi pertsonaren arteko bateragarritasun genetikoa histokonpatibilitateko konplexu nagusiaren (MHC) mendekoa dela. MHC geneak infekzioen zein gaitzen kontrako lehian aritzen dira, eta gure immunitate sistemaren funtzionamendu zuzena ahalbidetzen dute. Labur esanda, zenbat eta MHC ezberdin gehiago izan, orduan eta aukera gehiago askotariko gaitzei modu eraginkorrean erantzuteko. Hori horrela izanik, printzipioz, zure eta zure bikotekidearen arteko osaketa genetikoa apur bat ezberdina bada, ondorengoak bizirauteko aukera gehiago izango du, gaixotasun sorta handiagoari aurre egiteko gai izango baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.