Agus Perez.
IRITZIA

Erein, erein, erein!

2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Hamar urte bete ditu aurten Errenteriako Mikelazulo elkarteak antolatzen duen Eztena jaialdiak. Lerrook idazterakoan, informazio bila hasi eta harrituta utzi nau gaurko euskal kulturarako hain erreferentziala den elkarteaz hain informazio gutxi topatu izanak. Dena dela, askotan nik nahiago ditut argibide gutxi baina onak ugariak eta txarrak baino, eta Wikipediako testu laburrak nahikoa esan dit elkartearen izaeraz jabetzeko. Horra hor kulturaz duten ikuspegia: «Iraganarekin lotua baina ez menpeko, eta geroa hipotekarik gabe eta ezarpenik gabe lantzen duen kultura nahi dugu. Sormenaren emaitza den kultura eta horregatik konplexurik gabe irekia eta besteengandik edateko egarriz, baina ez kulturaren monopolioen bozgorailu miserablea izateko. Eta gure herriko jendeak sorturiko bezainbat, gure herria sortzen duen kultura nahi dugu».

Esanguratsua da, benetan, zein leku gutxi betetzen duen kulturaren irudi ofizialean esandako printzipioen alde hain sendo, hain argi, hain iraunkor jardun duen Mikelazuloren paradigmak. Arte plastikoak, musika, zinema, literatura, liburuak sortzea, eztabaida-guneak proposatzea... Horiexek dira elkartearen interesgune nabarmenak, eta horiekin batera sareak eratzea, borondatez, umore ona nagusi, dena ahalegin antolatu eta buruargiaren ondorio. Seguruenik, Eztena da kanpora begira oihartzun handiena lortu duen ekimena, arte eszenikoak direlako hango kideek konpartitzen duten kezka nagusietariko bat. Gogora ditzagun Mikelazuloren muinean edo haren inguruan dabiltzan talde sortzaile batzuk, hala nola Metrokoadroka, Dejabu Panpin Laborategia, J. B. Pedradas, Ttak Teatroa, Rouge Elea, Anakrusa. Haiek eta beste asko —Legaleon T, Artedrama, Abarka, Itziar Rekalde, Miren Gaztañaga, Anodino teatroa, Las XL, Jour de fete, Karrika, Alex Tello, Xentimorik gabe, Las dos D / Bi D-ak abeslari kubatar euskalduna...— igaro dira jaialditik hamar urte hauetan.

Ikusten denez, Eztenak babes berezia eman die programatuak izateko zailtasunak dituzten antzerki, zirku eta dantza proposamenei, antolatzaileek arriskua maite dutelako eta kultur eredu ezarria ezbaian jartzea beren filosofiaren erdian dagoelako. Era berean, benetako dramaturgia berriek —ez aspaldion modan jarri diren plastikozkoek— zentraltasuna hartu dute urte bakoitzeko programazioan, betiere ikusleria aktiboaren bilaketa intentsiboan. Bestetik, esan beharra dago Mikelazuloz gain, kaleak, plazak, tabernak eta Niessen aretoa baliatu direla hamar urte hauetan, arte eszenikoak herriaren biziaren parte bihurtu nahi horretan.

Baina, larunbateko BERRIAn Ainara Gurrutxagak aitortzen zuenez, «Denok ikaragarri maite dugu egiten duguna, baina egungo errealitateak eskatzen digu aldi berean beste proiektu askotan lan egitea, eta horrek nekea sortzen digu». Neke ulergarri horretatik sortu da aurtengo edizioa inflexio puntu bat izatea eta ohiko programaziorik ez aurkeztea. Horren ordez, orain arteko hamar urteak ospatzeko gala prestatu dute Niessen aretoan, eta artistak alboko plazatik etorri dira, alfonbra gorria zapaltzen, alboetako baranda-langetan eztena-kideek autografoak eta selfie-ak eskatzen zizkietela. Harrigarria egin zait galako gonbidatu guztiak automobil beretik irten izana, baina hori dakar euskal antzerkia eta nazioarteko zinema maila berean ez egoteak.

Behin areto barruan, oso une polita sortu da ikusleak sartu direnean, artista sarituen txalo beroak jaso dituztelako besaulkietarako bidean. Zer izango ote ziren, bada, arte eszenikoak ikuslerik ezean? Galaren garapen bera benetan umoretsua eta jatorra izan da: Idoia Beratarbidek gidatu du jantzien eta emanaldiaren estetika, Muskulo musika-taldeak giro polita sortu du, bideo-proiekzio irudimentsuek eta aldian-aldiko interbentzio antzeztuek —Urko Redondo eta Ainhoa Alberdi— ukitu absurdua eman diote ekitaldiari, Ainara Gurrutxaga, Iraia Elias eta Oier Guillan aurkezle lanetan ibili dira saritu bakoitzaren merituak aletzen eta enegarren eskuko kopak banatzen, eta eszenako beste aldean Jabi Barandiaran egon da, orain Marcel Marceau orain orkestra zuzendari, orain galtzontzilotan orain legionario jantzita, baina beti kontrapuntu samur bezain aberasgarria sortzen.

Momentuz ez dakigu Eztenaren 11. ediziorik izango ote den, baina antolatzaileek argi daukate metamorfosi baten atarian daudela. Horren adibide dugu aurten Eztena-liburuak delako ekimena abian jarri izana. Edizio lanetan lagundu dienaren txanda ailegatu denean Jose Martin Urrutia Txotxe-ren adibidea hartu eta, konfetia lurretik sakabanatuz, zera atera zaio barrenetik: «Erein, erein, erein: zer edo zer aterako da eta!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.