Maixa Zugasti eta Asier Serrano dira aurtengo Irun Hiria saridunak

Indarkeria matxista du ardatz Zugastiren 'L.A.A.' nobelak. 'Denen mina da nirea' poesia lanean, emakumeei ahotsa ematen saiatu da Serrano
Asier Serranok duela bi urte ere irabazi zuen poesia arloko Kutxa Irun Hiria saria.
Asier Serranok duela bi urte ere irabazi zuen poesia arloko Kutxa Irun Hiria saria. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2017ko irailak 24
Maixa Zugasti Muñoak (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) eta Asier Serrano Lasak (Eibar, Gipuzkoa, 1975) irabazi dute Kutxa Irun Hiria saria euskarazko eleberri eta poesia ataletan, hurrenez hurren. Zugastik, L.A.A. nobelarekin. «Ez da lehen aldia sariketa honetara aurkezten naizena; beste nobela batekin aurkeztua nintzen». Bigarrenarekin eskuratu ditu sariaren 25.000 euroak. «Emakumeen kontrako tratu txarren ingurukoa da nobela. Benetako istorio bat izan dut idazteko abiapuntua, baina dena fikzioa da». Benetako istorioaren abiapuntua telefono dei bat izan zen. Emakume batek hots egin zion behin Zugastiri, laguntza eske. «Ertzantzarengana eta mediku etxera lagundu nion, eta marka handia utzi zidan barruan». Marka horren arrastoa, «aurpegi baten deskribapena izan ezik», fikzio hutsez agertu du idazleak, eta Donostian kokatu du narrazioa.

«Oso hunkituta» agertu da saria irabazi izanarekin, Felipe Juaristi, Jon Martin Etxebeste, Jon Kortazar, Marijo Olaziregi eta Arantxa Urretabizkaiaren epaiaren berri jakin berritan. «Literatura irakaslea naiz Hernaniko ikastetxe batean, eta bizitza osoan aritu izan naiz idazten. Sari hau luxu bat da niretzat». Ez du sekula argitara eman bere idazlanik, izan ere, eta saria editorialen arreta eskuratzeko «laguntza» izan daitekeelakoan dago. «Ezezaguna zarenean, izan ere, zaila gerta daiteke haienganainoko bidea».

Bigarren aldiz jarraian

Bi urtean behin ematen da Irun Hiria saria, eta euskarazko poesia atalean duela bi urte irabazi zuen idazle berak irabazi du aurtengoa: Asier Serranok, Denen mina da nirea poesia bildumarekin. «Bizitzan zehar alboan izan ditudan emakumeekiko enpatia erakusteko ahalegin bat da bilduma hau, gizon edo bikotekide moduan izan ditudan akats guztien erantzukizuna onartuz», adierazi dio BERRIAri Serranok. Alde horretatik, lan «zintzoa» dela nabarmendu du, nahiz eta «tranpa» moduko bat ere baduen, emakume baten ahotsetik idazten saiatu delako. Aurreko lanen jarraipena da Iñaki Aldekoa, Lourdes Otaegi eta Itxaro Borda epaimahaikideek saritu berri diotena, erantsi duenez.

Euskarazko hemezortzi eleberri aurkeztu dituzte aurten Kutxa Irun Hiria sariketara, aurreko edizioan baino sei gehiago. Poesia sailean, berriz, hamasei lan aurkeztu dituzte.

Erdarazko atalean, 228 eleberri eta 186 olerki bilduma aurkeztu dituzte lehiaketara. Blanca Bettschen Caparen (Madril, 1971) Juegos de lógica-k irabazi du eleberri ataleko saria, eta Ramon Fernandez Reboirasen (Tallos, Galizia, 1961) Providencia de apremio-k olerkikoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna