Macron, gehiengo bila

Alderdi nagusiak lehertu dira, eta hautagai andana aurkeztuko da legebiltzarrerako hauteskundeetan. Kohabitaziora behartu nahi dute Macron
Emmanuel Macron, Frantziako presidentea.
Emmanuel Macron, Frantziako presidentea. CLAUDIO ONORATI/ EFE

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko ekainak 2
Frantziako mapa politikoa erabat iraul lezakete heldu den ekainaren 11n eta 18an izanen diren legebiltzarrerako hauteskundeek. 577 diputatuak hautatzeko lehia estua izanen dela iragar daiteke, eta, nehoiz baino gehiago, Frantzia mailako erronkek baldintzatuko dituzte hautesleen erabakiak. Ipar Euskal Herrian hiru hautesbarruti izanen dira: Pirinio Atlantikoetako laugarren, bosgarren eta seigarrena.

Hau da galdera nagusia: Emmanuel Macron presidenteak legebiltzarrean gehiengo bat osatzea lortuko du, ala kohabitazio bat martxan jartzera behartua izanen da? Presidentetzako hauteskundeek joko mahai politikoa irauli dute, eta i ndar politiko nagusiak lehertu dira. Ezkerrean eta eskuinean barreatze handia dago, eta hautagai andana aurkeztuko da hautesbarruti bakoitzean —batez bestean hamalau hautesbarruti bakoitzean; 2012an, 11 hautagai zeuden batez bestean—.

Ezkerrean, hegemonia lortu nahi du Jean Luc Melenchon Frantzia Insumisoko buruak. Espainiako Podemosen ereduari jarraikiz, herritar mugimendu zabal bat osatu zuen hauteskundeetarako plataforma gisa, eta, bigarren itzulira pasatzea lortu ez bazuen ere, ezker erradikalak Frantzian aspaldi lortu dituen emaitzarik onenak eskuratu ditu (%19,6). Parean, PS alderdia amildegitik behera erori da, aspaldiko emaitzarik apalenak lortuta (%6,36). Legebiltzarrerako ezkerreko indarren biltze bat espero zuten anitzek, baina, batasunera deitu eta besoak zabaldu ordez, mugimendua indartzeko apustua egin du Melenchonek, ia hautesbarruti bakoitzean hautagai bat aurkeztuta. «Zazpi milioi pertsonak babestu du gure programa; ezin gara aritu mahai izkinako aliantzak egiten», adierazi zuen kanpaina hasieran. PCF alderdi komunistaren haserrea eragin du horrek, eta presidentetzarako Melenchon sustengatu zuen alderdiak ere hautagaiak jarri ditu FIren parean. Egoera surrealista sortu du zenbait lekutan, hitzez hitz programa politiko bera defendatzen duten bi hautagai izanen direlako parez pare. Melenchon bera Marseillan aurkeztuko da, PSko alde ezkertiarreko Patrick Menuciren aurrean. Argia da FIren estrategia: ahalik eta diputatu gehien lortzea kohabitazio bat bultzatu eta Melenchon lehen ministro izatera eramateko, baina haserre handia eragin du gainerako ezkerreko indarretan. Bigarren itzulira pasatu ahal izateko, hauteskunde zerrendan izena emandakoen %12,5en babesa lortu behar da —abstentzioaren arabera, sufragioaren %20 inguru izan ohi da—; indarren barreatzea hainbestekoa izanik, gerta liteke uste baino ezkerreko hautagai gutxiagok gainditzea langa hori.

Galbidean dago ezkerra, eta badirudi Emmanuel Macron bera ere ondorio horretara iritsi dela, gobernuko postu gakoetan LR-ko figurak jarrita —Edouard Philippe lehen ministroa, Bruno Le Maire Ekonomia ministroa eta Gerald Darmanin Kontu Publikoen ministroa—, eskuina kordokaraztea izan baita haren estrategia. Le Mairen esku izanen da gobernuaren politika ekonomikoa finkatzea, eta Macronen gobernuak berehala egin nahi dituen erreformen aldekoa da eskuina —lan lege berria eta bizi politikoaren moralizazioa—. Gobernuan sartu diren LR-ko kideak alderditik baztertu badituzte ere, baldintza horietan, zaila da oposizioaren etiketarekin aurkeztea. Horrez gain, UDI eta LR-ko 173 hautetsik babestu duten idatzi batean, Macronen gobernuari eskua luzatzeko deia egin diete zentroari eta eskuinari: «Gure begien aurrean gertatzen ari den aldaketa politikoari neurria hartu behar diogu».

Vallsen hautua

PS alderdian ere badira hautagai bat baino gehiago Emmanuel Macroni babesa emateko asmoa erakutsi dutenak. Horien artean da Manuel Valls lehen ministro ohia. La Republique en Marche etiketapean aurkeztu nahi izan zuen, baina Macronen mugimenduak ez zion inbestidurarik eman, eta, PSn, kanporatzeko prozedura bat abiatu zuten haren kontra. Azkenean, baina, ez LREMek, ez PSek ez dute aurkeztu haren kontra aurkaririk. Benoit Hamon PSko presidentetza hauteskundeetako hautagaiak, Vallsen aurrean aurkeztu den hautagai komunistari eman dio babesa. Azken inkesten arabera, bigarren itzulian FIko hautagaiarekin parekatua litzateke Valls. Legebiltzarreko hauteskundeetan galtzea kolpe gogorra litzateke bere ibilbide politikoan.

Fronte Nazionala ere tentsio egoeran dago. Aurpegia zuritzeko estrategiak ez du emaitzarik eman azken bi presidentetza hauteskundeetan —2012an ez ziren bigarren itzulira iritsi, eta, aurten, Macronen aurka galdu dute—. Horrek azken urteetan erabakitako ildo politikoaren kontrako kritikak ekarri ditu barnean. Marion Marechal Le Pen (Jean Marie Le Penen iloba) buru duen sektoreak, «ez ezkerreko, ez eskuineko» ildoaren aurrean, argiki eskuinean kokatuko litzatekeen alderdi liberal-kontserbadore bat hobesten du. Mediaparten arabera, barne eztabaida bizi-bizia da. «Melenchonentzat hartzen gaituzte», adierazi luke eskuin muturreko alderdiko arduradun batek. 2017ko udazkenean egin beharra dute kongresua, baina, legebiltzarreko emaitzen arabera, alderdiaren leherketa bat ere gertatu liteke.

Giro politiko nahasi horrek kasik ezinezko bihurtu du irudikatzea nolakoa izanen den legebiltzarra. Eta asanblea berriak gobernu berria ere ekar lezake.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna